Gaur arratsaldean hasiko da 2023. urteko azken atala Realarentzat. Abenduaren atarian, Imanol Alguacilen mutilek Sevilla FC hartuko dute Reale Arenan eta helburua hirunaka batzea izango da taldearen joko dinamika onari eta emaitzei eusteko. Horri eutsi beharko diogu urte ahaztezin bat ixteko.
Azken zati honetako lehen harria Sevilla FC izango da. Andaluziarrek ez dute euren joko puntua aurkitu ez Europako txapelketan ezta etxeko ligan ere. Postu nobleetatik aldenduta eta Champions Leagueko multzoan azkena, Diego Alonsok zuzentzen duen taldeak bolada aldatu beharra dauka. Izarren faltagatik ez da, izan ere, Jesus Navas, Sergio Ramos, Rakitic, Ocampos, Suso edo En-Nesyri bezalako jokalariak dituen taldea kota altuagotara deitua dago.