Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!
Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.
Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!
*Argazkiak: Real Sociedad, Jaunsar, A.Alonso, Fototeca Kutxa
Futbola edo foot-balla XX. mendearen hasieran iritsi zen Gipuzkoara. Ingalaterratik etorri zen, herrialde hartan ikasten edo lanean ari ziren gazteen eskutik. Donostian jokatu zen lehenengo futbol partidaren aipamena 1902koa da. Hala ere, garai horretarako Gipuzkoako beste herri batzuetara ere iritsia zen futbola, esate baterako, Iruna. Dena dela, Donostiako lehenengo kluba San Sebastian Recreation Club izan zen (1903), edo hala egiaztatu da, behintzat. Baina hura ez zen hirian zegoen klub bakarra, beste batzuk ere baziren Vasconia, Esperanza, Fortuna Old Boys… San Sebastian Recreation Cluben koloreak, hasieran, berdea eta horia ziren, baina 1908ko martxoan jantzi berriak estreinatu zituzten (alkandora zuria, SS letra urdinak eta galtza urdinak
Lehenengo urte haietan donostiarrek oso emaitza onak izan zituzten, baina ezin zuten txapelketa ofizialetan parte hartu, ez baitzeuden Erregistro Zibilean izena emanda. 1909ko Espainiako Txapelketan parte hartzeko Club Ciclista izena hartu zuten, talde hark legezko baldintzak betetzen baitzituen. Eta Club Ciclista izenarekin lortu zen, hain zuzen ere, historiako lehenengo titulua, Espanyol de Madrid taldeari 3 eta 1 irabazita. Final hartan aritu ziren jokalari donostiarrak honako hauek izan ziren: Bea, A. Sena, Arocena, Arrillaga, Echeverria, Rodriguez, M. Sena, Lacort, McGuinness, Simmons eta Bireben. McGuinnessek bi gol sartu zituen Club Ciclistaren alde eta Simmonsek bat Madrilgo taldearen alde.
Kopako titulua lortu ondoren, Club Ciclistako jokalariek klub hartatik irten eta Futbol Elkarte gisa antolatzea erabakitzen dute. Erakunde berria 1909ko irailaren 7an jaio zen ofizialki, Adolfo Saenz Alonso zela presidente. Handik hilabete batzuetara, 1910eko otsailaren 11n hain zuzen ere, Alfontso XIII.ak erakunde berriari Errege titulua ematen dio, eta horrela sortzen da Real Sociedad.
Elkarte berriak 1910. urteko Kopa Txapelketan lortu zuen lehenengo arrakasta, baina ezin izan zuen bere izen ofizialarekin parte hartu ez baitzuen behar adinako antzinatasunik, eta berriz ere beste erakunde baten izena hartzea erabaki zen, ordukoan Vasconia Sporting Club izena. Bien bitartean Espainiako futbolaren barruan zatiketa izan zen, eta ondorioz, bi txapelketa jokatu ziren; Vasconiak Donostian egin zen Union de Clubes txapelketan parte hartu zuen. Aurreko fasean Irungo Racing taldea garaitu ondoren, hiruko bat jokatu zuen Athleticarekin eta Madrid taldeekin batera. Bilbotarrak izan ziren nagusi; donostiarren kontra 1 eta 0 eta madrildarren kontra 2 eta 0 irabazi zuten. Realak 2 eta 0 irabazi zion Real Madridi, eta ondorioz, txapeldunorde gelditu zen. Hurrengo gertaera gogoangarria 1913ko Kopako Txapelketarekin iritsi zen. 1910. urtean gertatu zen bezalaxe, 1913an ere bereizketa egon zen Espainiako Federazioaren barruan eta Reala bihurrien taldean sartu zen berriz ere, Union de Clubes txapelketaren barruan hain zuzen ere. Aurreko aldian Realak Irungo Sporting taldea kanporatu zuen eta finalean Barcelona taldearen kontra aritu zen Bartzelonan. Partida hura 1913ko martxoaren 23an jokatu zen eta 2nako berdinketarekin amaitu zen. Berdinketa hausteko beste partida bat jokatu zen hurrengo egunean, eta berriz ere berdinketa izan zen (0-0). Azkenik, martxoaren 23ko partidan hautsi zen berdinketa; Reala aurretik jarri zen hasieran, Alfonso Senak penaltiz sartutako gol bati esker, baina Barcelonak berehala hartu zion aurrea Rodriguezen bi goli esker. Hala, Barcelonak irabazi zuen Txapelketa.
1913ko urriaren 5a garrantzizko data da Realaren historian, egun horretan inauguratu baitzen Atotxa. Atotxa izan zen 80 urtean, hainbat berrikuntza lan tarteko, Realaren zelaia. Inaugurazioko partidan Reala eta Athletic de Bilbao aritu ziren aurrez aurre. Realaren taldea honako jokalari hauek osatzen zuten: Eizaguirre, Berraondo, Mariano Arrate, Leturia, Echeverria, Machimbarrena, M. Elosegui, Alfonso Sena, S. Elosegui, Sydler eta J. Minondo. Eta Athleticen taldea, berriz, beste hauek: Ibarreche, Solaun, Hurtado, Eguia, J.Mª Belauste, Iceta, Pinillos, Kortadi, Zuazo, Pichichi eta R. Belauste. Atotxaren historiako lehenengo gola Pichichik sartu zuen, eta partida 3nako berdinketarekin amaitu zen. Realaren golak Sydler-ek (bi gol) eta Saturnino Eloseguik sartu zituzten, eta Athleticenak, berriz, Pichichik (bi) eta Zuzok.
Mende hasierako futbolaren historia gorabeherez, federazio barruko bereizketez, txapelketa bikoitzez eta abarrez josita dago, eta Realari dagokionez, historia hori lehiakortasun bikoitzak osatua da, alde batetik, Athletic-en kontrako lehiak, eta bestetik, Irungo taldeen kontrakoak, Racing de Irun taldearen kontrak, bereziki. Irundarren kontrako lehiakortasuna 1915ean leundu zen Racing eta Sporting taldeek elkartu eta Real Union osatu zutelarik. Bestalde, Realak eta Gipuzkoako beste klubek Athleticen kontra duten lehiakortasun horren ondorioz, 1918ko apirilaren 25ean Gipuzkoako Federazioa sortu zen. Federazioko presidentea Salvador Diaz Iraola, Benito Diazen anaia (gure historiako ikur izan den pertsonaia), izan zen. Gipuzkoako Federazioaren sorrerarekin amaitu zen ordu arteko lehiakortasuna. Lehia horren ondorioz, esate baterako, Realak ez zuen 1914-15 eta 1916-17 denboraldietako txapelketa ofizialetan parte hartu.
Realak eta Real Unionek oso borroka polita eta zuzena izan zuten Gipuzkoako futbolaren barruan nagusitasuna lortzeko. Borrokaren lehenengo urteak Irungo taldearen aldekoak izan ziren, baina 1922-23 denboraldian bi taldeak aurrez aurre jarri ziren bira bikoitzean; bakoitzak garaipen bat eta bi berdinketa lortu zituen. Berdintasuna haustea ezinbestekoa zen, eta 1923ko martxoaren 18an bi taldeak San Mames zelaian arituko ziren lehian. Realak jokalari nagusietako bat, Mariano Arrate alegia, falta zuen, baina 2 eta 1 irabazi zuen. Realaren bi golak Eduardo Arbidek sartu zituen eta horrela lortu zuen Realak Gipuzkoako Txapelketa. 1924-15, 1926-27 eta 1928-29 denboraldietan ere bere esku izan zuen Realak Gipuzkoako txapela. Gipuzkoako lehenengo bi taldeen arteko partidek ikusmira handia eragiten zuten eta kartsutasun handiz bizi izaten ziren bai Irunen bai Donostian.
Garai hartan oso partida ofizial gutxi jokatzen ziren, eta hori dela-eta, lagunarteko partidekin osatzen zuten taldeek beren denboraldia. Partida horietako asko atzerriko taldeekin jokatzen ziren. Hala, urte horietan Atotxan ikusi ahal izan ziren talde frantsesak (Olympique Paris, Cette, Vie au Grand Air, Racing Paris...), belgikarrak (Union St. Gilloise, Racing Bruselas), portugaldarrak (Lisboako Casa), suitzarrak (Cabtonnal Neuchatel), austriarrak (Rapid Viena), alemaniarrak (Essener Turnebund, Nuremberg), holandarrak (Breda, Maestrichsche Vietbal), italiarrak (Sampierdarenese), hungariarrak (MTK, Ferencvaros), Uruguaiko selekzioa, etab. Baina, jakin-min handiena ingeles klub profesionalen bisitaldiek sortzen zuten, hala nola, Birmingham eta Newcastle taldeenek. Essener Turnebund alemaniar taldearen bisitak jokalari hungariar bat ekarri zuen Donostiara, Lippo Hertzka; 1923an Realeko lehenengo entrenatzaile profesionala izan zen jokalari hura. Hertzkak Europako Erdialdeko futbolarekin zuen harremanari esker, 1924. urteko udan Reala Austrian, Hungarian, Alemanian… barrena ibili zen lehenengo kluba izan zen. Bira hori bera egin zuen hurrengo urtean ere. Baina Realeko jokalariek nazioartean izan zuten proiekzioa ez zen horretan gelditu. 1922an, Realeko zortzi jokalarik (Agustin Eizaguirre, Amador eta Mariano Arrate, Antxon Arrillaga, Celestino Olaizola, “Tato” Martinez, Eduardo Arbide eta Juan Artola) bira egin zuten Hego Ameriketan Euskal Selekzioarekin batera. Bestalde, Realeko jokalariak sarritan aritzen ziren urte haietan Espainiako Selekzioan, eta Anberesko eta Amsterdamgo olinpiadetan ere parte hartu zuten.
1927-28 denboraldia Realaren historiako une gogoangarrienetako batekin amaitu zen: Santanderren F.C. Barcelonaren kontra jokatu zen Kopako final hirukoitza. Realak bigarren lekuan amaitu zuen Gipuzkoako Txapelketa, Real Unionen atzetik. Beraz, Espainiako Txapelketan parte hartzea lortu zuen. Lehenbizi, ligaxka bat egin zen Gipuzkoako, Aragoiko eta Kataluniako txapeldun eta txapeldunordeen artean, hau da, Real Union, Reala, Iberia eta Patria de Zaragoza, eta F.C. Barcelona eta Bartzelonako Europa. Final laurdenetarako F.C. Barcelona eta Reala sailkatu ziren. Finalera iritsi aurretik, final laurdenetan, donostiarrek Celta kanporatu zuten eta finalerdietan, berriz, Valentzia taldea. Finala maiatzaren 20an jokatu zen, El Sardinero zelaian, eta berdinketarekin amaitu zen, 1 eta 1. Mariscal eta Samitier izan ziren golegileak. Partida hark oso borroka bitxia sortu zuen futbolaz kanpo. Lehian ari zirela, Bartzelonako atezainak, Plattkokek, min hartu zuen eta gertaera hura inspirazio iturri hartuta Rafael Alberti poetak “Oda a Plattko” idatzi zuen. Baina beste poeta batek, Rafael Celaya donostiarrak, “kontraerasoa egin” eta beste oda bat idatzi zuen. Celayak zioen Realak irabazi ez izanaren arduraduna ez zela Plattko, arbitroen lan eskasa baizik. Handik bi egunera berriro jokatu zuten partida, eta ordukoan ere berdinketa izan zen emaitza. Kirikik eta Pierak gol bana sartu zituzten. Hirugarren finala ekainaren 29ra atzeratu zen, Amsterdamgo Joko Olinpikoak ospatu behar zirelako tartean eta Realeko zortzi jokalarik parte hartu behar zutelako selekzioarekin; Bartzelonako jokalaririk, ordea, ez zen olinpiada haietan, profesionalak baitziren ordurako. Olinpiaden ondoko nekeak eragin handia izan zuen Realeko jokalariengan eta katalanek 3 eta 1 irabazi zieten. Jardunaldi hartako golegileak Txomin Zaldua, Samitier, Arocha eta Sastre izan ziren.
