Sansek bi eta bat irabazi dio Ourenseri gaur goizean Reale Arenan. Eder Garcíak azken minutuan egindako golak garaipena eman die txuri-urdinei, eta sailkapeneko bigarren postuan itxiko dute urtea.
Partida hasiera bikaina izan du gure filialak, Ruperezen area ertzetik egindako jaurtiketa batekin aurre hartu baitu markagailuan. Handik gutxira, epaileak penaltia adierazi du Mikel Rodriguezek baloia berreskuratu eta area barruan Carmonak lurrera bota ostean, atezainaren aurka bakarrik zihoanean. Goti izan da hamaika metroetatik jaurtitzeko arduraduna, baina Marquetak, geldiketa on batekin, gipuzkoarrek abantaila bikoiztea eragotzi du. Lehen zatiaren azken minutuetan norgehiagoka orekatu egin da, eta txuri-urdinak atsedenaldira aurretik iristea lortu dute.
Bigarren zatian, galiziarrak hobeto atera dira. Donostiarrek korner baten irteeran izan duten aukera argi baten ondoren, kanpokoen kontraerasoan Gotik penaltia egin du. Fullanak ez du huts egin Fragaren aurrean eta banakoa jarri du markagailuan. Hortik aurrera, bi taldeek aukerak izan dituzte garaipena lortzeko, etxekoak izanik gehien saiatu direnak. Neurketa berdinketan amaituko zela zirudienean, Eder Garcíak garaipenaren gola eman dio gure filialari, defentsa batean jo ondoren sartu den jaurtiketa batekin. Merezitako saria.
Poz handia Sanserentzat, azken asteetan ez baitzuen zorterik izan partidetako azken minutuetan eta gaur, aldiz, hiru puntuak lortu baititu luzapenean. Orain Gabonetako atsedena izango dute eta datorren urtarrilaren 11n itzuliko dira txapelketara Celta Fortunaren aurka jokatzeko Abanca Balaídosen.
Fitxa teknikoa:
Sanse: Fraga, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap), Balda, T. Carbonell (Lebarbier, min. 79), Mikel Rodríguez (E. García, min. 63), Goti, Díaz (Ochieng, min. 46), Mariezkurrena (Marchal, min. 84) eta Orobengoa (Ramírez, min. 63).
Ourense CF: Marqueta, Andrada, Carmona (Moisés Rodríguez, min. 46), Zalaya, Sanz, Fullana (Sánchez, min. 73), Fidalgo (kap), Raigal (Álex Gil, min. 73), Del Olmo (Alberto Gil, min. 58), Noriega eta J. Carbonell (Di Renzo, min. 79).
Golak: 1-0: Rupérez, min. 11. 1-1: Fullana (pen.), min. 55. 2-1: E. García, min. 93.
Epailea: Alemán Pérez. Txartel horia erakutsi die etxeko P. Rodríguez, Mikel Rodríguez eta Mariezkurrenari eta kanpoko Carmona eta Noriegari.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin