SD EIBAR - REAL SOCIEDAD (IGANDEA, 12:00)

Beti da berezia

Igande honetan, urriak 19, Liga F Moeveko jardunaldi berri bat jokatuko du Realak, Gipuzkoako derbia, SD Eibarren aurka. Neurketa Ipuruan izango da, 12:00etan hasita.

Txuri-urdinak Granada CF-ren aurkako berdinketatik datoz, eta neurketa hartan taldeak nabarmen hobetu zuen aurreko porrotarekin alderatuta. Jokoz eta sentsazioz aurrerapauso garrantzitsua eman zuten, eta taldearen lanak norabide onean jarraitzen du.

Bestalde, Eibarrek defentsan oinarritutako joko sendoa du bere ezaugarri nagusi; gol gutxi jasotzen duen eta aurkariarentzat arrakala gutxi uzten duen taldea da. Gainera, asteburuan Costa Adeje Tenerife mendean hartu zuten, eta garaipen horrek konfiantza emango die derbirako. Bi talde gipuzkoarren arteko lehia estua espero da, bakoitza bere estiloari leial, garaipena lortzeko borrokan.


BIGARREN TALDEA

Aitor Resenderen taldea berriro Zubietan arituko da asteburu honetan. Aurreko jardunaldian azken unean lortutako garaipenaren ondoren, Bizkerre FT izango dute aurkari larunbatean, urriaren 18an, 15:30ean hasita.

Bigarren taldea sasoi betean dago: lau garaipen jarraian eskuratu dituzte, eta horri esker sailkapeneko laugarren postuan daude, lidergotik bi puntura soilik. Konfiantza handiz eta joko ona erakutsiz, txuri-urdinek helburu argia dute: etxean jarraipenari eustea eta garaipen-bideari segida ematea.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!