1920ko hamarraldiaren amaieran asko hazi zen futbola, herrialdeko txapelketek ez zituzten zaleen eskaerak asetzen, eta ezta kluben behar ekonomikoak ere. Klubetan profesionalizazioa nagusitzen ari zen, eta, horren ondorioz, behar ekonomikoak ere handiagoak ziren; beraz, ezinbestekoa zen futbol txapelketak goitik behera birmoldatzea. Ingalaterrako Liga hartu zuten eredu, baina eredu hori Espainian ezartzea ez zen erraza izan. “Minimalisten”, alegia txapelketa mugatu baten aldekoen, eta “maximalisten”, txapelketa irekiagoaren aldekoen, arteko eztabaidek atzeratu egin zuten Liga Txapelketaren hasiera. Minimalisten iritziz, F.C. Barcelona buru zela, Kopako txapeldun izandako taldeek bakarrik parte har zezaketen Lehen Mailan, hau da, F.C. Barcelona, Real Madrid, Real Union, Athletic, Arenas eta Realak (onartu egin zitzaion Club Ciclista izenarekin lortutako titulua). Maximalistek, berriz, Kopako txapeldunordeak ere sartu nahi zituzten Txapelketan, eta baita herrialdeetako talde nagusiak ere. Ez ziren ados jarri, eta, ondorioz, 1927-28 denboraldian bi txapelketa antolatu ziren. Hala ere, ez bata ez bestea ez ziren amaitu. Realak klub minimalistekin jokatu zuen Txapeldunen Torneoa. Baina azkenean lortu zen hitzarmena eta 1928ko otsailean erabaki zen hamar taldek parte hartuko zutela Ligako Txapelketako Lehen Mailan: Kopako sei txapeldunek, hiru txapeldunordeek (Bartzelonako Europa, Atletico Madrid eta Bartzelonako Español) eta kluben arteko txapelketa bateko irabazleak, Racing Santander denboraldi hartan. Hamar talde horiekin hasi zen 1928-29 denboraldian Ligaren historia. Realaren debuta 1929ko otsailaren 10ean izan zen, Atotxan, Athleticen kontrako derbian. Realekoen lehenengo jokalarien zerrenda honako hau izan zen: Izaguirre, Ilundain, Galdos, Amadeo, Martin Marculeta, Trino, Kiriki, Mariscal, Cholin, Paco Bienzobas eta Yurrita. Partida banako berdinketarekin amaitu zuten. Reala aurreratu zen Paco Bienzobasek 43. minutuan sartu zuen golarekin, baina handik minutu batera Bergarechek Athleticen aldeko gola sartu zuen eta berdinketarekin amaitu zen partida. Realak 4. lekuan amaitu zuen Txapelketa; 8 garaipen, 4 berdinketa eta 6 porrot izan zituen, eta 46 gol alde eta 41 kontra; eta txapeldun izan zen F.C. Barcelonatik bost puntura gelditu zen. Ligako lehenengo “pichichi” edo golegile nagusia Realeko Paco Bienzobas izan zen
1930eko hamarraldia Realaren historiako hamarraldi nahasienetakoa izan zen. Kirolari dagokionez, oso ondo hasi zen eta 1930-31 denboraldian gol aldea izan zen Reala lehenengo aldiz Ligako Txapeldun izateko oztopo bakarra. Txapelketa kaskar hasi zuen Harry Lowek zuzentzen zuen Donostiako taldeak; Alavesen kontra berdinketa lortu zuen Atotxan eta galdu egin zuen Bilbon. Baina gero sei garaipen lortu zuten txuri-urdinek jarraian, eta 5. eta 12. Jardunaldien artean lider izan ziren. Baina, hurrengo lau partidetan Realak puntu bakarra lortu zuen eta Txapelketaren amaierara Athleticekin eta Racing de Santanderrekin berdinduta iritsi zen, 22 punturekin. Gol aldeak bilbotar taldeari eman zion titulua eta donostiarrak hirugarren gelditu ziren.
1931ko apirilaren 14an II. Errepublika aldarrikatzen da. Erregimen berriak erregetzaren tituluak eta sinboloak kentzea erabakitzen du. Ondorioz, Sociedad de Futbol de San Sebastian elkarteko ohiko batzar orokorrak, 1931ko ekainaren 27an erabaki zuen “Klubaren izena aldatzea eta Donostia F.C. jartzea, gaur egun dituen bereizgarria eta diseinua gordeaz. Aldaketa bakarra erregearen kolorearen ordez Donostiako ezkutua jartzea zen”.
Futbolaren profesionalizazio etengabearen ondorioz, gastuak ugaltzen ari ziren, eta horixe izan zen Klubak historiaren aldi honetan izan zituen zailtasun ekonomikoen arrazoi nagusia. Jokalarien soldatei ezin aurre eginaren ondorioz, Donostiako taldeak uko egin behar izan zien taldearen osagai nagusiei, eta horrek murriztu egin zuen taldearen ahalmena. Hainbat urtean taldearen poz bakarra Herrialdeko Txapelketa irabaztea izan zen, 1932-33 denboraldian hain zuzen ere. Hurrengo denboraldian taldea gora egiten ari zela zirudien, baina irudikeria hutsa izan zen, eta 1934-35 denboraldian Donostiak bere historiako lehenengo jaitsiera jasan zuen, azken aurreko gelditu baitzen Txapelketan. Hala eta guztiz ere, hurrengo denboraldia negatiboagoa izan zen eta gure kluba hirugarren mailara jaitsi zen, nahiz eta gertaera politikoak direla-eta ez zen jaitsierarik gertatu.
1936ko uztailaren hasieran Gerra Zibila hasi zenean, eten egin ziren futbol txapelketak. Hala eta guztiz ere, 1937ko uztailean, gerra hasi eta urtebete eskasera, berriro hasi zen Realaren inguruko jarduera suspertzen. Zuzendaritzan egondako hiru lagunek, Francisco Molins, Jose Merino eta Jose Maria Lobatok, aurrea hartu eta batzar orokorra antolatu zuten. Baina bazkide bakarra aurkeztu zen. Horrenbestez, Molins jaunak Presidente kargua hartu zuen eta taldea berregiteko lanari ekin zion. Jokalariak bilatzeko deialdia egin zuen, eta zenbait beterano eta gazte ugari azaldu ziren. Ekipo berriaren zuzendaritzak antzinako bi jokalariri erantzun zien, Argentino Peñari lehenbizi, eta Martin Marculetari ondoren. Talde berriaren jarduera Nafarroako Copa Brigadas txapelketan parte hartzera mugatu zen.
Gerra amaitu zenean hainbat saioa egin ziren futbolari normaltasunez hasteko, baina Txapelketa berrantolatzea eta klub bakoitzak zein kategoriatan aritu behar zuen erabakitzea ez zen batere lan erraza. Espainiako Federazioak, hainbat bileraren ondoren, taldeek 1936an zuten kategoria berean jokatu behar zutela erabaki zuen. Realaren (izen tradizionala berreskuratuta) aldekoa izan zen erabaki hura, erabaki horren ondorioz Bigarren Mailan jokatuko baitzuen Realak. Gerraondoko lehenengo denboraldia ondo hasi zen Donostiako taldearentzat; argi eta garbi nabarmendu zen Bigarren Mailako euskal taldeen artean, baina Lehen Mailara igotzeko ligaxkan ezin izan zuen bere helburua bete. Hala ere, eta klubak arazo ekonomiko ugari bazituen ere, hurrengo denboraldian lortu zen Lehen Mailara igotzea. Reala argi eta garbi nabarmendu zen Bigarren Mailako bere multzoan eta denboraldi horretan, hasiera oso ona izan ez bazen ere, bigarren gelditu zen Lehen Mailara igotzeko ligaxkan, Granadaren atzetik eta Deportivo Coruñaren eta Castellonen aurretik. Horrela berreskuratu zuen Realak galdutako kategoria. Horrez gainera, oso emaitza onak lortu zituen Kopan: Valladolid eta Ligako txapeldun zen Atletico Aviacion taldeak kanporatu zituen finalerdietan Español taldearen kontra galdu aurretik. Pasadizo berezi gisa, aipatzekoa da 1940-41 denboraldian, 1941eko urtarrilaren 8an, Realak inoiz sartu duen gol kopuru handiena sartu zuela; 14 eta 2 irabazi zuen Valladoliden kontra.
Talde igogailuaren ospea hurrengo urteetan sendotu zen. 1941-42 denboraldian Realak ezin izan zion eutsi eta muturrean amaitu zuen Txapelketa. Baina igogailuak Bigarren Mailan egin zuen geldialdia laburra izan zen eta hurrengo urtean donostiarrak Lehen Mailara itzuli ziren Benito Diazekin. Denboraldi hartan, bere multzoko talde nagusia izan zen Reala; azken ligaxkan Valladolid, Sporting, Ceuta eta Jerez garaitu zituen eta Sabadellekin batera Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Baina 1943-44 denboraldian, Donostiako taldeak kategoria galdu zuen berriz ere. Orduko hartan denbora luzeagoa igaro zuen Bigarren Mailan, bi denboraldi hain zuzen. Beraz, 1946-47 denboraldia arte itxaron behar izan zen hurrengo igoera ikusi ahal izateko. Gorabehera askoko hasiera baten ondoren, Reala hirugarren lekuan egon zen ia denboraldi osoan eta horrek Lehen Mailara igotzeko promozioa jokatzeko aukera emango zion. Azken jardunaldietan Reala laugarren lekura jaitsi zen, eta berriz ere Bigarrenenean gelditu beharko zuen, baina ondoz ondoko bi garaipen lortuta, Sevillako Betisen kontra eta Mallorcaren kontra etxean, hirugarren lekura itzuli ziren berriz ere. Promozioan Reala eta Murtzia aritu ziren aurrez aurre, Madrilgo Estadio Metropolitanoan. Reala nagusi izan zen 2 eta 0, Castivia eta Camposen golekin. Berriro Lehen Mailara igotzea lortu zuen, beraz. 1947-48 denboraldiak beste jaitsiera bat ekarri zuen berarekin, Realak azken aurreko amaitu baitzuen Ligan. Kopan, ordea, oso lan ona egin zuen. Realak At. Zaragoza, Sabadell, Tarragona eta Valencia kanporatu zituen eta finalerdietan gelditu zen kanpoan bera, Sevillaren kontra galduta. Aipatu beharra dago Valencia taldearen kontrako partidak oso ondorio larriak izan zituela Realeko hainbat jokalarirentzat, Maltako sukarrak jo zielako, eta, horren ondorioz, hainbat jokalari denbora luzean izan zen jokatu ezinik, eta bakarren batek futbola utzi behar izan zuen. Hurrengo denboraldiaren hasiera ohiz kanpokoa izan zen guztiz. Atotxan berrikuntza lanetan ari ziren eta Realak bisitari gisa egin behar izan zituen lehenengo hiru partidak. Hirurak galdu zituen eta zantzuak guztiz negatiboak ziren. Baina Reala suspertu egin zen eta Txapelketa osoan zehar oso lehia bizia izan zuen Malaga eta Granada taldeekin sailkapenaren buruan. Hiru taldeak berdinduta iritsi ziren azken jardunaldira, baina Reala lehenengo zegoen, gol aldeari esker. Donostiarrek Mestallan garaipena lortu zuten, eta horri esker Lehen Mailara iritsi ziren berriz ere. Igogailua goiko solairura igo zen berriz ere.
Hamarraldi honetan zailtasun ekonomikoek horretan iraun zuten eta oztopo handia izan ziren taldearen errendimendua hobetzeko. Realak ezin lehia zezakeen beste talde batzuek maila handieneko jokalariei egiten zizkieten eskaintzekin, eta horren ondorioz, jokalari horiek joan egiten ziren; hala, norgehiagokarako ahalmena ere galdu egiten zuen. Zuzendaritzak saiatu ziren arazo hori arintzen eta diru sarrera berriak bilatzen. Baina Klubak nolabaiteko egonkortasuna lor zezan Atotxan 1948an egingo ziren berrikuntza lanei itxaron behar zitzaien, lan haien bitartez bazkide kopurua handitu egingo baitzen, eta, ondorioz, baita diru sarrerak ere.
Realeko pertsonaia aipagarrienetako bat Benito Diaz izan zen; hura izan zen “WM” futbol taktika Espainian sartu zuen entrenatzailea. Sistema hura Chapman ingelesak sortu zuen 1920ko hamarraldian eta benetako iraultza eragin zuen Espainiako futbolaren baitan. Hiru atzelari, bi erdiko hara-honakoak, bi barruko eta hiru aurrelarirekin jokatzean oinarritzen zen taktika hura. Lehenengo bost jokalariek “W” moduko bat osatzen zuten, eta gainerakoek “M” bat. Realak 1946-47 denboraldian erabili zuen lehenengo aldiz taktika hori, Ferrolera egindako bisitaldian, eta 4 eta 3 irabazi zuen. Hasieran kontserbadoretzat hartu bazuten ere, berehala hartu zuten berentzat beste talde batzuek ere.
