Historia
Gipuzkoako pilotaren eta frontoien historian, Realeko pilotariren bat beti egon da hor. Hala, gure pilotariak probintziako pilotaleku ospetsuenetako inaugurazio eta funtzioetan nabarmendu dira, hala nola Anoetako frontoian (egungo Atano III.a), Galarreta Jai-Alain, Carmelo Baldan, Azpeitiko frontoian, Aretxabaletakoan, Hondarribikoan...
Realaren pilotako atala hogei pilotarik osatzen dute modalitate hauetan: palan, pala motzean, larruzko paletan eta gomazko paletan; trinketeko larruzko paleta ahaztu gabe. Gurea erreferentziazko klub bat da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketa desberdinetan; baita Espainiako txapelketan parte hartzen duen talde apartekoan ere.
Realaren pilotari zerrendak denboraldiz denboraldi hornitzen ditu pilotariz bai tokiko bai probintziako selekzioak Herri arteko txapelketetan eta GRAVNI txapelketan (afizionatu mailako txapelketa, non Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkai, Nafarroa eta Iparraldeko federazioek parte hartzen duten modalitate desberdinetan), hurrenez hurren. Gen txuri-urdinari esker, gure kirolariak lehiakorrak eta konprometituak dira, eta harrotasun handiz defendatzen dute Realaren ikurra, parte hartzen duten txapelketa guztietan. Astero partida ofizialak jokatzen dira Atano III.a frontoian, sarrera dohainik.
Gure-gurea dugun bertako kirol erakargarri hau bizirik mantentzeko xedez, “Pala Eskola” jarri dugu martxan, tresna horrekin ikasi eta gozatu nahi duten haurrek erabil dezaten. Horretarako, gomazko/larruzko paletarekin jokatzen hasten dira.
*Argazkiak: Real Sociedad, Jaunsar, A.Alonso, Fototeca Kutxa
Gertaera esanguratsuak
Klub honen koloreak defendatu dituzten pilotarien artean, zenbait izen berezi aipatu beharra dago:
Jesus Gurruchaga: erremonteko zenbait titulu nazional irabazi ondoren –hala atzelari nola aurrelari gisa–, espezialitatea aldatzea erabaki eta munduko txapeldun izatera iritsi zen pala luzean, 1952an Hossegorren (titulu hori jokatu den aldi bakarrean); gainera, txapeldunorde ere izan zen larruzko paletan, 1962an Iruñean. Bere ibilbidearen azken urteetan tresna biak txandakatu zituen, eta egun berean 2 final antologiko irabazi ere egin zituen. Nazioko eta probintziako ezin konta ahala tituluz osatu zuen bere palmaresa.
Gehiago irakurri
Lucio Unanue: pala motzeko munduko txapeldun izan zen 1966an Montevideon, eta txapeldunorde larruzko paletan Gurruchagarekin batera; eta jakina, probintziako zein nazioko tituluak ere irabazi zituen.
Juan Cruz Artola: munduko titulu bi lortu zituen pala motzean Donostian 1952an eta Montevideon 1955ean; baita nazioko eta probintziako beste txapelketa asko ere.
Jose Eugenio Fernandez: nazioko eta probintziako txapeldun izan zen palan eta pala motzean, eta munduko txapelketan selekzioarekin jokatzeko ere aukeratu zuten.
Pilotari ospetsu horiez gainera, beste izen batzuk ere nabarmendu beharra dago, hala nola:
Esku pilotan: Ayerbe, Garmendia eta Urriolabeitia.
Zesta puntan: Etxeberria, Balda, Nestor, Okoki eta Ramon Ezkurdia.
Erremontean: Macazaga, Nieva, Irastorza, Gonzalez, Muñoz, Aguirre eta Azua.
Palan eta pala motzean: Paco Bengoechea, Yurramendi, Torres, Paredes, Anza, Carrasco, Valle eta Canellada.
Trinketean: Oscar Herrera eta Javier Letamendia aipatu behar dira, txapelketa nazionala eskuratu eta, horren ondorioz, munduko txapelketan jokatzeko hautatu zituzten eta.
Seguruenik, entzute handiko pilotari gehiagoren izenak gelditu zaizkigu tintontzian aipatu gabe; dena den, profesionaltasunera iritsi ziren azkenak aipatuko ditugu.
Aratz Mendizabal: “Mendizabal I.a” Zaldibikoa da jaiotzez. ASEGARCErekin egin zuen debuta esku pilotan, 2003ko uztailean, Zarauzko Aritzbatalden. Bigarren mailako 2 txapelketa eskuratu zituen: Eskuz binaka bat eta 4 eta ½-an beste bat.
Iñigo Navarro: profesional gisa, EUSKO BASQUErekin egin zuen palan debuta, 2002ko abenduan, Deportivo de Bilbao Klubeko pilotalekuan. Gaur egun Realeko afizionatu mailako pilotari birkalifikatu gisa dihardu.
Iñigo Oiartzabal: Deportivo de Bilbao frontoian egin zuen palan debuta 2009ko urtarrilean, INNPALA enpresarekin. Palako partidetan esatari lanak egin ohi ditu ETBn.