SANSE 1-1 UNIONISTAS DE SALAMANCA CF

Azken jokaldian ihes egin du

Vídeo

Sansek bana berdindu du gaur goizean Zubietan Unionistas de Salamancaren aurka. Txuri-urdinek partida kontrolpean zutela zirudien Gorrotxategik neurketaren hasieran sartutako gol bikainari esker, baina garaipenak ihes egin die azken jokaldian.

Gipuzkoarrak nagusi izan dira lehen zatian, batez ere lehen ordu erdian. Azkunek, hasi eta gutxira, oso gertu izan du gola, baina Cacharronek arriskua urruntzea lortu du buruz burukoan egindako errematearen ostean. Handik gutxira gola iritsi da, Gorrotxategik egindakoa, Marinen pase erdi-okerra hartu eta area ertzetik baloia barrura bidaliz. Gol bikaina. Gipuzkoarrek estutzen jarraitu dute eta Azkune gola sartzeko zorian egon da atezainak gelditu duen jaurtiketa batekin. Partida berdinduz joan da minutuek aurrera egin ahala, eta kanpokoen artean onena Slavyk izan du, errematea hurbil-hurbiletik eginda; Ayesak, geldiketa bikain batekin, erantzun bikaina eman dio gola saihestuz. Aukerak bata bestearen atzetik gertatu dira lehen zatiaren azken txanpan, baina arriskurik gabe. Gure filiala, abantailarekin atsedenaldian.

Bigarren zatia askoz parekatuagoa izan da, salamancarrek pauso bat aurrera eman baitute berdinketaren bila. Gol aukerak, hori bai, oso gutxi. Horietako bat Carlos Gimenezek izan du, geldikako jokaldi batean, burukada kanpora joan eta gero. Minutuak aurrera egin ahala, Sansek baloiaren kontrola izan du, eta neurketa nahi zuen tokira eramaten saiatu da. Kanpokoek asko estutu dute azken txanpan eta, partidako azken jokaldian, Mayorrek area barruan egindako burukada baliatu du neurketa berdintzeko.

Kolpea azken txanpan eta ihes egiten duen garaipena. Puntuarekin konformatu beharko da. Txuri-urdinek Las Llanas bisitatuko dute datorren asteburuan Sestao Riverren aurka jokatzeko. Aupa Sanse!

Fitxa teknikoa:

Sanse: Ayesa, Rupérez, Martín, P. Rodríguez, Cantero, Agote (Orobengoa, min. 58), Gorrotxategi (Lebarbier, min. 82), E. García (Dadie, min. 67), Marín (M. Rodríguez, min. 82), Magunazelaia (kap.) eta Azkune (Goti, min. 58).

Unionistas de Salamanca CF: Cacharrón, Camus (H. Fernández, min. 60), C. Giménez, Ruiz, E. Jiménez, Tur (Teijeira, min. 60), Villar (Roy, min. 84), Á. Gómez, Planas (Mayor, min. 60), Losada (kap.) eta Slavy (Rastrojo, min. 46).

Gola: 1-0: Gorrotxategi, min. 13;

Epailea: Huerta de Aza. Txartel horia erakutsi die etxeko Azkune, Magunazelaia eta Gotiri eta kanpoko Camus, C. Giménez eta E. Jiménezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!