Ordu arte behin eta berriro Lehen Mailara igotzeko lehian aritu bazen ere, Realak Lehen Mailan egonkortasunez aritzea lortu zuen 50eko hamarraldian. Hala ere, hamarraldi horretako denboraldi batzuetan zailtasunak izan zituen mailari eusteko. Hasiera ona egin zuen, eta 1950-51 denboraldia bosgarren postuan sailkatuta bukatu zuen Realak, Txapelketa guztian sailkapeneko lehen postuan aritu ondoren. Gauzek okerrera egin zuten, ordea, eta hala-holako hiru urteren buruan, mailari eusteko promozioa jokatu behar izan zuen 1954-55 denboraldian. At. Tetuan, Español, Oviedo, Zaragoza eta Granada taldeak izan zituen arerio. Ligaxka jokatuta, donostiarrek eta katalanek lortu zuten beheko mailara ez jaistea. Ezusteko haren ondoren, Realak ez zuen arazo handirik izan elitearen mailan irauteko.
Hamarraldi honetan titulu bat lortzeko zorian izan zen, berriro ere, Reala. 1950-51 denboraldian hain zuzen ere, Kopako Txapelketan. Realekoek, Benito Diazen zuzendaritzapean, denboraldi ona egin zuten Ligan ere, eta bosgarren gelditu ziren; baina Kopan nabarmendu ziren bereziki. Celta eta Santanderko Racing kanporatzea lortu zuten, eta finalerdietan Real Madriden kontra neurtu ziren. Atotxan jokatu zuten joaneko partidan 1 eta 0 irabazi zuen Realak, eta itzulerako partida oso zaila aurreikusten zen. Hala ere, donostiarrek garaipena eskuratu zuten Chamartinen ere, 2 eta 0, Barinaga eta Caeiroren golei esker. Horrenbestez, Kopako finalean sartu zen Reala berriro, eta F.C. Barcelonaren aurka jokatuko zuen hura ere; horrenbestez, Benito Diazek 1928an Santanderren jokatutako final hirukoitzaren mendekua hartzeko aukera izango zuen. Finala 1951ko maiatzaren 27an jokatu zuten Chamartinen, eta Barcelonako jokalariek, Kubala, Ramallets, Cesar... tarteko, titulua eskuratzea galarazi zioten Realari berriro ere, 3 eta 0 nagusitu baitziren
Urte haietan egin zuen Realak harrobia sustatzearen aldeko apustua, erabaki estrategiko gisa. 1954-55 denboraldian jubenilen taldea Espainiako txapeldun izan zen, finalean Sevilla mendean hartuta. Dena den, 1957an jaio zen aurrerantzean Reala jokalariz hornitzeko iturri nagusia izango zen taldea: Sanse. 1956-57 denboraldian Erregionaleko taldeak Hirugarren Mailara igotzeko txartela eskuratu zuen. Araudiaren arabera, ordea, ezinezkoa zen izen bereko bi talde maila nazionalean aldi berean aritzea, eta bigarren taldeak San Sebastian C.F. izena hartu zuen; Sanse izen laburtuaz egin zen ezaguna talde hura. Sanseren helburu nagusia Reala jokalariz hornitzeko mintegi izatea da, eta Sansetik igarota Realera iritsi diren jokalarien zerrendari begiratu bat eginez gero, helburu hori ezin hobe bete duela esan daiteke, inolako zalantzarik gabe. Sanseko lehen entrenatzailea Perico Torres izan zen, baina aipatzekoa da Javier Expositoren lana, hogei urtez filialaren entrenatzaile izan baitzen, eta bera baita, hein handi batean, Sansek harrobiarekin egindako lan bikainaren erantzule
Reala larri ibili zen 60ko hamarraldiaren hasieran. 1959-60 denboraldian ere mailari eusteko promozioa jokatu behar izan zuten donostiarrek. Hurrengo denboraldia ez zuten gaizki hasi, baina ondoz ondoko zazpi galerako bolada baten ondorioz, postu zailetan sartu zen taldea, eta harrezkero ez zuen handik ihes egiterik lortu. Hamalaugarren postuan amaitu zuen Realak Liga, eta Kordobarekin batera promozioa jokatu behar izan zuen. Entrenatzaile berria hartu zuten donostiarrek, Joseba Elizondo, eta andaluziarren kontra garaipena lortu zuten Atotxan, baina itzulerako partidan galdu egin zuten. Berdinketa hausteko partida Madrilen jokatu zuten, eta han 1 eta 0 irabaziz lortu zuten donostiarrek mailari eustea. Hurrengo denboraldian lasaitasuna berreskuratu zuen Realak, eta ez zuen larritasunik jasan sailkapenari dagokionez. Denboraldi hartan donostiar zaleei Sanseren eskutik etorri zitzaien poz bakarretakoa, Bigarren Mailara igotzea lortu baitzuen
Realaren zaleentzat denboraldi tristea izan zen 1961-62koa. Taldea Lehen Mailan sendotzen ari zela zirudien, baina denboraldi hartan behera jaitsi zen berriro ere. Hasieratik ibili zen taldea gaizki, eta entrenatzailea aldatzeak ere –Joseba Elizondok Baltasar Albenizen tokia hartu zuen– ez zituen donostiarrak suspertu. Realak hamabosgarren postuan amaitu zuen Liga, eta zuzenean jaitsi zen beheko mailara. Horrez gainera, Reala Bigarren Mailara jaitsi izanaren ondorioz, Sansek ere behera egin behar izan zuen, kategoria hartan denboraldi bikaina egin zuen arren.
Nahi baino gogorragoa suertatu zen galdutako maila berreskuratzeko bidea. Gainera, Realak kalte ekonomiko handiak izan zituen, bazkide kopurua nabarmen jaitsi zelako. Kirol arloari dagokionez, Realak Bigarren Mailari neurria bizkor hartu ziola zirudien, eta 1962-63 denboraldian igoerako postuetan sailkatuta egon zen Txapelketako jardunaldi askotan. Amaieran, ordea, laugarren zegoen, eta beste urtebetez Bigarren Mailan jarraitu beharko zuen, horrenbestez. Hurrengo denboraldietan ere antzera ibili zen Reala, baina Kopako finalerdietaraino iristea lortu zuen. 1964-65 denboraldian, hain zuzen ere, Ceuta, Betis, Osasuna eta Gijongo Sporting kanporatu eta finalerdietan sartu zen. At. Madrid izan zuen arerio, eta hark kanporatu zituen donostiarrak.
Lehen Mailara igotzeko 1966-67 denboraldia arte itxaron behar, beraz. Realak entrenatzaile berria hartu zuen, Andoni Elizondo. Ez zuten denboraldia oso ongi hasi –sailkapenaren erdialdean–, baina hamabost partidatan hamalau garaipen eta galera bakarra izan zuten, eta sailkapenaren bururaino iritsi ziren. Realak Puertollanon jokatu behar zuen azken jardunaldia, sailkapeneko buru zela. Bide horretan, bereziki garrantzitsua izan zen Gijongo Sporting arerio handiaren kontra lortutako garaipena. Realak Calvo Soteloren kontra jokatu behar zuen 1967ko apirilaren 23an Puertollanon. Berdinketa nahikoa zuen bere helburua lortzeko, baina gauzak oker hasi ziren gure taldearentzat; 1 eta 0 galtzen, Argachak 40. minutuan sartutako golaren ondorioz. Jokalari hark berak sartu zuen 2 eta 0koa 50. minutuan, baina Realekoek ez zuten etsi, eta bi gol sartu zituzten: lehena, Boronatek, 58. minutuan; eta Arambarrik, bigarrena, 81ean. Berdinketa hari esker Lehen Mailara igo zen berriro Reala.
Hamarraldi hartan berriro ere gorriak ikusi behar zituzten Realekoek, ordea. Lehen Mailara itzuli ziren denboraldia oso zaila izan zen; taldea sailkapenaren behealdean sartuta egon zen denboraldi osoan. Azkenean, donostiarrek promozioa jokatu behar izan zuten, Valladolidekin. Joaneko partida Gaztelan jokatu zen, eta 0 eta 1 irabazi zuen Realak; Boronatek sartu zuen gola. Atotxan, berriz, husna berdindu zuten, eta donostiarrek Lehen Mailan jarraitu zuten
Hamarraldiko lehenengo denboraldietan Lehen Mailan gero eta sendoago ikusten zen Reala; tinko eusten zion sailkapenaren erdialdean. Baina, horrez gainera, talde indartsua eratzen joan zen urte horietan, jokalari beterano eta Sansetik zetozen gero eta gazte gehiagorekin. Larrialdi bakarra 1971-72 denboraldiaren hasieran izan zuten, entrenatzaile aldaketaren ondorioz. Angel Segurolak taldea utzi eta Andoni Elizondok hartu zuen berriro entrenatzaile kargua, baina abendutik aurrera taldea lehengora itzuli zen eta Europan sartzeko aukera ematen zuten postuetan ibili zen jardunaldi askotan
Hala ere, 1973-74 denboraldia arte ez zuen lortu gure taldeak Europan sartzeko postuetan amaitzea Liga. Rafa Iriondoren zuzendaritzapean, donostiarrek ez zuten ongi hasi Txapelketa, eta, Granadan bigarren itzuliko lehen partida galduta, hamalaugarren gelditu ziren. Ordutik Ligaren amaierara, ordea, Realak izugarrizko aurrerapenak egin zituen eta laugarren amaitu zuen, Europako Txapelketarako txartela eskuan zuela, beraz. Europako txapelketetan estreina egiteko txanda Banik Ostrava txekiar taldearen kontra egokitu zitzaion Realari. Joaneko partida 1974ko azaroaren 18an jokatu zuten Atotxan, eta Realekoek ezin izan zieten garaipenik eskaini beren zaleei, txekiarrek irabazi baitzuten, 1 eta 0 (Mickak sartu zuen gola). Itzulerako partidan, joanekoa jokatu eta hamabost egunera, Banik izan zen berriro ere irabazle, 4 eta 0koarekin, ordukoan.
1974-75 denboraldian, Andoni Elizondoren gidaritzapean, aurreko urtean gertatutakoa errepikatu egin zen neurri batean. Berriz ere, liga hasiera makal baten ondoren, Realekoek behetik gora egin zuten eta laugarren amaitu zuten Liga; honenbestez, UEFA Kopan sartu ziren berriro ere. Orduko hartan, Realaren aurkaria Grashopper talde suitzarra izan zen. Joaneko partida Suitzan izan zen 1975eko irailaren 16an, eta Realekoek 3nako berdinketa baliotsua ekarri zuten handik. Suitzarrek aurrea hartu zuten Elsenerren eta Santracen gol banarekin, baina Satrustegiren bi golek berdinketa jarri zuten berriz ere markagailuan. Boscok Grashopper taldea jarri zuen aurretik ostera ere, baina Luziano Murillok behin betiko berdinketaren gola egin zuen. Atotxan, itzulerako partida bana amaitu zen, Urreistiren eta Santracen golekin. Hala, Reala hurrengo txandarako sailkatu zen aurkariaren zelaian sartutako golen balio bikoitzari esker. Realaren bigarren kontrarioa uneko talde handienetako bat izan zen, alegia, Liverpool taldea, zeina argiro nagusitu baitzen partida bietan. Lehenengoan, Atotxan, 3 eta 1 irabazita, eta bigarrenean, berriz, 6 eta 0ko garaipenarekin. Datu bitxi gisa, nabarmentzekoa da Atotxan izandako joaneko partidan Luis Arkonadak debuta egin zuela Realean. Ingalaterrako taldean, bestalde, etorkizunean gure historian leku garrantzitsua hartuko zuen jokalari bat zebilen: John Benjamin Toshack.
1975-76, 1976-77 eta 1977-78 denboraldiak trantsiziokoak izan ziren Realarentzat. Lehenengoan, gure taldea larri ibili zen sailkapenean; ondorioz, entrenatzailea aldatu eta Irulegik hartu zuen Andoni Elizondoren lekua. Dena den, kanpainaren amaieran taularen erdi inguruan sailkatu zen Reala. Urte haietan, Realzaleen poztasun handienak Kopak ekarri zituen. 1975-76 denboraldian, Celta eta Las Palmas kanporatu ondoren, Realak Atletico Madrilen auka neurtu zituen indarrak finalerdian. Realekoek 1 eta 0 galdu zuten Atotxako partida, eta itzulerakoa 0 eta 0 berdinketarekin amaitu zenez, Reala ez zen Kopako finalera iritsi. 1977-78 denboraldian, Realak Acero, Xerez, Toledo, Real Madril eta Valentzia kanporatu zituen hurrenez hurren. Finalerdian, donostiarrak eta Johann Cruyffen Bartzelona izan ziren aurrez aurre. Atotxan jokatutako joaneko partida 0 eta 0 amaitu zen, eta itzulerakoan, Realak aurrea hartu bazuen ere Iriarteren gol bati esker, Migueliren eta Rexachen golek finalerako txartela eman zieten katalanei. 1976ko abenduaren 5ean, Athleticen kontrako derbian izan zirenek une historikoa bizi izan zuten. Atotxan jokatu behar zen partidaren atarikoetan, Kortabarria eta Iribar ikurrinarekin sartu ziren zelaian, ikurrina artean ez zelarik legezkoa. Partida Realaren garaipenarekin bukatu zen: 5 eta 0.
