ATLETICO DE MADRID 0-1 REAL SOCIEDAD

Urrezko hiru puntu

Realak azken momentuko garaipena lortu du Centro Deportivo Wanda Alcala de Henaresen. Huts eta bat irabazi diote Atletico de Madridi Nerea Eizagirrek azkenengo minutuan sartutako gol bati esker.

Txuri-urdinek, bigarren sailkatuak, sailkapeneko hirugarrenaren aurka jokatu dute. Garrantzi handiko lehia. Lehenengo zatia oso parekatua izan da eta bi taldeek izan dituzte markagailuan aurreratzeko gol aukerak. Lehenengoa etxekoek izan dute Deynak egindako erremate batekin, baina Elenek urrundu egin du baloia. Hortik aurrera jokaldi garbienak Realarenak izan dira: Irisen erremate bat lehenengo, jarraian Gabyren beste bi eta azkenik Nuriaren erdiraketa arriskutsu bat. Hala ere, lehenengo zatiko aukera garbiena Ludmilak izan du, baina ez du asmatu atezainaren aurrean. Eskerrak.

Aldageletatik bueltan etxeko taldeak asko estutu du, eta hiru aukera izan dituzte jarraian markagailua estreinatu ahal izateko. Lehenengo bi aukeretan Letek Maitaneren eta Deynaren golak ekidin ditu, eta hirugarrenean Frisbieren erremateak ez du talde gipuzkoarraren atea aurkitu gutxigatik. Txuri-urdinek aurrera pauso bat eman dute Atletico de Madriden hasiera horren ostean, baina aukera garbirik gabe. Gaby izan da protagonista kanpokoek izan duten aukera gutxietako baten: jokaldi konbinatu on baten ostean baloia bere hanketara iritsi da baina erremateak ez du gipuzkoarren lehenengo gola ekarri. Parekotasunak nagusi izaten jarraitu du ia amaierararte, baina orduan agertu da gure kapitaina. Epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du, eta Nerea Eizagirrek ez du barkatu L. Gallardoren aurrean.

Asko borrokatutako hiru puntu lortu dituzte txuri-urdinek ligako talde onenetako bati egindako bisitan, eta horrela sailkapeneko goiko postuetan jarraitzen dute. Datorren igandean UD Granadillaren bisita jasoko dute Zubietan. Aurrera Reala!

 

Fitxa teknikoa:

Atletico de Madrid: L. Gallardo, Aleixandri (kap.), Van Dongen, Maitane, Ludmila, Deyna C., Santos (Ajibade, min. 86), Menayo, Frisbie (Guagni, min. 64), Barbara (A. Sampedro, min. 76) eta Shei (Meseguer, min. 64). 

Real Sociedad: Lete, Emma, Etxezarreta, Tejada (Vanegas, min. 87), Nuria R., I. Arnaiz, Gemma, Amaiur (Iraia, min. 71), Gaby (Izarne, min. 78), N. Eizagirre (kap.) eta Franssi. 

Gola: 0-1: N. Eizagirre (p.), min. 93

Epailea: Suarez Gonzalez. Txartel horia atera die Atletico de Madrideko Frisbie, Maitane, Shei eta Van Dongeni, eta Realeko Gaby eta Tejadari.

 

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!