GETAFE CF 1-1 REAL SOCIEDAD

Beste puntu bat

Vídeo

Ematen duena baino hobeto. Realak puntu bat lortu du gaur arratsaldean Alfonso Perez Coliseumean jokatutako partidan. Etxekoak aurretik jarri dira lehen zatian eta Oyarzabalek, bigarren zatian, berdindu egin du txuri-urdinei puntu on bat emateko. Batzen jarraitzen dute. 

Ez da atsegina zelai urdinean jokatzea. Etxekoek asko estutzen dute eta ez da erraza futbol azkarra eta zehatza zabaltzea. Txuri-urdinak egoerari egokitzen saiatu dira eta, Soriak Porturen errematea aldendu ostean, oso aukera ona izan dute markagailuan aurrea hartzeko. Oyarzabalek Lobeteri utzi dio eta honek, jaurtiketa gurutzatuan, baloia kanpora bidali du gutxigatik. Atsedenaldira iritsi baino lehen, madrildarren gola iritsi da. Baloia lapurtu dute zelai erdian eta Sandrok, Remiroren aurrean, ezkerrarekin gainditu du. Desabantaila atsedenaldian.

Reala bigarren zatian bikain zelairatu da. Partidaren kontrola hartu du eta Getafe bere arean sartzen hasi da. Merinok gertu izan du lehenengo gola, Soriak ondo atera duen ezkerkada batekin. Berdinketa oso gol onarekin iritsi da. Gorosabelek 'gozoki' bat jarri du eskuinetik eta Oyarzabalek, lasai, sare barrura bidali du buruz. Donostiarren golaren ostean Getafek zerbait berregin da eta jokoa orekatu du hurrengo minutuetan. Azken txanpan Imanolen mutilek garaipenaren gola bilatu dute, baina ezin izan dute Soriaren aurka arrisku handirik sortu.
Puntu ona, orain, taularen gorenean jarraitzeko. Aurretik partidarik gabeko astea, datorrenari begira pilak kargatzeko ondo etorriko dena, asko baita. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Getafe CF: David Soria, Damián (Iglesias, min.84), Djené (cap), Cuenca, Olivera, Florentino, Arambarri (Unal , min.75), Maksimovic, Aleñá (Póveda, min.84), Sandro (Macías, min.89) eta Mata (Silva, min.75).

Real Sociedad: Remiro, Gorosabel (Zubeldia, min.82), Aritz, Le Normand, Aihen, Zubimendi, Merino, Navarro (Barrenetxea, min.56), Portu (Januzaj, min.82), Oyarzabal (cap) eta Lobete (Isak, min.56).

Golak: 1-0: Sandro, min.40. 1-1: Oyarzabal, min.68.

Epailea: Txartel horiak etxeko Djené, David Soria, Aleñá eta Unalentzat eta kanpoko Merino eta Gorosabelentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!