Hamarraldiko azken denboraldia oso itxaropentsua izan zen gure Klubaren etorkizunerako. Alberto Ormaetxearen gidaritzapean, donostiarrena izan zen garaipen gehien lortu zuen taldea. Sailkapenean laugarren postua eskuratuta, Reala Europara bueltatu zen.
9-80 denboraldia Realaren historiako distiratsuenetakoa izan zen. Alberto Ormaetxearen zuzendaritzapean, Donostiako taldeak errekorra lortu zuen, partida bakar bat galdu gabe 32 jardunaldi egin baitzituen. Donostiarrak sailkapenaren goialdean ibili ziren denboraldiaren hasieratik bertatik, eta lehen itzuliko azken jardunaldian lider ziren. Denboraldiko azken aurreko jardunaldian lider jarraitzen zuten, partidarik galdu gabe, baina gure klubaren historiako arratsalde goibelenetako batean, Sevilla F.C. taldeak donostiarrei 2 eta 1 irabazi zien, eta Realak ezin izan zuen Ligako bere lehen titulua eskuratu. Datu gisa, aipagarria da denboraldi hartan Realak 4 eta 0 irabazi ziola Real Madridi Atotxan; Madrileko taldearen bisitetan izaten zuen begizkoa hautsi zuen, beraz. Denboraldi hartan Kopako Txapelketan ere bikain aritu zen Reala. Bilbao Athletic, Peña Sport, Burgos eta F.C. Barcelona kanporatzea lortu zuen; finalerdietan, berriz, Castillak kanporatu egin zituen donostiarrak
Aurreko urtean laugarren gelditu zenez, Realak berriro parte hartu ahal izan zuen UEFA Kopan. Arerioa, Milango Inter handia. Italiarrek irabazi zuten San Siron jokatutako joaneko partida, 3 eta 0, eta, horrenbestez, erabakita utzi zuten kanporaketa. Itzulerako partidan, ordea, Atotxan, UEFAn aurrera egiteko zorian egon zen Reala, partida bikaina jokatuz. Realak partida hartan eskuratu zuen Europako bere lehenengo garaipena, Satrustegik sartutako bi goli esker (2-0).
1980-81 denboraldia ez zuten oso ongi hasi donostiarrek, eta denboraldi osoa sailkapenaren goialdean egin zuten arren, ez zuten titulua eskuratzeko lehian jardungo zuten itxurarik eman. Hamar jardunaldi gelditzen zirela, Realak 2 eta 0 galdu zuen Bartzelonan, eta Atletico de Madrid liderrarengandik sei puntura gelditu zen. Ordutik amaierara, ordea, Realak ez zuen partida bakar bat ere galdu, eta madrildarrak, aldiz, gainbehera etorri ziren. Azken aurreko jardunaldian, Murtzian, garaipena lortu eta sailkapeneko buru jarri zen Reala. Atotxan R.C.D. Españolen kontra jokatutako partida ere irabazi egin zuen; bere historiako partida garrantzitsuenaren atarian zen, beraz, Reala. Gijonen zen hitzordua, 1981eko apirilaren 26an; Realak nahikoa zuen berdinketa lehen aldiz Ligako Txapeldun izateko. Partida ezin hobe hasi zen donostiarrentzat, 7. minutuan markagailuan aurrea hartu baitzuten, Kortabarriaren gol bati esker. Mesak berdinketaren gola egin zuen lehen zatiko azken minutuan, eta jokalari hark berak bere taldea aurreratu zuen bigarren zatiko lehen minutuan. Real Madrid irabazten ari zen Valladoliden, eta aurreko denboraldiko historia errepikatu egingo zela zirudien. Baina El Molinoneko partidan, Zamorak arean nora ezean gelditutako baloi bat aprobetxatu eta 2nakoa sartu zuen; gol horrekin Ligako Txapelketako lehen titulua eman zion Realari. Realak honako hamaikako hau atera zuen partida historiko hartan: Arkonada, Celayeta, Gorriz, Kortabarria, Olaizola, Diego, Alonso, Zamora, Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian Jose Mª Bakerok eta Larrañagak ere jokatu zuten.
Realak UEFA Kopako bi kanporaketa gainditzea lortu zuen lehen aldiz: Ujpest Dosza (itzulerako partida San Mamesen jokatu zen, Atotxa itxita zegoelako) eta Brnoko Zbrojovka txekiar taldea izan zituen arerio. Hirugarren fasean, berriz, Belgikako Lokeren taldearen kontra jokatzea egokitu zitzaien txuri-urdinei. Joaneko partida 1 eta 0 irabazi zuten belgikarrek, eta itzulerakoan ere Lokeren aurreratu zen, Larsenen bi goli esker; azken minutuetan, halere, berdinketa lortu zuen Realak, Lopez Ufarte eta Zamoraren gol banari esker.
Realak titulua defendatzen zuen, eta horixe erakutsiz hasi zuen txapelketa. Hirugarren jardunaldian lider jarri zen, eta hamabigarrenera arte eutsi zion. Ustez erabakigarria izango zen partida, baina, Realak Bartzelonaren kontra Camp Noun jokatu zuena izan zen. Gorri-urdinek 2 eta 0 irabazi zuten eta bazirudien Realekoak bazterturik geratuko zirela tituluaren aldeko borrokan. Hala ere, Kataluniako taldeak ezin izan zion abantailari eutsi eta azkenaurreko jardunaldian lehen posturaino igo ziren Realekoak. Partida erabakigarria Atotxan jokatu zen 1982ko apirilaren 25ean Athleticen aurka. Zamorak Reala aurretik jarri zuen 55. minutuan, eta 68.ean Lopez Ufartek 2 eta 0koa egin zuen. Bost minutu falta zirela, Athleticek, Sarabiaren gol bati esker, aldea murriztu bazuen ere, titulua Realaren esku artean zegoen jadanik. Partida hartan, hauxe izan zen Realaren hasierako hamaikakoa: Arkonada, Celayeta, Gorriz, Kortabarria, E. Murillo, Diego, Alonso, Zamora, Uralde, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian Olaizolak eta Larrañagak ere jokatu zuten. Realekoek Kopan egin zuten bidea ere distira handikoa izan zen. Bilbao Athletic, Osasuna, Valladolid eta Athletic kanporatu eta gero, finalerdian elkarren aurka jokatu zuten donostiarrek eta Real Madrilekoek. Satrustegik joaneko partidako 1 eta 0ekoa sartu zuen. Itzulerako partidan, Juanitok 89. minutuan sartutako golak luzapena ekarri zuen, eta gero penaltiak, non madrildarrak finago ibili baitziren.
Txapelketa berria, alegia, Superkopa, 1982-83 denboraldian hasi zen. Kopako txapeldunaren eta Ligako txapeldunaren arteko neurketa da Superkopa. Realak –Liga txapelduna izanik– Real Madril taldea izan zuen aurkari. Joaneko partidan madrildarrak izan ziren garaile: 1 eta 0. Itzulerakoa Atotxan jokatu zen 1982ko abenduaren 28an. Arauzko denbora 1 eta 0 emaitzarekin bukatu zen. Gola Uraldek sartu zuen eta luzapena jokatu behar izan zen. Uralderen beste bi gol eta Lopez Ufarteren beste batekin, markagailuak 4 eta 0eko emaitza erakutsi zuen bukaeran, eta Realak beste titulu bat eskuratu zuen. Hauxe izan zen Realaren hasierako hamaikakoa: Arkonada, Celayeta, E. Murillo, Gorriz, Gajate, Diego, Larrañaga, Orbegozo, Bakero, Uralde eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian, Txiki Begiristain eta Sukia ere zelairatu ziren
Realak titulu berriak ahaztu beharko zituela zirudienean, 1986-87ko denboraldiko Kopa txapelketa iritsi zen. Realekoek distira handirik gabeko Liga txapelketa egin zuten; Kopan, berriz, Baskonia, Montijo, Villarreal, Eibar eta Mallorca Atletico kanporatu zituzten. Mallorca Athleticokoei, hain zuzen ere, inoizko gol sortarik handienetakoa sartu zieten: 10 eta 1. Finalerdiko aurkaria Athletic izan zen, eta, Atotxan 0 eta 0 berdindu eta gero, kanporaketa aldapa gora jarri zen. Hala ere, Realekoak 0 eta 1 nagusitu ziren San Mamesen Jose Mari Bakeroren gol bati esker, eta halaxe eskuratu zuten finalerako txartela. Kopako finala 1987ko ekainaren 27an jokatu zen Zaragozako La Romareda futbol zelaian. Kontrarioa Atletico Madril zen eta partida oso konplikatua izan zen. Realekoek aurrea hartu zuten Lopez Ufarteren gol bati esker, baina Da Silvak berdinketakoa sartu zuen. Berriz ere Txiki Begiristainek aurrean jarri zuen Reala, baina Rubiok 2 eta 2koa egin zuen. Golik gabeko luzapenaren ondoren, penalti txanda etorri zen, eta Realak irabazi egin zuen. Hona hemen J. B. Toshackek entrenatzen zuen taldearen hasierako hamaikakoa: Arkonada, Sagarzazu, Gorriz, Dadie, Gajate, L.M. Lopez Rekarte, Zamora, Larrañaga, Lopez Ufarte, Txiki Begiristain eta Jose Mari Bakero. Musti Mujikak eta Martin Begiristainek ere jokatu zuten. Penalti txandan, J. M. Bakerok, Mujikak, Martin Begiristainek eta Larrañagak ez zuten hutsik egin. Da Silvak eta Quique Ramosek kale egin ondoren, donostiarrek ez zuten azken penaltia jaurti behar izan.
1987-88ko denboraldia distiratsua izan zen berriz ere. Realekoek, hasieran gaizki ibili arren, txapeldunorde amaitu zuten Liga txapelketa. Laugarren jardunaldian, Realekoak azkenaurreko lekuan zeuden, baina hamahiru partida jarraian galdu gabe egin ondoren, bigarren postuan jarri ziren. Hala ere, Real Madrilek zeukan abantaila handiegia zen, eta donostiarrek txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuten. Kopan, berriz, Realekoek Cartagena, Gijongo Sporting eta Atletico Madril kanporatu zituzten finalerdietan Real Madrilen aurka jokatu aurretik. Joaneko partida, Atotxan, donostiarren 1 eta 0eko garaipenarekin amaitu zen, J. M. Bakeroren golari esker. Itzulerako partida konplikatua aurreikusten zen baina Realak bere garaipenik bikainenetako bat lortu zuen 0 eta 4 irabazita. J. M. Bakerok bi gol egin zituen, eta Gorrizek eta Txiki Begiristainek bana. Realak Kopako finala jokatu zuen beste behin ere, oraingoan bere “piztia beltzaren” aurka, hots, Bartzelonaren aurka. 1913, 1928 eta 1951n bezala, kataluniarrek titulua irabaztea galarazi zioten gure taldeari, 1 eta 0 irabazita, Alexankok sartutako golari esker.
1987an Kopako txapeldun titulua eskuratu zuela eta, ordura arte inoiz parte hartu gabea zen txapelketa kontinental batean, Errekopan, egin zuen debuta Realak. Aurreneko txandan, Reala Poloniako Slask Wroclawen kontra ibili zen norgehiagokan. Joaneko partida San Mamesen izan zen, UEFAk ez zuelako Atotxan Europako partidarik jokatzeko baimenik ematen. Emaitza 0 eta 0 izan zen. Baina Poloniako partidan, donostiarrek 0 eta 2 irabazi zuten, Txiki Begiristainen eta Lorenen gol banari esker. Bigarren aurkaria Dinamo Minsk talde errusiarra izan zen. UEFAk debekua kendua zuenez, joaneko partida Atotxan jokatu zen. Emaitza banako berdinketa izan zen, Konratievek eta Gajatek gol bana eginda. Itzulerako partida hutsean gelditu zen; beraz, kontrarioaren zelaian sartutako golen balio bikoitzari esker, errusiarrak sailkatu ziren hurrengo txandarako. 1987-88ko denboraldian bi aldiz txapeldunorde izan zela eta, Realak UEFA Kopan parte hartzeko aukera izan zuen. Realekoek Dukla Pragaren aurkako neurketa izan zuten lehenik. Atotxako emaitza 2 eta 1 izan zen, eta gol biak Loinazenak izan ziren. Itzulerakoan, txekiarrak 3 eta 0 irabazten hasi ziren, baina Lorenen eta Loinazen gol banari esker, markagailua 3 eta 2 gelditu zen. Honenbestez, Reala sailkatuta zegoen. Realekoak erosoago ibili ziren bigarren kanporaketan, Lisboako Sportingen kontra. Joaneko partidako garaipenean (1 eta 2), Iturrinok eta Lorenek egin zituzten donostiarren golak. Itzulerakoan, Atotxan, markagailua hutsean gelditu zen eta Reala hirugarren txandara pasatu zen. Aurkaria Kolonia izan zen eta, Atotxan jokatutako joaneko norgehiagokan, Realekoak 1 eta 0 nagusitu ziren Loinazen golari esker. Itzulerako partidan, Alemanian, Goikoetxearen eta Fuentesen golek Goetzek eta Engelsek egindakoak berdindu zituzten; kontuak hola, amaierako 2nako berdinketak Reala sailkatu zuen. Baina donostiarren borreroa Alemaniako beste talde bat izango zen: Stuttgart. Alemaniako joaneko partidan 1 eta 0 galdu zuen Realak. Itzulerakoan, arauzko denbora emaitza berarekin amaitu zen, baina oraingoan Realaren alde, Zamorak sartutako golari esker. Penalti txandan, berriz, Stuttgart sailkatu zen finalerdietarako.
