Realak hiru eta bat galdu du Real Betis Féminas taldearen aurka gaur arratsaldean Luis del Sol Kirol Hirian. Txuri-urdinek esku-hutsik alde egin dute ahazteko moduko norgehiagoka batean.
Dena kontra jarri da abiatu bezain laster. Etxekoek lehen minutua bete aurretik aurrea hartzea lortu dute Zouhirrek ezkerretik egindako erdiraketa batekin, Blancak sare barrura bidali duena Aparin jo duen eskuinkada gurutzatu indartsu batekin. Donostiarrek eraman dute jokoaren pisua, baina aukerak sortzeko arazoekin. Sevillarrek bigarren gola sartu ahal izan dute kontraeraso batean, eta Letek, Naimaren jaurtiketaren aurrean, bikain urrundu du baloia. Gipuzkoarren artean onena atsedenaldia baino pixka bat lehenago iritsi da, Lezetaren area kanpotik egindako jaurtiketa batek langa jo ostean.
Norgehiagoka berriro zaildu da bigarren zatiaren hasieran. Epaileak Elene Guridik aurkaria heldu izana zigortu du, nahiz eta arina eta areatik kanpo izan, etxekoen aldeko penaltia adieraziz eta txartel gorria erakutsiz. Rosa Marquezek ez du barkatu bigarrena sartuz. Carolek, kontraeraso berri batean, partida erabakita utzi du Rodaoren asistentzia aprobetxatuta. Txuri-urdinek ez dute amore eman eta ohorearen gola sartu dute Lucia Pardoren bitartez.
Porrot gogorra bolada txarra eteten ez duen Realarentzat. Datorren ostiralean, SD Eibarren aurka saiatzeko beste aukera bat Zubietan.
Fitxa teknikoa:
Real Betis Féminas: P. Vizoso, Blanca (M. Jiménez, min. 57), Nuria (kap.), Dorine (Ángela Cabezas, min. 80), Esther, Marina S., Naima, Rosa M., María Ruiz (Carla, min. 57), Carla S. (A. Rodao, min. 63) eta Zouhir (Carol, min. 63).
Real Sociedad: Lete, Emma, Cahynová, Apari, Cecilia (L. Pardo, min. 56), Lezeta, Andreia (Viles, min. 78), Franssi (Intza, min. 46), Lavogez (Mirari, min. 46), N. Eizagirre (kap.) (E. Guridi, min. 46) eta Amaiur.
Golak: 1-0: Blanca, min. 1; 2-0: Rosa R. (pen.), min. 49; 3-0: Carol, min. 74; 3-1: L. Pardo, min. 81.
Epailea: Planes Terol. Txartel horia erakutsi die etxeko Dorine, María Ruiz, Blanca, Naima eta A. Rodaori eta kanpoko Lavogez, Apari eta Vilesi. Kanpoko E. Guridiri txartel gorri zuzena erakutsi dio (min. 47).