CE SABADELL 1-2 SANSE

Emaitzari buelta eman eta beste hiru puntu

Vídeo

Sansek hiru puntu gehiago lortu ditu Nova Creu Altan CE Sabadelli 1-2 irabazi eta gero, bere pertseberantziari esker.

Etxekoak hobeak izan dira lehen zatian, baina partidaren pisua eta baloiaren jabetza gure filialak izan du. Lehenengo aukera etxekoek izan dute, Carrionen ezkerkada gurutzatu batekin, zutoin ondotik kanpora joan dena. Handik gutxira, ordu laurdenera, gola iritsi da, Victorrek egina, espaziorako pasea jaso eta buruz burukoan definitu ostean. Morgadok, buruz, oso gertu izan du bigarrena handik gutxira, falta jaurtiketa batean. Jokaldi berdinean iritsi da txuri-urdinen aukerarik onena, markarik gabe zegoen Arambarriren burukada batekin. Katalanek arriskua sortzen jarraitu dute kontraerasoan eta Gualdak eta Victorrek markagailua handitzeko aukera izan dute, baina ez dute asmatu. Lehen zatiko azken jokaldian, gure filialak beste aukera bat izan du, Puigek zailtasunez urrundu duen ezkerkada batekin.

Gure filialak jokoaren ideia mantendu du bigarren zatian. Gonzalez de Zaratek, korner baten irteeran, oso gertu izan du berdinketa, baina burukada desbideratuta joan da. Martonek ere, buruz baita ere, lehia berdindu ahal izan du; oraingoan atezainak saihestu du. Bi taldeak arrisku gutxien sortzen ari zirenean iritsi da dena aldatu duen jokaldia: penaltia Ezkurdiari eta Martonek, hamaika metroetatik, ez du barkatu. Eta hurrengo jokaldian, korner batean, emaitzari buelta: Canterok lehen zutoinean ukitu du baloia, eta bigarrenean, bakarrik, Kortajarena agertu da baloia sare barrura bidaltzeko. Etxekoek aurrerapausoa eman behar izan dute eta azken minutuetan asko estutu dute. Haien artean aukera onena Delgadok izan du, buruz, kanpora joan dena gutxigatik. Dadiek ere partida erabakita uzteko aukera izan du luzapenean, Puigek baloia desbideratu eta gero buruz burukoan. Baina markagailua ez da mugitu eta, hiru puntuak, txuri-urdinentzat.

Gure filialaren erantzun ikusgarria emaitzari buelta emanez, kategoriako zelairik zailenetako batean. Gainera, laugarren garaipena jarraian hirugarren postuan mantentzeko. Izugarria. Bi aste barru, Errege Kopako geldialdiaren ondoren, dinamika bikain hau luzatzera: txuri-urdinek Alcoyano hartuko dute Zubietan. Aupa Sanse!

 

Fitxa teknikoa:

CE Sabadell: Puig, Molina, Suárez (Piñol, min. 81), Morgado (kap.), Carrión, Astals, Altamira (Delgado, min. 81), Gualda (Sala, min. 58), Vargas (Athuman, min. 62), A. Fernández eta Víctor.

Sanse: Marrero, Gabilondo (Dadie, min. 72), Arambarri (kap.), Cantero, Gómez (Ezkurdia, min. 72), G. de Zárate, Gorrotxategi, Kortajarena, Teijeira (Garrido, min. 62), Martón (Carbonell, min. 83) eta Lespinasse (Agirre, min. 62).

Golak: 1-0: Víctor, min. 15; 1-1: Martón (pen.), min. 75; 1-2: Kortajarena, min. 77

Epailea: Bestard Servera. Txartel horia erakutsi die kanpoko Gómez, Gorrotxategi eta Arambarriri. 

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!