Lortu dute! Sansek Bigarren Mailara igoera ziurtatu du Nàstic taldearen aurka gaur arratsaldean Zubietan. Joaneko neurketan Tarragonan 1-3 irabazi ostean, txuri-urdinek abantaila ondo kudeatu dute luzapenean erabaki den itzulerako partida parekatuan eta, nahiz eta bat eta bi galdu, aurreko astean lortutako aldearekin aski izan dute futbol profesionalerako txartela eskuratzeko hiru urteren ondoren.
Donostiarrek hitzordua zuten historiarekin eta lehen minututik irten dira dena ematera, bi aukera oso onak sortuz: lehenengoa, kanpora joan den Mikel Rodriguezen bolea bat Astiazaranen erdiraketa baten ostean eta, handik gutxira, Astiazaranek berak bigarren zutoinean gora bidali duen egindako erremate bat, Baldaren pase bikain baten ondoren. Lehen zatiaren azken txanpan, eta partida parekatuago bilakatzen ari zela, kataluniarrek gola aurkitu dute zoritxarreko jokaldi batean. Jaume Jardik eskuinetik bidalitako erdiraketa inork ukitu ez eta ate barrura sartu da. Golak kanpokoak animatu ditu, bigarrena bilatzen saiatu baitira, baina etxekoen defentsak ondo eutsi dio erasoari eta huts eta batekoa mantendu da atsedenaldira arte.
Bigarren zatian, gipuzkoarrek lehen zatiko intentsitate berarekin jarraitu dute eta markagailua berdintzeko aukera paregabea izan dute Gotik oso gutxigatik kanpora bidali duen burukada batekin. Minutuek aurrera egiten jarraitu dute eta gure filialak geroz eta gertuago ikusi du igoera, baina jada neurketaren azken txanpan, epaileak Nàstic-en aldeko penaltia adierazi du Aranak Víctor Narro area barruan lurrera bota ostean. Joan Oriolek ez du barkatu hamaika metroetatik, huts eta bikoa eginez eta neurketa luzapenera bidaliz. Berriro ere 120 minututan erabaki behar zen kanporaketa.
Baina beste behin ere, Sansek honaino eraman duen izaera erakutsi du. Lehen zatian kanpokoen iritisierak eutsi ondoren, bigarrenaren hasieran penalti bat izan dute. Guibelaldek asmatu egin du hamaika metroetatik, Zubietan zoramena eraginez. Azken minutuetan, kataluniarrak guztiarekin joan dira Aranaren atera, baina txuri-urdinek 1-2a eutsi dute eta Bigarren Mailara itzuli dira.
Sanse Bigarren Mailakoa da! Txuri-urdinak zilarrezko mailan arituko dira hurrengo denboraldian urte ezin hobe baten ostean. Lorpen historikoa eta oso merezia, azken urteetan egiten ari den lan bikaina islatzen duena. Ez da kirol arrakasta bat bakarrik, harrobian eta Gipuzkoan oinarritutako filosofia baten garaipena da. Zubieta, izaeratik jokoa, jokotik izaera. Oraina eta etorkizuna. Harrotasuna. Zorionak! Aupa Sanse!
Fitxa teknikoa:
Sanse: Arana, Rupérez, P. Rodríguez (kap.), Beitia, Balda, Carbonell (Guibelalde, min. 72), E. García (Orobengoa, min. 61), M. Rodríguez (Lebarbier, min. 113), Goti (Agote, min. 98), Astiazaran (Marchal, min. 72) eta Mariezkurrena (Carrera, min. 72).
Nàstic de Tarragona: D. Rebollo, Migue, Óscar Sanz, Pol D. (Leal, min. 91), Joan Oriol (kap.), Gorostidi (R. Torres, min. 106), Montalvo, J. Jardí (M. Fernández, min. 72), D. Concha (Víctor Narro, min. 64), Antoñín (Á. Jiménez, min. 64) eta Pablo Fernández.
Golak: 0-1: J. Jardí, min. 37; 0-2: Joan Oriol (pen.), min. 79; 1-2: Guibelalde (pen.), min. 108.
Epailea: Domínguez Cervantes. Txartel horia erakutsi die etxeko E. García, Rupérez, Mariezkurrena eta Carrerari eta kanpoko Montalvo, Gorostidi, Pol D., Migue, Pablo Fernández, Leal eta Joan Orioli.