Partiden zurrunbiloan murgilduta, Reale Arenara helduko da gaur arratsaldean, inork ez bezala egoerarik onena ateratzen dakien aurkari horietako bat. Ez da ikusgarriena, hobekien jokatzen duena, ezta txalo gehien jasotzen dituena ere, baina badaki bere bertuteei ahalik eta etekin handiena ateratzen.
Getaferen entrenatzailearen zigilua agerikoa da. Ziurrenik ez da egongo Bordalasen taldeak baino gehiago markatutakorik. Urte askoan frogatu izan da, nahiz eta kirolzale gehienen gustukoak ez izan, futbol hori ere eraginkorra dela eta emaitzak ematen dituela. Petrolioa ateratzen dute ezerezetik.
Gaur harria pikatzea eta txikitzea tokatuko da, pazientzia handia izatearekin batera. Ez dira onak izan ligan eta Europan lortutako azken bi emaitzak, baina Realak etxeko gisa duen aurpegi ona erakusten jarraitu behar du eta sailkapenean gero eta gorago jarriko duen partida hau aurrera atera. Eskakizun eta ahalegin fisiko handiko asteak datoz. Garaipenek moralari laguntzen diote eta kilometro horiek hanketan gutxiago sentitzen dira. Gaur aurrean dugun hezurra ezagun dugu, baina irabazteko unea da. AURRERA REALA!!!