UDG TENERIFE 1-1 REAL SOCIEDAD

Txapeldunordeak!

Vídeo

Realak bigarren postua ziurtatu du sailkapenean, gaur goizean La Palmeran UDG Teneriferen aurka bana berdindu ostean. Bigarren postuak borobildu egin du txuri-urdinentzat berez historikoa den denboraldia, lehen aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko sailkapena lortu baitzuten aurreko asteburuan.

Partida maldan gora jarri zaio Realari hasi eta berehala, Martin-Prietok bigarren minutuan sartutako gol goiztiarraren ondoren. Etxeko taldeak abantaila aprobetxatu nahi izan du markagailuko aldea handitzeko. Bestalde, etxeko taldeak defentsan egindako lan on bati esker, Realak ezin izan du arriskua sortu aurkariaren ate inguruan partidaren lehen minutuetan. Txuri-urdinen lehenengo abagunea 20. minutuan iritsi dira, baina Noelia Ramos atezainak arazorik gabe gelditu du jaurtiketa. Lehen iritsiera horren ondoren, Natalia Arroyoren neskek aurrerapausoa eman dute, arrisku aukerak sortuz. Lehenengoa 24. minutuan iritsi da, baina Franssiren jaurtiketak langa jo du. Handik gutxira, Etxezarretak oso gertu izan du berdinketa, baina kornerretik irtetean buruz egin duen errematea gutxigatik joan da. Realak lanean jarraitu du, eta horrela, atsedenaldia baino pixka bat lehenago, Mirari Uriak banakoa egin du Amaiurren pase on bat sare barrura bidalita. Berdinketarekin amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatia askoz parekatuago hasi da eta ez da hurbilketa arriskutsurik izan. Aukerak, beraz, geldikako jokaldietan iritsi dira. Langak bi aldiz eragotzi du txuri-urdinen gola: Etxezarretaren burukadarekin lehenengo eta Maddiren urruneko jaurtiketa batekin gero. Gola gertu egon da. Etxekoen erantzuna handik gutxira etorri da, Martin-Prietoren erremate gurutzatuarekin, zutoinetik gertu. Partida oso irekia izan da amaierara arte eta etxeko taldeak partida irabazteko aukera argia izan du azken minutuetan, Martin-Prietok korner baten irteeran egindako erremateari esker. Sufrimenduz, baina markagailua ez da berriro mugitu.

Hau meritua. Izugarria jokalari guztien ahalegina denboraldiko bisitarik zailenetako batean puntu bat lortzeko. Beraz, denboraldia bigarren postuan amaituko dugu eta txapeldunorde izango gara. Historikoa. Orain, amaiera datorren asteburuan Reale Arenan, non Deportivo Alavesen bisita jasoko dugun. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

UDG Tenerife: Noelia Ramos, Estella, Pisco (kap.), Cubedo (Doblado, min. 46), Patri Gavira, Natalia Ramos (Nasello, min. 73), Claire, Sandra (Sara López, min. 46), Blom (Koko, min. 58), María Jose (Robledo, min. 73) eta Martin-Prieto.

Real Sociedad: Elene, Etxezarreta, Vanegas, Maddi, Nuria, R., Allegra, Gemma (I. Arnaiz, min. 87), N. Eizagirre (kap.) (Gaby, G., min. 87), Amaiur, Franssi eta Mirari (Emma, min. 59).

Golak: 1-0: Martin Prieto, min. 2, 1-1: Mirari Uria, min. 41.

Epailea: Cuesta Arribas. Txartel horia erakutsi die etxeko Blomi eta kanpoko Amaiurri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!