Pandemiak behartutako geldialdiaren ondoren, hemen da berriro Amets Bat. Real Sociedad Fundazioak antolatutako jarduera hau 2006an hasi zen eta dagoeneko hamaseigarren edizioa du.
Oraindik dauden mugak direla eta, jarduera-programa aldatu egin da aurreko urteekin alderatuta. Ikasturte honetatik aurrera, ekimenean parte hartzen duten Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek bertatik bertara ezagutuko dute Reale Arena eta estadioko txoko guztietara bisita egingo dute. Ondoren, Antonio Elorza Belodromoan edo Paco Yoldi Kiroldegian ariketa fisikoa egiteko txanda izango da, bazkaldu ondoren Aquariumera edo Eureka Zientzia Museora hurbiltzeko.
Jarduera bihar hasiko da Salbatore Mitxelenako (Zarautz) eta Zaragueta Herri Eskolako (Orio) ikasleen bisitarekin. Ostegunean Donostiako Intxaurrondo Ikastola eta Mundaiz Ikastetxearen txanda izango da. Ostiralean Errenteriako Telleri Alde eta Errezilgo San Martin Herri Eskola etorriko dira, eta urriko bisitak ixteko, datorren asteartean Ordiziako Jakintza Ikastolako haurrek egingo digute bisita.