SANSE 1-0 CD VITORIA

Bide onetik

Vídeo

Garaipen garrantzitsua Sansek lortu duena gaur arratsaldean Zubietan CD Vitoriaren aurka Celorrioren golari esker. Azkeneko minutuetaraino ez da ailegatu gol hori, baina azkenean aurreraliak lortu du.

Indartsu hasi dira kanpokoak. Ibargoienek gertu izan du beraientzat lehenengo gola, baina adi egon da Garrancho baloia kornerrera aldentzeko. Txuri-urdinak ez dira neurketan sartu lehenengo zatiko hogeigarren minuturarte. Muguruzak izan du aukera hori etxekoentzat jaurtiketa gogor bati esker, kanpora joan dena gutxigatik. Hurrengo jokaldian Sangalli izan da arriskua sortu duena kanpokoen atean. Azkeneko minutuetan bi aukera argi ikusi dira: lehenengoa Capillak izan du Sanserentzat eta bigarrena CD Vitoriako Ibargoienek. Markagailuko berdinketak justizia egiten zuen atsedenaldian.

Bigarren zatia oso desberdina izan da. Imanol Alguacilenek neurketa menderatu dute lehenengo minututik azkeneraino. Kanpokoak, aldiz, atzean aritu dira jokatzen beraien momentua itxaroten zuten bitartean. Hamargarren minutuan Sansek bi aukera ia jarraian izan ditu. Geroxeago, baloiak area guztia igaro du eta ezin izan du inork errematatu. Azkenean, gola amaierarako hamabost minutu falta zirenean iritsi da. Celorriok lortu du, berak burutu duen jokaldi bikain baten ondorioz. Golak ez du partidaren dinamika aldatu. Le Normanden kanporatzearekin, aldiz, Sanse zertxobait atzeratu da emaitza mantentzeko.

Horrela, hiru puntuak Zubietan geratzen dira eta gipuzkoarrak sailkapeneko laugarren postuan kokatzen dira berriro ere. Hurrengo astean Barakaldo bisitatuko dute.

Fitxa teknikoa:

Sanse: Garrancho, Gorosabel, Le Normand, Lapeña, Arrieta (Muñoz, min. 64), Guevara, Sangalli (Ugarte, min.84), Muguruza, Capilla, Olaizola, Celorrio (Sanz, min. 84).

CD Vitoria: Areitio, Sergio, Diego Martinez, Amelibia, Irazabal, Martin, Azkue (Angel Lopez, min. 77), Lara, Etxaburu (Regis, min. 62), Ibargoien (Escoruela, min. 72), Obieta.

Gola: 1-0: Celorrio, min. 75

Epailea: Irurtzun Artola. Txartel horia erakutsi die etxeko Muguruzari eta kanpoko Azkue, Sergio eta Larari. Etxeko Le Normand kanporatu du bi txartel hori erakutsi ondoren (min. 82).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!