LEVANTE 1-0 REAL SOCIEDAD

Egun txarra

Vídeo

Realak 1-0 galdu du gaur goizean Levanteren aurka jokatu duen partidan. Txuri-urdinak garaipenarekin berriz elkartzeko asmoz zelairatu dira, baina Andonovak bigarren zatian sartutako golak etxekoen alde erabaki du partida.

Intentsitate handiko lehia jokatu da Buñolen. Partidako lehen jokaldian Reala markagailua irekitzetik oso gertu egon da, baina Korenciovak Gabyren jaurtiketa gelditu du. Etxekoek berehala erreakzionatu dute, eta partidako hamargarren minutua bete baino lehen, Elene gure atezainaren esku-hartze bikainak Andonovaren gola eragotzi du. Minutuek aurrera egin ahala bi taldeak saiatu dira aurrea hartzen, baina gol aukera argirik sortu gabe. Etxekoak Elenek defendatutako atera hurbildu dira Andonova eta S. Llorisen bitartez, baina ez dute markagailua irekitzea lortu. Txuri-urdinek ere izan dituzte bereak. Argiena Gabyk izan du 24. minutuan, baina Korenvica atezainak, berriro ere, Realaren gola saihestu du. Lehen zatiko azken txanpan, etxekoek presentzia handiagoa izan dute gure zelaian, baina Natalia Arroyoren taldeak defentsan egindako lan bikainak Levanteren lehenengo gola eragotzi du.

Realak ez ditu besoak jaitsi eta atsedenaldiaren ostean bi aukera argi izan dituzte markagailuan aurrea hartzeko. Lehenengoa Gabyk izan du berriro: Nuriaren erdiraketa bat errematatzea lortu du, baina baloiak langarekin egin du topo. Pena handia. Realekoek lanean jarraitu dute, eta handik gutxira Korenciovak, zailtasunez, Amaiurren gola saihestu du. Levantek berehala erreakzionatu du eta 60. minutuan aurrea hartu dute Andonovaren bitartez. Azken honek, aldaratze batzuen ondoren, baloia sare barrura bidali du. Golaren ostean, Levantek aurrera egiten jarraitu du, eta Elene izan da bigarrena eragotzi duena, hainbat esku-hartze handiren ondoren. Gipuzkoarrak, berriz, lehia berdintzen saiatu dira, baina ez dute beraien eguna izan, eta amaieraraino saiatu diren arren, ez dute golik sartu eta ez dute punturik lortu Buñolera egindako bisitan.

Azkenean, Realak partida ondo hasi duen arren, Valentziako taldeak garaipena lortu du Andonovak bigarren zatian sartutako golari esker. Azken unera arte saiatu dira, baina txuri-urdinek ez dute egunik onena izan. Orain selekzioen geldialdia eta, 20 egun barru, txipa aldatu eta Erreginaren Kopan zentratzea tokatzen da Villarrealen futbol zelaia bisitatzeko. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

UD Levante: Korenciova, S. Lloris, N. Mendoza Calligaris, Paula T, L. Baños, Tatiana P., Irene G., Fiamma (Gio, min. 58), Redondo (kap.) (Toletti, min. 72) eta Andonova (Falcon, min. 89).

Real Sociedad: Elene, Emma, Tejada, Vanegas, Nuria R. (Iraia, min. 75), I. Arnaiz, Gaby (Jensen, min. 69), N. Eizagirre (kap.) (Mirari, min. 75), Gemma, Amaiur eta Franssi.

Gola: 1-0: Andonova, min, 60.

Epailea: Luna Varo. Txartel horia erakutsi die etxeko N.Mendoza eta Giori eta kanpoko N. Eizagirre eta Gabyri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!