REAL SOCIEDAD 2-1 FC BARCELONA

Historia egin dute berriro

Realak historia egin du berriro. Joan den denboraldian FC Barcelonari irabazi ondoren (Liga F-n galdu zuten partida bakarra izan zen hura), gipuzkoarrek balentria errepikatu dute eta munduko talderik onenari 2-1 irabazi diote gaur goizean Zubieta Estadioan.

Txuri-urdinek lehen zati bikaina jokatu dute, aurrez aurre lehiatuz eta nortasuna zein anbizioa erakutsiz. Hala ere, katalanak izan dira aurrea hartu dutenak, norgehiagoka hasi eta berehala Patri Guijarrok areaz kanpo geratutako aldaratze bat baliatu eta ezkerrez egindako jaurtiketa batekin gola sartu ondoren. Baina donostiarrek berehala erantzun dute Ceciliaren gol ikusgarri batekin: Nerearen pase luze bikaina jaso eta ezkerrez ederki amaitu du jokaldia. Gipuzkoarrek aurkariaren atea bilatzen jarraitu dute eta Ainhoa Marínek buruz buruko aukera bat izan ostean, aurrelariak Zubietara zoramena ekarri du Nerearen jokaldi ikusgarri bati amaiera emanda: Cata Coll gainditu eta ate hutsaren aurrean gola sartu du. Lehen zati izugarria.

Bigarren zatian, espero zitekeen bezala, kanpoko taldeak izan du jokoaren kontrola. Hala ere, txuri-urdinek arriskua sortu dute berriro kontraerasoan, eta Ceciren ezkerkada izan da aukerarik onena, Cata Collek harrapatzea lortu duen jaurtiketa batean. Katalanek estutzen jarraitu dute eta Patri berdinketa lortzeko zorian egon da korner baten irteeran, baina Alaznek geldiketa ikusgarria egin du baloia urruntzeko. Partidaren azken txanpan, epaileak penaltia adierazi du Estherrek Brugtsi egindako jokaldi batengatik, baina FVS sistemaren bidez ekintza berrikusi ondoren, erabakia bertan behera utzi du, Realeko atzelariak baloia garbi atera duela egiaztatuta. Ez zegoen beste aukerarik. Azken abagunea Pajorrek izan du, Alazneren irteera aprobetxatuta, baina, zorionez, baloia apur bat desbideratuta joan da.

Garaipen historikoa, gorantz jarraitzen duen Real batentzat. Hearts taldearen aurkako kanporaketa gainditu eta etenaldiaren aurretik Valenciari irabazi ostean, donostiarrek iazko balentria errepikatu dute. Orain, ospatzeko eta datorren larunbatean RCD Espanyolen aurka jokatuko duten partida prestatzeko garaia da. Aupa Real!!!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: A. Estensoro, L. Camino, Esther, Apari, Florentino, Moraza, Cahynová (Isasisasmendi, min. 65), Ainoa, Ainhoa M. (Arola A., min. 90+6), Cecilia (Intza, min. 87) eta N. Eizagirre (kap.) (Maren, min. 65).

FC Barcelona: Cata Coll, Martina (Aïcha, min. 60), Paredes, Van Asten, Brugts, Patri (kap.), C. Serrajordi (Graham, min. 75), Aitana (Sydney, min. 60), Carla Julià (Kerolin, min. 60), Rosalía (Kika, min. 69) eta Pajor.

Golak: 0-1: Patri, min. 1; 1-1: Cecilia, min. 13; 2-1: Ainhoa M., min. 45+1.

Epailea: Melissa López. Txartel horia erakutsi die etxeko Apari eta L. Caminori eta kanpoko Martina eta Aitanari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!