Realak bere bertsiorik onenarekin elkartu nahi du etxetik kanpo. Denboraldi hasiera ez da erraza izan eta emaitzak ez dira laguntzen ari, baina taldeak lehenbailehen egoerari buelta ematea espero du. Igande honetan, Abanca Balaidosen, Sergio Franciscoren taldea dinamika aldatzeko eta sentsazioak berreskuratzeko balioko duen garaipena bilatzen saiatuko da.
Aurrean Celta izango dugu. Vigoko taldeak liga eta UEFA Europa Leagueko parte-hartzea uztartzen ditu eta, Realari gertatu zaion bezala, ez du espero zuen denboraldi hasiera izan, orain arte garaipenik eskuratu ez duen ligako talde bakarra baita. Hala ere, Claudio Giraldezen taldea txuri-urdinen aurretik dago sailkapenean, zortzi jardunaldi hauetan sei berdinketa lortu baititu. Aurkari gogorra dugu zain, zaleen bultzadarekin eta bere izaera lehiakorraz baliatuz garaipenaren bila joango dena, baina Reala dinamika hautsi eta gora begira hasteko asmo sendoarekin dator.
Galiziarrek iazko bloke arrakastatsuari jarraipena ematearen aldeko apustua egin dute, harrobiaren pisuarekin eta maila kontrastatuko jokalarien fitxaketekin euren nortasuna indartuz. Bryan Zaragoza edo Ferran Jutglà bezalako jokalariek bat egin dute dagoeneko taldean zeuden Borja Iglesias, Hugo Sotelo, Fran Beltrán edo Ilaix Moribarekin, besteak beste. Hala ere, guztien gainetik bada jokalari bat: Iago Aspas, talde honen liderra, arima eta klubaren mito bat.
Erreakzionatzeko unea iritsi da. Ez dago aitzakiarik, aurrerapauso bat eman behar da eta hirunaka batzen hasi. Balaídos ez da eszenatoki erraza izango, baina momentu zail hauetan gure izaera erakustea tokatzen da. Baloi bakoitzak, ahalegin bakoitzak, laguntza bakoitzak, distantziatik, norabidea aldatuko duen ezinbesteko garaipen bat bilatzeko balioko du. Sinesteko, borrokatzeko eta berriro irribarre egiteko garaia da. AURRERA REALA!!!