Jakina, Realaren arrakastak zirela eta, aipagai dugun hamarkada honetan Realeko jokalari askori deitu zieten selekzioan parte hartzeko. Hala, 1982ko munduko txapelketan Realeko sei jokalari ibili ziren Espainiako selekzioan. Gerora, internazionalen kopuruak behera egin zuen zertxobait, baina azken urteetan Realeko jokalarien beste belaunaldi batek hartu zuen erreleboa. Hona hemen aro honetan internazionalak izan ziren txuri-urdinak: Arkonada, Zamora, Satrustegi, Alonso, Lopez Ufarte, Celayeta, Kortabarria, Gorriz, Uralde, Diego, Idigoras, Larrañaga, Lopez Rekarte, J. M. Bakero eta Txiki Begiristain
1988-89ko denboraldiak ziklo loriatsu baten amaiera markatu zuen. Amaiera hori sinbolizatzeko, aipagarriak dira denboraldiaren bukaeran erretiratu ziren bi figura enblematiko hauek: Arkonada eta Zamora. Aulkian ere aldaketa izan zen. Zortzi jardunaldi falta zirela, Boronat jarri zen talde donostiarraren buruan, J. B. Toshacken ordez.
Futbola Espainiara iritsi zenean, talde guztiek zituzten jokalari atzerritarrak beren ekipoetan. Hasierako garai haietan McGuinnes, Simmons, Sydler... aritu ziren Realean. Gerora, berriz, Bravo, Calligaris, Simonsson... Baina 60ko hamarraldiaz gero, Realak ez zuen atzerriko jokalaririk hartu. 1989-90 denboraldian, ordea, hainbat faktoreren eraginez, Iñaki Alkiza buru zuen Zuzendaritza Batzordeak aldatu egin zuen politika hori. Eztabaida bizia izan zen, eta, azkenean, zale txuri-urdinek oniritzia eman zioten erabaki hari. John Aldridge irlandarra izan zen gure klubaren aro modernoko lehen atzerritarra.
Hamarraldi hartako lehenengo denboraldian bosgarren sailkatu zen Reala, eta UEFAn sartzea lortu zuen. Hasieran nora ezean bezala ibili ondoren, Realak goiko postuei eutsi zien denboraldi guztian, baina ezin izan zuen Europarako txartela azken partida arte segurtatu. Donostiarrek Sevilla F.C.ren kontra jokatu zuten Sanchez Pizjuanen, eta irabazi egin zuten, 1 eta 0, Aldridgek penaltiz sartutako gol bakarrari esker. Irlandarraren hamaseigarrena zen gol hark Ligako Txapelketako bosgarren postua eta Europarako txartela eman zion Realari.
UEFAko saio hartan Suitzako Lausanne taldea izan zen Realaren lehen arerioa. Joaneko partidan, Suitzan, donostiarrak 0 eta 2 aurreratu ziren, Lumbreras eta Gajateren gol banarekin; baina bigarren zatian Lausannek bere alde jarri zuen markagailua, Hottigerren bi golekin eta Chapuisaten beste batekin. Atotxako partidan, Realak 1 eta 0 irabazi zuen (Aldridgek sartu zuen gola) eta hurrengo kanporaketarako sailkatu zen, arerioaren zelaian sartutako golen balio bikoitzari esker. Hurrengo arerioa Belgradeko Partizan izan zen. Atotxako partidan, Larrañagak gola sartu zuen azken minutuan, eta 1 eta 0 nagusitu ziren donostiarrak. Itzulerako partidan, Belgraden, emaitza bera lortu zuen Stevanovicek bere taldearentzat. Luzapena jokatu zuten, eta penaltien jaurtiketan gehiago asmatu zuten jugoslaviarrek donostiarrek baino. 1990-91n Realak ez zuen hasieran espero bezain denboraldi ona egin, eta Atotxan Sevillaren kontra berdindu ondoren, hamazazpigarren postuan sartu zen. Entrenatzaile aldaketa gertatu zen orduan, eta Javier Expositok Boronaten tokia hartu zuen. Realak gora egin zuen, eta hamahirugarren bukatu zuen. Datu gisa, aipagarria da Expositoren zuzendaritzapean Realak Real Madrid, F.C. Barcelona eta Valencia C.F. mendean hartu zituela haien zelaietan; Realak Ligan Santiago Bernabeun garaipena lortzen zuen lehen aldia zen.
1991-92 denboraldiak donostiar zaleen aspaldiko gizon ezagun bat ekarri zuen Donostiara: J.B. Toshack. Galesak Realaren entrenatzaile gisa bigarren etapa hasi zuen, beraz, eta itxaropena berreskuratzen lagundu zuen, gure kluba bosgarren gelditu baitzen Txapelketaren amaieran eta UEFA jokatu ahal izan baitzuen. Kirolaren Lege berriak Ligako Klub gehienak Kirol Elkarte Anonimo bihurtzera behartu zuen. Horietakoa zen Reala ere, eta Iñaki Alkiza buru zuen zuzendaritza taldea Kluba Kirol Elkarte Anonimo bihurtzeko izapideak egiten hasi zen. 558.875.000 pezetako kapital soziala estali beharra zegoen, 65.750 akziorekin. Zuzendaritza Batzordeak bazkide eta zale donostiarrei egindako deialdiak erantzun paregabea jaso zuen, eta beste inongo klubetan baino banatuago gelditu ziren akzioak zaleen artean. Estatus juridikoa aldatzearekin batera, Kirol Elkarte Anonimoko lehenengo Administrazio Kontseilua aukeratu behar zen. Kontseilu horretako Presidente kargua Luis Urangak hartu zuen. Vitoria Guimaraesko portugaldarren kontra jokatu zuen Realak UEFAko lehen kanporaketa. Joanekoan, portugaldarrek 3 eta 0 hartu zituzten mendean donostiarrak, eta Atotxako itzulerako partidan emaitza hari aurre egiteak ia ezinezkoa zirudien. Lumbreras eta Fuentesek gol bana sartu zuten, eta horrek itxaropena eman zien Toshacken mutilei, baina ez zuten besterik lortu, eta 2 eta 0 irabazi arren, emaitza ez zen aurrera egiteko nahikoa izan.
1992-93 denboraldia trantsizioko denboraldia izan zen kirol arloari dagokionez, baina Klubaren historian funtsezkoa izango den aldaketa bat gertatu zen. Reala, Atotxako zelai zaharra utzi, 80 urtez egoitza izan zuen zelai hura utzi, eta Anoetako Estadiora aldatu zen. Gure historiako garai bat itxi zen horrela, eta, aldi berean, Realaren aspaldiko nahi bat bete zen: Klubaren arazo estruktural batzuk konpontzeko aukera emango zuen zelai berria edukitzea. Realak Atotxan jokatutako azken partida ofiziala Teneriferen kontra izan zen, 1993ko ekainaren 13an. Reala izan zen irabazle, 3 eta 1; Kodrok gol bat eta Oceanok bi sartu zituzten. Baina Atotxari handik egun batzuetara egin zitzaion behin betiko agurra, ekainaren 22an hain zuzen, ekitaldi hunkigarri batean.
1993ko abuztuaren 13an Anoeta inauguratu zen Realaren eta Real Madrilen arteko partida baten bidez. Partida binako berdinketarekin bukatu zen; dena den, futbol zelai berrian jokatutako lehen partida ofizialean Reala eta Zaragoza izan zien aurrez aurre. Alkizak eta Kodrok egindako golei Aragonek eta Higuerak egindakoek erantzun zieten; kontuak hola, partida 2nako berdinketarekin amaitu zen. Anoetara aldatzeak bazkide kopuruaren hazkundea ekarri zuen, izan ere, denboraldi hartan 18.000 bazkide baino gehiago izan ziren, eta kontuan hartu behar da Atotxan apenas iristen zirela 13.000ra. Kirolaren ikuspegitik, trantsizioko denboraldia izan zen, non Reala hamaikagarren gelditu baitzen.
Hurrengo bi denboraldietan, nahiko antzekoa da Realak egindako bidea. Makal hasieran, entrenatzaile aldaketa eta susperraldia. 1994-95eko denboraldiaren hasieran John Toshack zegoen donostiarren aulkian, baina hamaikagarren jardunaldian Celtaren kontra etxean galdu izanak hamazazpigarren postura eraman zuen Reala. Orduan, aulkian aldaketa izan zen, eta taldearen ardura Salva Iriartek hartu zuen. Baita erreakzioa etorri ere. Reala hamaikagarren gelditu zen Ligan. Hurrengo denboraldiaren hasieran ere Salva Iriartek gidatzen zuen taldea, baina aurreko urtean bezala, Ligako kanpainaren hastapena ez zen ona izan eta Bartzelonaren aurka etxean berdindu ostean, hamalaugarren jardunaldian Reala hamaseigarren postuan zegoen. Orduan aldaketa etorri zen eta Javier Iruretak hartu zuen taldearen ardura. Berriro ere erreakzioa izan zen, eta Europan jokatzeko ametsa ere airean ibili zen, baina azkenean Realak zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Javier Iruretak taldea gidatzen jarraitu zuen hurrengo urtean ere, eta denboraldia ondo hasi zen donostiarrentzat. Hala ere, Liga guztian zehar Europarako postuetan ibili eta gero, azkenean zortzigarren sailkatu zen taldea, hau da, UEFAtik kanpo. Denboraldia amaitutakoan, Javier Iruretak Realaren aulkia utzi zuen.
1997-98ko denboraldiak entrenatzaile berria ekarri zuen Realaren aulkira; Bernd Krauss alemaniarraz ari gara. Egutegia ez zen oso egokia Realarentzat, lehen bi irteerak Camp Noura eta Santiago Bernabeura izan ziren eta. Hala, hirugarren jardunaldian Reala hamabosgarren zihoan, baina hortik aurrera hamazazpi partida galdu barik lotu zituzten donostiarrek, eta horrek taularen goiko postuetan jarri zituen. Kanpaina guztian, Reala Europako postuetan ibili zen eta denboraldia bikain amaitu zuen, hirugarren postuan. Europara itzultzeko ordua. Anoetan Europako txapelketa bat estreinakoz Historian lehen aldiz, Anoetan partida europarrak jokatu behar ziren. Lehenengo aurkaria Pragako Sparta izan zen. Txekiako hiriburuan Realekoek partida bikaina egin eta 2 eta 4 irabazi zuten. Kovacevicek bi gol sartu zituen eta Aldeondok eta De Pedrok bana. Itzulerako partida, Anoetan, Kraussen mutilek irabazi zuten baita ere: 1 eta 0, Kovacevicen golari esker. Hurrengo kontrarioak Dinamo Moskuko errusiarrak izan ziren. Errusiako hiriburuan, Reala 3 eta 0 jarri zen aurrean, Kovacevicek bi gol eta De Pedrok gol bat sartuta, baina bigarren zatian Nekrasovek bi gol sartu zituen minutu batean eta markagailua 2 eta 3 gelditu zen. Itzulerako partidan Realekoak eroso ibili ziren eta 3 eta 0 atera ziren garaile, Kovacevicen bi goli eta De Paularen gol bati esker. Hirugarren txandan, Realari Atletico Madrilen aurka jokatzea tokatu zitzaion. Lehenengo partida Anoetan jokatu zen eta Juninhok aurretik jarri zituen madrildarrak. Dena den, Kovacevicen gol batek eta Robertok bere atean sartutako beste batek Realari eman zioten garaipena: 2 eta 1. Itzuleran, 4 eta 1 galdu zuen Realak. Graciaren golak ezin izan zuen Jugovicek sartutako biak konpentsatu. Luzapenean, Atletico Madrilek beste bi gol egin zituen Jose Mariren eta Santiren eskutik. Baina kanporaketa hura tristuraz oroituko dugu beti, Madrilera Realari laguntzera joan eta bertan erail baitzuten Aitor Zabaleta jarraitzailea. Ligari dagokionez, Kraussen taldeak ezin izan zuen aurreko denboraldi bikaina errepikatu. Hasiera txar baten ondoren, taldeak gora egin zuen eta erdiko postuetan ibili zen denboraldi guztian.
