REAL SOCIEDAD 0-2 LOGROÑO UNITED

Kolpea hasteko

Realak ez dio ondo ekin ligari. Donostiarrek 0-2 galdu dute Logroño Uniteden aurka azken txanpan erabaki den partida gris batean.

Berdintasuna nagusitu da lehen berrogeita bost minutuetan. Ia ez da aukerarik egon, talde bakoitzak nabarmentzeko moduko bana izan duen arren. Errioxarrek korner batean izan dute euren abagunea: Ana Francok, area txikian baloia kontrolatu ostean, langa gainetik bidali du. Txuri-urdinek ezker hegaletik sortu dute arriskua eta, jokaldi horietako batean, Intzak erdiraketa bikaina jarri du, baina Seelenfreundek egindako errematea oso gutxigatik kanpora joan da.

Donostiarrak hobeto atera dira aldageletatik itzuli ostean eta neurketako aukerarik onena izan dute, baina Morazaren ezkerkadak langan jo du. Minutuak aurrera joan ahala, partida berriro parekatzen joan da eta, jokaldi solte batean, Mawetek Catak ezkerretik egindako erdiraketa baliatu du area barruan errematatzeko eta errioxarrak markagailuan aurretik jartzeko. Txuri-urdinek ahal zuten guztia egin dute eta era guztietara saiatu dira. Baina ezinezkoa izan da. Gainera, azken jokaldian, Crisek partida erabakita utzi du kontraeraso batean.

Porrota Realarentzat liga hasiera honetan. Ez dago atsekabetzeko astirik; asteazkenean Chelsea FC taldearen aurka jokatuko den Women's Champions League txapelketako itzuliko partidan jarri behar da arreta.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: J. Arrula, L. Camino (Arola A., min. 59), Soroa (Ainoa, min. 83), Apari, Moraza, Cecilia (Isasisasmendi, min. 67), Cahynová, Esther (P. Fernández, min. 59), Intza, N. Eizagirre (kap.) eta Seelenfreund (Ainhoa M., min. 67).

Logroño United: Miralles, Morcillo (Laura M., min. 85), Rebeca, Marta, Annelie, Cata (Comfort, min. 85), Falfán, Isina (kap.), Ana Franco (Cris, min. 71), M. Barquero (Mawete, min. 59) eta Asenjo (Adamolekun, min. 71).

Golak: 0-1: Mawete, min. 76; 0-2: Cris, min. 90+4.

Epailea: Beatriz Cuesta. Txartel horia erakutsi die etxeko N. Eizagirre, Cecilia eta Estherri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!