REAL SOCIEDAD 4-0 RAYO VALLECANO

Historikoak

Vídeo

Realak historia egin du. Lehen aldiz, txuri-urdinek Europan jokatuko dute Rayo Vallecano 4-0 mendean hartuta gaur goizean Zubietan. Natalia Arroyoren neskek beste mugarri handi bat lortu dute klubaren historian, hasieratik bukaerara denboraldi aparta eginez. Helburu nagusia lortuta dago, baina Realak denboraldiko bigarren postua mantentzen jarraitu nahi du. Bi partida falta direnean, oso gertu daude lortzetik, baina ziurtatu egin behar da egindako denboraldi izugarriari amaiera bikaina emateko.

Bere historian lehen aldiz Europarako txartela ziurtatuko zioten hiru puntuak lortzeko helburuarekin zelairatu da Reala. Arriskuko lehen abagunea 5. minutuan iritsi da, Jensenen erdiraketa baten ostean. Amaiur gutxigatik ez da iritsi. Handik gutxira Mirari markagailua irekitzetik oso gertu egon da, baina kanpokoen atezainak aurrenekoa eragotzi du Mirarirekin buruz burukoan esku hartu ondoren. Realak jokoan nagusi izaten jarraitu du lehen zati osoan zehar, goizeko lehenengoaren bila. 18. minutuan Amaiurren jaurtiketak langa jo du Gemmaren errematearen aldaratze bat aprobetxatu ostean. Saiatu egiten denak lortu egiten du. Eta horixe gertatu zaio Realari. Neurketako 23. minutuan Amaiurrek lehen gola sartu du, atezainaren aurrean gelditu eta baloia sareetara bidaliz. Etxekoek lehen zati osoan izan dituzten nagusitasun eta gol aukerak gorabehera, Realak ez du aldea handitzea lortu. Markagailuan abantailarekin eta sentsazio onekin amaitu da lehen zatia. 45 minutu falta ziren amets hori errealitate bihurtzeko.

Atsedenaldiaren ostean, kanpokoek aurrerapausoa eman dute Realaren baloi irteera zailduz. Hala ere, txuri urdinek ondo irakurri dute partida eta kontrola mantendu dute, eta horrela iritsi da bigarrena, Amaiurren bidez. Donostiarrak Nerearen pase bikaina aprobetxatu du baloia sare barrura bidaltzeko. Bigarrenaren ostean, partida Realarena izan da. 70 minutu igaro ondoren, eta nola ez, gure kapitainak zaleei beste gol izugarri bat eskaini die. Realak, bere zaleen laguntzarekin, gozatzen eta gozarazten jarraitu nahi zuen eta horrela, handik gutxira, Amaiurrek aldeak handitu ditu bere hirugarren gola eginez, talde txuri-urdinaren laugarrena. Berriz ere, hutsik egiten ez duen Realaren partida handi bat.

Maiatzaren 1a ere egun historikoa bihurtu da klubarentzat. Txuri-urdinek historian lehen aldiz ziurtatu dute Europarako txartela. Bi jardunaldiren faltan, Realak Txapeldunen Liga jokatuko du datorren urtean. Natalia Arroyoren neskek zaleekin batera gozatu ahal izan dute mugarri horretaz, denboraldi osoan zehar gureak babesten eta animatzen ibili baitira. Anbizioa, hori izan da arrakastaren gakoetako bat, eta nola ez, txuri-urdinek dena emango dute azken bi jardunaldietan merezi duten bigarren postu horri eusteko. Historikoak!

 

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Elene, Etxezarreta (Tejada, min. 82), Vanegas, Maddi, Nuria, R. (Izarne, min. 82), Allegra, Gemma (Gaby. G. min. 82), N. Eizagirre (kap.), Amaiur, Jensen (Franssi, min. 16) eta Mirari (Emma, min. 70).

Rayo Vallecano: Yohana, Hayden (Bulatovic, min. 70), L. Balleste, Pilar García (kap.), P. Fernandez, Isadora, Millene, Saez, Leles (Yanara, min. 64), Bores eta Claudia (Iris, min.64).

Golak: 1-0: Amaiur, min. 24, 2-0: Amaiur, min. 64, 3-0: N. Eizagirre. min. 72, 4-0, Amaiur. 75

Epailea: Frias Acedo. Txartel horia atera die etxeko Emmari eta kanpoko Laila Ballesteri.



Baliteke irudi batzuetan zu edo zure ardurapean dagoen adingaberen bat agertzea; beraz, irudi horiek argitaratzea nahi ez baduzu, jakinarazi iezaguzu, mesedez, [email protected] posta elektroniko helbidera idatziz, eta berehala kenduko ditugu irudi horiek. Dagokion pribatutasun-politika honako esteka honetan aurki daiteke: https://cdn.realsociedad.eus//Uploads/CntDetalles/197/7/cabb0083-3435-4456-8939-0f9644c141bb.pdf.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!