Kraussek hirugarren denboraldia zuen Realaren entrenatzaile gisa, eta lehenengo bi jardunaldietan Sevillan berdinketa eta Anoetan Atletico Madriden kontrako garaipena lortu bazuten ere, gauzak okertu egin ziren donostiarrentzat. Bederatzigarren jardunaldian Realak berdindu egin zuen etxean Alavesen kontra jokatutako partida, eta hamazazpigarren tokiraino jaitsi zen. Entrenatzailea aldatu zuten orduan: Javier Clementek hartu zuen Kraussen tokia. Realak sailkapeneko beheko postuetan eman zuen denboraldi guztia, baina azken aurreko jardunaldian matematikoki jaitsierari ihes egitea lortu zuten, sufrimendu handiko urte baten ondoren.
Javier Clemente entrenatzaile zela hasi zuen Realak 2000-01 denboraldia, baina emaitzak kontra izan zituen, eta F.C. Barcelonak Anoetan gol andana sartu ziolarik eta Vallecasen galduta, hemezortzigarren sailkatu ziren donostiarrak eta eserlekuan aldaketa egiteko beharra ikusi zen berriro ere. Periko Alonsok hartu zuzen taldea zuzentzeko ardura, Clementeren ordez. Realak, ordea, ez zuen gora egin, eta 2001eko abenduan bere kargua uztea erabaki zuen Alonsok. Haren hutsunea betetzera aspaldiko ezagun bat etorri zen, John Benjamin Toshack. Taldeak hobera egin zuen, baina bost jardunaldiren faltan, etxean Valentziaren kontra galdu zuen, eta egoera larrian gelditu zen. Hala ere, Villarealen garaipena, Zaragozan berdinketa eta Malagaren aurkako garaipena, Anoetan, kateatu zituen ondoren. Azken aurreko jardunaldia San Mamesen jokatu zuen. 3 eta 1 irabazi zuten txuri-urdinek, Jankauskas, De Pedro eta Idiakezen golei esker, eta Lehen Mailan jarraitu ahal izan zuten. Denboraldi hartan, krisia izan zen, eta ez soilik kirol arloan. Izan ere, 2001eko abenduan Luis Urangak dimisioa eman zuen Administrazio Kontseiluko Presidente gisa, eta hauteskundeak antolatu zituen 2001erako. Hiru hautagai aurkeztu ziren: Jose Luis Astiazaran, Ignacio Gallo eta Peio Gibelalde. 2001eko martxoaren 22an egin ziren hauteskundeak, eta Jose Luis Astiazaran aukeratu zuten Presidentea. Toshack entrenatzaile zela hasi zen 2001-02 denboraldia. Liga hasiera penagarria izan zen: zortzi jardunalditan bi puntu besterik ez, eta Reala egoera larrian. Hurrenez hurreneko hiru garaipen lortuta, arnasa hartu ahal izan zuten donostiarrek, baina denboraldi guztian sufritzen jarraitu behar izan zuten. Hogeita bederatzigarren jardunaldian, Teneriferen kontra galdu egin zuten etxean, eta Kontseiluak entrenatzailea aldatzeko erabakia hartu zuen. Roberto Olabe, Jesus Mari Zamora eta Julen Masachek osatutako talde batek hartu zuen ekipoaren ardura, Toshacken ordez. Berriro ere erreakzioa etorri zen, eta azken aurreko jardunaldian lortu zuen Realak matematikoki jaitsiera saihestea. Valladolidi 3 eta 1 irabaziz eutsi zion Lehen Mailari, Aranburu, Idiakez eta Kovacevicen golei esker.
2002-03 denboraldia klubaren organigrama teknikoaren aldaketekin hasi zen. Roberto Olabek, aurreko denboraldiko azken jardunaldietan taldea zuzendu zuenak, kirol zuzendariaren kargua hartu zuen, eta, entrenatzaile moduan, Raynald Denoueix frantziarra hautatu zen, Jesús Mari Zamoraren eta Julen Masachen laguntzarekin batera. Jokalariei dagokienez, Karpin itzuli eta SchÜrrer eta Boris asturiarra gehitu ziren taldera. Denboraldia Athletic taldeari irabazitako partida batekin (4-2) hasi zen, eta, bertan, Nihat-Kovacevic aurrelariek argi eta garbi erakutsi zuten euren arrisku maila. Kopan Zaragozaren aurka galdutako partida bakarrarekin, Realak lehen itzuli paregabea egin zuen, porrota ezagutu gabe eta sailkapenaren buru izanda 6. jardunaldiaz geroztik. Bigarren itzulian, Bilbon galdutako partidak emaitzen krisi txiki bat ekarri zuen, eta, ondorioz, 24. jardunaldian, taldeak ordura arte zuen lehen postu hura galdu zuen, Valladoliden aurka galdu ostean. 29. jardunaldian, Real Madrilek Anoeta bisitatu zuen, Txapelketa bere egiteko; alabaina, Realak, partida bikain batean, 4-2 irabazi zion, lehen postura iristeko grina azalduz. Anoetan Recreativori irabazi ondoren, Reala lehen postura itzuli zen, eta azken-aurreko jardunaldira arte mantendu zen postu berean. Baina Vigon galdu ondoren (9000 zalez lagundurik egon zen taldea), Real Madrilek Atléticoren aurka jokatutako derbian lortutako garaipenak eskura jarri zion Ligako titulua madrildarrei, eta ez zuten amore eman azken jardunaldian, Realak Atletico Madrilen aurka alferrikako garaipena eskuratuz. Bigarren postu horrekin, Realak Europara itzultzea lortu zuen, ate nagusitik gainera, Champions League delakorako sailkapena zuzena eskuratuz.
2003-04 denboraldiko jokalariak ez ziren ia aldatu. Alkiza eta Lee Chun Soo korearra heldu ziren taldera, eta Tayfun eta Khokhlov, berriz, joan egin ziren. Liga hasiera zalantzakor baten ondoren, Realak erreakzionatu eta Anoetan jokatu zen 6. jardunaldiko partidan Osasunaren aurka irabazi ostean, sailkapenaren 6. postuan jarri zen. Haatik, bolada batez lortutako emaitza ezin txarragoen ondoren, Reala jaitsiera postuetara hurbildu zen 17. jardunaldian. Urte hasieran irabazitako bost partidek arnasa hartzea ahalbidetu zioten taldeari, baina, laster, larritasun egoera batean sartu eta azken jardunaldira arte arriskuan egon zen. Championsean, Reala Olympiakos, Galatasaray eta Juventusen aurka lehiatu zen taldeen fasean. Hasiera ezin zitekeen hobea izan, Olympiakosen kontra irabazi baitzuen Anoetan eta Galatasarayren aurka Istanbulen. Juventusen aurka jokatu zituen bi norgehiagokoi dagokienez, Realak galdu egin zuen Turinen, eta golik gabeko berdinketa batekin bukatu zuen Anoetan. Anoetan bina bukatu zuen berdinketak puntu baten faltan jarri zuen final-zortzirenetara sailkatzeko. Fase honetako azken partida Realaren eta Galatasarayren artekoa izan zen, Anoetan. Hakan Sukurrek talde turkiarra aurreratu zuen lehenengo zatian, baina De Paularen gol batek taldeko bigarren sailkatu moduan jarri zuen Reala. Final-zortzirenetan, Reala Olympique de Lyon aurka aritu zen, eta bi partidetan, talde frantziarra irten zen garaile, emaitza berberarekin (1-0). Beste alde batetik, 2004ko apirilean, Zubieta XXI instalazio berriak inauguratu ziren, José Luis Astiazaran Realeko presidentearen hitzetan “Europako kirol instalazio onenetarikoak”.
Aulkian aldaketak eginez eman zitzaion hasiera denboraldiari. Realeko entrenatzaile Denoueix kargutik kendu eta José María Amorrortuk hartu zuen bere tokia. Jokalariei dagokienez, berritasun aipagarrien artean, besteak beste, hauek izan ziren: Xabi Alonso Liverpoolera transferitzea, Lee C. Sook eta Borisek taldea uztea, Luis Alberto itzultzea eta Arteta, Rossato eta Brechet taldera gehitzea. Hasiera batean taldea oso txarto hasi bazen ere (5. jardunaldian azken postuan zegoen), taldea erreakzionatu eta denboraldi osoan zehar sailkapenaren erdiko postuetan egon zen. Neguko negoziaketetan, Arteta Evertoneri eman zion eta Mladenovic heldu zen. Instituzio-mailari dagokionez, abenduaren 30ean egindako batzarrean, Kontseiluak kapitala handitzeko aurkeztu zuen proiektua atzera bota zen, baina Kontseiluak gainditu egin zuen berak aurkeztutako proiektua baliogabetzeko bozketa. Batzar berean, José Luis Astiazaran presidenteak ekainaren 30ean hauteskundeak egingo zirela iragarri zuen. Hurrengo hilabeteetan hautagaitza gehiagoren izenez hitz egin bazen ere, azkenean, Miguel Fuentes buru zuen “Denonerreala” hautagaitzak eta Miguel Santos buru zuen beste batek bakarrik parte hartu zuten hauteskundeotan. Miguel Fuentesek batzarrean aurkeztutako akzioen 60,69 lortu zuen, eta klubaren presidente bihurtu zen.
Miguel Fuentes Realeko presidente izatera heldu zenean, klubaren kirol organigrama erabat aldatu zen. José Mari Bakero Roberto Olaberen ordezko izatera pasa zen, kirol zuzendari gisa. Amorrortuk entrenatzaile moduan segitu zuen eta jokalari berriak etorri ziren, hala nola, Garitano, Cifu eta Novo (lehenengo biak aurreko Kontseiluak fitxatu zituen); bajen artean, berriz, Karpinena eta Alkizarena dira aipagarrienak. Hasiera zalantzakorra izan bazuen ere, Reala bosgarren postura iritsi zen, urriaren bukaeran, Getaferen aurka irabazi ondoren. Handik aurrera, taldeak emaitza txarrak lortu zituen, izan ere, garaipen bakana eskuratu zuen 12 partidatan; Gasteizen berriro galdu ostean, Amorrortu kargugabetu zuten, 21. jardunaldian. Bere ordez, Gonzalo Arconadok egin zituen entrenatzaile lanak, eta taldea sendotzeko Stevanovic, Skoubo, Mark González eta Viafara fitxatu ziren. Arconadak Mallorcaren aurkako garaipen batekin hasi zuen bere ibilbidea Realean, baina ezin izan zuen taldearen bide ona arteztu, eta Iruñean galdu zuen 29. jardunaldian, taldea jaitsiera postuetara eramanaraziz. Arconada bere kargutik kendu eta José Mari Bakero bera pasa zen entrenatzaile izatera, entrenatzaile eta kirol zuzendari karguak aldi berean burutuz. Bakeroren zuzendaritzapean, taldeak jaitsiera postuetatik irtetea lortu zuen, eta, azken-aurreko jardunaldian, postuotatik salbatzea, Anoetan, Celtaren kontra berdinketa lortuta. Kirolari berari dagokionez, nabarmentzekoa da, halaber, Realeko emakumezkoen taldeak Superligara igotzea lortu zuela. Denboraldi honetan, Realeko familiak ahaide garrantzitsu bat galdu zuen Alberto Ormaetxea zendu zenean, Ligako titulu bi erdietsi izan zuen entrenatzailea, hain justu. Maila instituzionalari dagokionez, nabarmentzekoa da abenduaren 30ean egin zen batzarrak kapitala areagotzea onestu zuela, Kontseiluak proposaturik. Aipamen berezia merezi du “Zubiarre kasuak”, denboraldi honetan hasi zena eta denbora luzez zeresana emango zuena. Presidente izendatu zuten unean bertan, Miguel Fuentes ohartu zen Realarekin kontratua zuen jokalari bat, Iban Zubiaurre, Athletic taldeko jokalari bezala aurkeztua izan zela. Realaren ustetan, Zubiaurrek alde bateko erabakia hartuta berak bakarrik deuseztatu zuen kontratua, eta bere deuseztapen klausulan jasotzen zen kantitatea ordaintzea eskatu zion jokalariari, kalte-ordain gisa; Athletic klubari zegokionez, erantzule zibil subsidiariotzat jo zedila eskatu zuen. Jokalariak, bere aldetik, auzitara eraman zuen Reala, bidegabeko iraizpena dela-eta. 2005eko abuztuan, Ricardo Bandrés epaileak Iban Zubiaurrek aurkeztutako auzi-eskea gaitzetsi zuen, eta, abenduan, EAEANek gauza bera egin zuen. Martxoan, Francesc Xavier González epaileak Realari 5 milioi ordaintzera zigortu du jokalaria eta Athletic erantzule subsidiariotzat jo du.
Aurreko denboraldian taldea salbatzea lortu ostean, Bakerok entrenatzaile eta kirol zuzendari karguak aldi berean burututa ekin zion denboraldiari. Taldea sendotzeko, Claudio Bravo, Juanito, Gerardo, Fabio Felicio eta Diego Rivas etorri ziren, eta, bajetan, berriz, Alberto, De Paula, Nihat eta Mark González izan ziren azpimarragarrienak. Denboraldiaren lehen partidan, Realak San Mamesen berdinketa lortu bazuen ere, taldeak bost porrot jarrai izan zituen, eta, ondorioz, azken postura jaitsi zen. Mallorcarekin berdindu ostean, gol asko sartu zizkioten Realari Malagan Errege Kopako joaneko partidan; gauzak horrela, Bakero kargugabetu zuten eta Miguel Ángel Lotinak ordeztu zuen. Aldaketak, baina, ez zuen, ezta gutxiagorik ere, nahi zen eragina izan, eta Realak ez zuen denboraldi osoan jaitsiera postuetatik irtetea lortu, Savio, Víctor López eta Germán Herrera neguko negoziaketetan taldera ekartzea erdietsi bazen ere. Azken-hirugarren jardunaldian Iruñean galdu ondoren (norgehiagoka horretara bi garaipen jarraituekin heldu zen taldea, Gimnàsticen eta Celtaren kontra, hurrenez hurren), nekez salba zitekeen, nahiz eta jaitsiera azken partidara arte, Valentzian, egoera berretsi ez. Maila instituzionalari dagokionez, Miguel Fuentes Realeko presidentearen dimisioa izan zen nabarmenena, ekainaren 1ean, eta María de la Peñak ordeztu zuen. Kontseiluak akzionisten mende geratzea erabaki zuen, ekainaren 30ean egindako batzar batean. Beste alde batetik, “Zubiaurre kasuak” atal berri bat izan zuen: EAEANek Francesc Xavier González epailearen epaia berrestu zuenean, eta alde biek helegitea aurkeztu zuten epaiaren aurka Auzitegi Gorenean.
Ekainaren 30eko batzarrak berretsi egin zuen María de la Peña Realeko presidente moduan. De la Peñarekin batera, Salva Iriarte etorri zen, kirol zuzendari gisa, eta Chris Coleman galestarra, entrenatzaile gisa. Delibasic eta Vaughan fitxatu ziren, eta Kovacevic edo Savio bezalako jokalariek kluba utzi zuten. Anoetan jokatutako lehenengo bi partidak galdu zituzten, baina Eibarren eta Las Palmasen lortutako bi garaipenekin orekatu zen egoera. 7. jardunaldian, Realak 5. postua zuen sailkapenean, baina zenbait emaitza txarren ondorioz 14. postura jaitsi zen, 13 norgehiagoka eta gero. Pixkanaka-pixkanaka, taldea postuak berreskuratzen joan zen, baina, urtarrilean, Colemanek dimisioa aurkeztu zuen, taldeari puntu bakarra geratzen zitzaionean hirugarren postura heltzeko, eta José Ramón Eizmendik ordeztu zuen. Presidente berriarekin, Martí, Nacho, Fran Mérida eta Victor Casadesús heldu ziren. Taldea emaitza onak lortzen hasi zen, eta Anoetan U.D. Las Palmasi garaitu ostean, igoera postuetan sartu zen lehen aldiz. Halere, Numanciaren, Sportingen eta Racing Ferrolen kontra segidan galdu ostean, Eizmendi kargutik kendu eta Juan Manuel Lillok ordeztu zuen. Numancia gailen, Realak Málagaren eta Sporting Gijonen aurka jokatu zuen igotzeko aukera. Azken-aurreko jardunaldian, Realak Gasteizen jokatu zuen, Sportingak Castello eta Malagak Granadan. Realeko jokalariek 1-2 irabazten zuten, eta horrek, Sportingaren porrotarekin, igoera postuetan kokatzen zuen taldea. Alabaina, Alavesek buelta eman zion markagailuari luzapenean eta Reala laugarren postuan geratu zen. Azken jardunaldiak ez zituen gauzak aldatuko. Instituzio-mailari dagokionez, talde inbertitzaile txinatar-gipuzkoar batek klubarekiko interesa zuela jakin zen eta Iñaki Badiola buru, akzioen %35 erosi zuenean, klubaren ereduari buruzko eztabaida piztu zen. Azkenean, María de la Peñak dimisioa aurkeztu zuen azaroaren 14an eta urtarrilaren 3rako hauteskundeak deitu zituen. Juan Larzabalek behin-behineko presidentearen kargua hartu zuen. Azken ordura arte beste hautagai bat egoteko aukera pentsatu bazen ere, azkenean, Iñaki Badiola izan zen presidentegai bakarra. Zaleak pozik agertu ziren Badiolak arlo ekonomikoan eta kirol arloan egindako promesak entzunda, eta ordezkatutako akzioen %72 enpresaburuaren alde egin zuen hauteskundeetan. Badiolarekin, Pako Aiestaran kirol arloko zuzendari izendatu zuten. Urtarrilaren 14an, Salva Iriarte kargutik kendu zuten, 16an Colemanek dimisioa aurkeztu zuen eta 22an Pako Aiestaranek bere dimisioa aurkeztu zuen, Iñaki Badiolak Juan Carlos Oliva entrenatzaile izendatu zuelako.
Gasteizen in extremis jasan zuen porrota zela eta, Realak beste denboraldi bat eman behar izan zuen Bigarren Mailan. Kirol arloko desilusio horri, gainera, erakunde mailako tentsioak eta egoera ekonomiko zaila gehitu zitzaizkion. Ekainaren 15ean, Administrazio kontseiluak Akziodunen Ezohiko Batzorderako deialdia egin zuen eta proposamen guztiei ezezkoa eman zieten bertan. Handik egun batzuetara, uztailaren 7an, Reala hartzekodunen konkurtsoan sartu zen eta taldearen kudeaketa hiru konkurtso administratzaileren kontrolpean geratu zen. Kirol arloan, Juan Manuel Lillok taldearen arduradun gisa jarraitu zuen eta Realera Moha, Sergio Rodríguez, Marcos, Necati eta Drame jokalariak iritsi ziren. Taldeak sendo ekin zion denboraldiari, baina 5. jardunalditik aurrera, igoera postuetatik aldendu zuten emaitzen beheraldian sartu zen. Anoetan Huescaren aurka lortutako garaipenari esker, Reala goiko postuetara itzuli zen. Lehen itzuliaren amaieran, taldea zazpigarren postuan zegoen, baina bigarren postutik puntu bakarrera. Neguko merkatuan, Abreu iritsi zen Realaren eraso lerroa sendotzeko. Taldeak emaitzen bolada txarra jasan zuen berriro jarraian gertatu ziren berdinketarekin eta hiru porrotekin. Ondorioz, otsailean, igoera postuetatik 9 puntura zegoen. Realak ez zuen etsi, baina emaitza onak lortu arren, goialdeko postuetan zeuden taldeek erakutsitako indarrak igoera postuetara gerturatzea eragotzi zion. Azkenean, Realak denboraldia 6. postuan amaitu zuen. Instituzio arloari dagokionez, abenduaren 20an egindako Batzar Orokorrean, Jokin Aperribay buru zuen akziodunen talde batek Kontseilua kargutik kentzea proposatu zuen. Tentsio handiko egoeran, Batzordeak mozioa onartu zuen eta Jokin Aperribay taldeko presidente berri bihurtu zen.
Giro tirabiratsuaren barruan, taldearen urteurrenaren ospakizunak gure historia gogorarazteko, gure harrotasuna sendotzeko eta, zaletuekin batera, batasuna indartzeko aukera bikaina ekarri zuen. Ospakizunak urtarrilaren 20an hasi ziren; San Sebastian egunez, Realak egin zuen banderaren igoera Konstituzio plazan. Orduan hasi eta irailaren 7ra arte, Gipuzkoa osoan egin zituzten ekitaldiak. Abuztuaren 15ean, Urteurreneko jai nagusia egin zuten eta bertako ekitaldi esanguratsuena Real Madrilen aurkako partida izan zen. Izarrez beteta iritsi zen Real Madril (Casillas, Xabi Alonso, Cristiano Ronaldo, Benzema, Kaká…) eta Realari 0-2 irabazteko sufritu beharra izan zuen. Partida giro bikainean jokatu zuten. Irailaren 7an, taldeak 100 urte bete zituenean, ekitaldi instituzionala egin eta gure historiako hamaikako onena omendu zuten. Hamaikakoa herri bozketa bidez hautatu zuten eta ekitaldi harekin amaitu ziren ospakizunak modu ofizialean. Egun berean inauguratu zuten Real100 Museoa eta horixe izan da Urteurrenak utzitako ondareetako bat.
Realak Bigarren Mailan egindako hirugarren denboraldia entrenatzaile aldaketarekin hasi zen. Martín Lasarte uruguaiarrak Juan Manuel Lillo ordezkatu zuen. Johnatan Estrada, De la Bella, Nsue eta Carlos Bueno izan ziren jokalari berriak eta haiekin batera oso gaztea zen Griezmann jokalaria indar harrigarriz sartu zen. Jokalarien artean, harrobikoak izan ziren protagonista nagusiak. Taldeak izandako hasiera zalantzazkoa izan zen eta ez zuen lehen garaipena lortu bosgarren jardunaldira arte. Huescaren aurka Anoetan jokatutako partidan izan zen. Handik astebetera, Realak beste garaipen bat lortu zuen Numancia taldearen zelaian eta, lehen aldiz, igoera postuetan sartu eta denboraldi osoan eutsi zien postu horiei. Lehen itzuliaren amaieran, Reala bigarren postuan zegoen laugarren sailkatuarekiko errenta erosoarekin. Neguko merkatuan iritsi zen Songo’o taldea sendotzeko. 28. jardunaldian Reala lider jarri eta amaierara arte lehen postuari eutsi bazion ere, nekeza gertatu zitzaion helburua lortzea zeren eta, 4 jardunaldi bakarrik falta zirela, 6 taldek baitzeukaten 1. Mailara igotzeko aukera. Cadizen Realak lortutako garaipenari esker (Carlos Buenok hat tricka lortu zuen bertan), Reala Lehen Mailatik gertu-gertu geratu zen. Handik astebetera, ekainaren 13an, Realak Celta izan zuen Anoetan aurkari eta giroa ezin hobea izan zen. Xabi Prietok penaltiz lortutako golari eta Carlos Buenok egindako beste bati esker, zaletuen artean euforia piztu eta Reala Lehen Mailara itzuli zen. Bestalde, 2010eko urtarrilaren 15ean, Merkataritza arloko Epaitegiak Administrazio Kontseiluak proposatutako hartzekodunen hitzarmena onartu zuen eta Realak konkurtsoan egoteari utzi zion.
Lehen Mailara itzuli zeneko denboraldiari ekonomia eta kirol arloko egonkortasuna lortzeko lehentasunezko helburuarekin ekin zion Realak. Martin Lasartek jarraitzen zuen taldearen entrenatzaile izaten eta jokalarien taldea beterano entzutetsuek, Joseba Llorentek eta Tamudok adibidez, osatu zuten. Horiekin batera, gainera, Sutil, Sarpong eta Diego Ifran ere izan ziren. Urtarrilean, Demidov norvegiarra sartu zen taldean. Denboraldiaren zati handienean, Realak sailkapeneko erdiko postuak bete zituen. Sailkapen postu onena, seigarrena, abenduan lortu zuen Anoetan jokatutako derbian Athletici 2 eta 0 irabazi ostean. Lehen itzulia amaitzeko, Getafen gol kopuru handia lortu eta hamaikagarren postuan kokatu zen. Jaitsiera postuekiko abantaila erosoa zuen. Otsailean Mallorcaren aurka lortutako garaipenari esker, Realak zortzigarren postua lortu zuen, puntuei dagokienez zazpigarrenarekin berdinduta, eta Europarekin amestea ahalbidetu zion horrek. Baina berdinketa bateko eta sei porroteko bolada txarrak Europako ametsetik aldendu eta taldearen egoera berriro zaildu zuen. Anoetan Bartzelonaren eta Zaragozaren aurka lortutako garaipenei esker, Realak nolabait arnasa hartu ahal izan zuen, baina denboraldiko azken jardunaldiari kategoria mantendu ahal izateko puntu baten faltan aurre egin behar izan zion. Partida dramatikoa izan zen eta aurrean Getafe taldea izan zuen; hark ere salbazioa zuen jokoan. Madrildarrek aurrea hartu zioten markagailuan, baina Sutilek lortutako golak mailari eustea bermatu zuen.
2011-2012 denboraldiaren hasieran, entrenatzaile aldaketa iritsi zen. Philippe Montanierrek Martin Lasarte ordezkatu zuen Realaren aulkian. Errefortzuak iritsi ziren (Carlos Vela eta Mariga adibidez). Aldiz, harrobiko jokalari batzuek, hala nola Griezmannek, Zurutuzak, Illarramendik, Iñigo Martinezek eta Agirretxek, beren tokia sendotu zuten taldean. Denboraldi hasiera apala izan zen eta, urrian, taldea emaitzen bolada txarrean murgildu eta jaitsierako postuetan sartu zen. Benito Villamarin zelaian Betisen aurka in extremis lortutako garaipenak eta astebete geroago Anoetan Malagaren aurka lortutakoak arnasa eman zieten taldeari eta entrenatzaileari. Dena den, Kopa txapelketan Mallorcak gol sorta handia sartu zion eta horrek berriro ere zalantzak sortu zituen. Handik egun batzuetara Valentzian lortutako garaipenak, ordea, baretasuna ekarri zuen berriro. Handik denboraldi amaierara arte, Reala sailkapeneko erdiko-beheko eremuan egon zen gehiegizko arriskurik pasatu gabe. Denboraldiko azken partidan, gure kapitaina, Mikel Aranburu, garaipenarekin agurtu ahal izan genuen.
Montanierrek Realaren aulkian egindako bigarren denboraldiaren hasieran, Jose Angel eta Chory Castro jokalariak iritsi eta harrobiko jokalari batzuk (Ruben Pardo, esate baterako) gehitu ziren. Denboraldiaren hasiera apala izan zen eta 10. jardunaldian Anoetan Espanyolen aurka jasandako porrotaren ondorioz, Reala jaitsiera postuetatik gertu kokatu zen. Taldeak erantzun bikaina eman eta hurrengo 12 puntuetatik 10 lortu zituen. Horien artean, aipatu beharrekoa da Valentziaren aurka egindako gol kopuru handia. Lehen itzuliaren amaieran, Reala 9. postuan zegoen, Europako postuetatik 5 puntutara. Bigarren itzuliaren hasiera ezin hobea izan zen: Realak Bartzelona garaitu zuen Anoetan. Taldeak emaitza onak lortzen jarraitu zuen: garaipena San Mamesen jokatutako azken derbian eta Atletico Madril taldearen aurkako garaipena Vicente Calderon zelaian, adibidez. Azken emaitza horri esker, Reala bosgarren postuan kokatu zen, Europan sartzeko lehiaren erdi-erdian. Hurrengo jardunaldian Valladoliden aurka lortutako gol sorta ederrari esker, taldea laugarren postuan, Champions Leaguerako sarbidea ematen zuen azken postuan, kokatu zen. Handik denboraldi amaierara arte, Realak gogor egin behar izan zuen borroka postuari eusteko. Aurkari nagusietako biren aurka (Malaga eta Valentzia) Anoetan lortutako garaipenak zirela eta, bidea zelaitu egin zela zirudien, baina Getafen izandako porrotaren (bigarren itzuli osoan izandako bakarra) eta Granadaren aurka lortutako berdinketaren ondorioz, Reala Valentziarekin berdinduta geratu zen puntuei dagokienez. Taldeak, ordea, Sevillan garaipen bikaina eskuratuta erantzun zuen eta azkenaurreko jardunaldian Xabi Prietok deskontu denboran egin zuen golari esker, Realak puntu bat eskuratu ahal izan zuen Real Madrilen aurkako partidan. Taldea bosgarren postuan zegoen, Valentzia taldearengandik bi puntura, eta guztia azken jardunaldian erabakiko zen. Realeko zein Valentziako jokalariek azken partida kanpoko talde gisa jokatu behar zuten. Realak garaipena lortu zuen Riazorren Griezmannek sartutako golari esker; aldiz, Valentziak galdu egin zuen Sevillan. Ondorioz, 13 urte geroago, Reala Champions Leaguera itzuli zen.
2013-2014ko denboraldia entrenatzaile aldaketarekin hasi zen. Realeko entrenatzaile gisa bi denboraldi eman ostean, Jagoba Arrasatek Philippe Montanier ordeztu zuen. Jokalariei dagokienez, Seferovic, Granero eta Canales iritsi ziren (azken hori neguko merkatuan). Aldiz, Real Madrilek Asier Illarramendi eraman zuen kontratua desegiteko klausula ordaindu ostean. Aurreko denboraldian bikainki lortutako laugarren postua zela eta, Realak aldez aurreko kanporaketa jokatu behar izan zuen Champions Leagueko taldeen fasera sartu ahal izateko. Zozketaren emaitzaren ondorioz, Realak aspalditik ezagutzen zuen talde bat, Olympique Lyonnais, izan zuen aurrean. Talde hori izan zen, hain zuzen ere, Champions txapelketan izan genuen aurreko parte hartzea amaiarazi zuena. Oraingoan, ordea, emaitza oso bestelakoa izan zen. Joaneko partidan, Lyonen, Realak 0 eta 2 irabazi zuen Griezmannek eta Seferovicek sartutako golei esker. Itzulerako partida emaitza berberarekin amaitu zen eta bi golak Carlos Velak sartu zituen. Taldekako fasean, Realak Shakhtar Donetsk, Bayer Leverkusen eta Manchester United izan zituen aurkari. Gehiago merezi izan zuen arren, Realak bi porrotekin ekin zion ligaxkako parte hartzeari; lehen porrota Anoetan izan zen Shakhtar taldearen aurka, eta bigarrena Leverkusenen. Manchester United taldearen aurkako bi partidetan, honako hauek izan ziren emaitzak: Manchesterren 1 eta 0 galdu zuen Realak, eta Anoetan hutsean gelditu zen partida. Kontinenteko txapelketa nagusiko parte hartzea amaitzeko, Realak beste bi porrot izan zituen, eta kanpoan geratu zen.
Kopan taldeak denboraldi bikaina egin zuen. Algeciras, Vila-real eta Racing kanporatu ostean, finalerdietako aurkaria F.C. Bartzelona izan zen. Epailearen lana oso polemikoa izan zen Camp Noun jokatutako joaneko partidan, eta katalanek abantaila hartu zuten kanporaketan Realari 2 eta 0 irabazita. Itzulerako partida, berriz, banako berdinketarekin amaitu zen, eta Reala finalaren atarian gelditu zen. Ligan, hasiera zalantzati baten ondoren, Realak gorako bideari ekin zion bederatzigarren jardunaldian, Valentzia garaituta. 12. jardunaldian Osasunari gol sorta ederra sartu ostean, Reala Europako postuetan kokatu zen, eta bertan mantendu zen denboraldi guztian. Europako txapelketa baterako berriz ere sailkatu arren, denboraldia nolabaiteko oroitzapen txarrarekin amaitu zen, Anoetan izandako azken emaitzak zirela eta: berdinketa Granadaren aurka eta porrota Vila-realen aurka. Hala, Reala zazpigarren gelditu zen, eta Europa Leagueko aurretiazko bi kanporaketa jokatu behar izan zituen.
2014-2015ko denboraldiaren hasieran, jokalarien artean aldaketa handiak izan ziren. Azken denboraldietako arrakastetan funtsezkoak izan ziren bi kide, Claudio Bravo eta Griezmann, Bartzelonara eta Atletico Madrilera joan ziren hurrenez hurren. Gainera, beste jokalari batzuek ere –tartean Seferovic eta Jose Angel– taldea utzi zuten. Haiek ordezkatzera, Rulli, Finnbogason eta Yuri Berchiche etorri ziren. Aurreko denboraldian lortutako zazpigarren postua zela eta, taldeak bi kanporaketa jokatu behar zituen Europa Leagueko taldekako fasean sartu ahal izateko. Lehen kanporaketan, Realak Eskoziako Aberdeen taldea kanporatu zuen bi partidak irabazita. Bigarren kanporaketan, berriz, aurkaria Errusiako Krasnodar izan zen. Reala 1 eta 0 nagusitu zen Anoetan jokatutako joaneko partidan, baina ezin izan zion abantailari eutsi itzulerako partidan, 3 eta 0 galdu zuen eta. Ligan, taldea beheranzko joeran sartu zen luze gabe, eta 10. jardunaldian Anoetan Malagaren aurka galdu eta Reala azkenaurreko postuan kokatu zenean, entrenatzailea aldatu zuten. David Moyes, Manchester United taldeko entrenatzaile gisa Anoetan egona zena, Jagoba Arrasate ordezteko aukeratu zuten. Eskoziako entrenatzailearekin, taldeak egoera zuzentzea lortu zuen, baina ez zuen Europako postuetan sartzeko lehiatzerik izan. Denboraldi hartako datu bitxi gisa, esan dezagun Realak hiru entrenatzaile desberdinekin garaitu zituela Anoetan Real Madril, Atletico Madril eta F.C. Bartzelona. Jagoba Arrasate, Asier Santana eta David Moyes izan ziren entrenatzaileak, hurrenez hurren.
2015-2016ko denboraldiaren hasieran, Realak bere jokalari taldea sendotu zuen Jonathas, Bruma, Reyes, Oier, Raul Navas eta, bereziki, Asier Illarramendirekin. Bi denboraldi Real Madrilen eman ostean, mutrikuarra Realera itzuli zen. Finnbogasonek, Zubikaraik eta Cadamurok, berriz, utzi egin zuten taldea. Aurreko denboraldian gertatu zen moduan, denboraldi hasiera ez zen ona izan eta Las Palmasen aurka galdu ostean, taldea jaitsiera postu arriskutsuetara gerturatu, eta entrenatzailea aldatu zuten. Eusebio Sacristan aukeratu zuten Realeko aulkian David Moyesen lekua hartzeko. Eusebiorekin, taldeak emaitza bolada onak (22. jardunalditik 25.eraino lau garaipen lortu zituen jarraian) bolada txarrekin txandakatu zituen. Irregulartasun hori zela eta, taldea beti egon zen sailkapenaren erdialdean eta denboraldi amaieran bederatzigarren gelditu zen.
1908 - 1909
1980 - 1981
1981 - 1982
1982
1986 - 1987
2018 - 2019
2019 - 2020
Kontsultatu gure funts dokumentala eta aurkitu Realak iraganeko denboraldietan zer egin zuen, klubetik igaro zen edozein jokalarik zer emaitza lortu zituen edo historiako entrenatzaile guztien datuak.
Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.
Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!
Gure kide teknologikoari, Microsoft, esker, urteetan zehar gehituz joan garena isladatzea lortu dugu bi grafiko hauetan.
Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.
Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!
Urria – Apirila
Asteartetik larunbatera
Anoetako estadioan obrak direla eta museoa itxita egongo da hurrengo asteetan.
.
Maiatza - Iraila
Astelehenetik larunbatera
Anoetako estadioan obrak direla eta museoa itxita egongo da hurrengo asteetan.
.
Partida egunetan, 90 minutu aurretik zabaltzen da doako sarrerarekin gure abonatuentzat eta neurketarako sarrera duten zaleentzat.
Itxita igande eta jaiegunetan
Ordutegi bereziak Gabonetan eta Aste Santuan
Urria – Apirila
Asteartetik ostiralera
Anoetako estadioan obrak direla eta museoa itxita egongo da hurrengo asteetan.
Anoetako estadioan obrak direla eta itxita egongo da hurrengo asteetan
Maiatza - Iraila
Astelehenetik ostiralera
Anoetako estadioan obrak direla eta museoa itxita egongo da hurrengo asteetan.
Anoetako estadioan obrak direla eta itxita egongo da hurrengo asteetan
Partida egunetan eta partida ondorengo egunetan, ez dira bisitarik egongo. Izan ere, bisitak antolatzeko orduan, aldaketak egon daitezke Estadioan ospatzen diren ekintzen arabera.
Museoa | Museoa + Estadioa | |
---|---|---|
Helduak | 4€ | 6€ |
14 urte baino gazteagoa | 2€ | 3€ |
Bazkide heldua | 2€ | 3€ |
Bazkidea 14 urte baino gazteagoa | Doan | Doan |
Zuretzat bakarrik prestatu ditugun edukietaz gozatzera gonbidatzen zaitugu.
Eta,laister, askoz gehiago
Hau dena galdu behar al duzu? Sartu eta gozatu zure klubaz.
Saioa hasi