FC LEVANTE LAS PLANAS 1-0 REAL SOCIEDAD

Estropezu

Vídeo

Realak bat eta huts galdu du gaur goizean FC Levante Las Planasen aurka. Txuri-urdinak ez dira aurkaria baino gutxiago izan, baina partida gorabeheratsu batean erori ostean esku-hutsik joan dira Bartzelonatik.

Parekotasun handia lehen berrogeita bost minutuetan, nahiz eta txuri-urdinek arrisku handiagoa sortu duten. Lehenengoa Nereak izan du, Corok arazorik gabe harrapatu duen urrutiko erremate baten ostean. Handik gutxira, tolosarrak lehen zatiko onena izan du Amaiurren erdiraketa baten ostean, baina bere jaurtiketa penalti puntutik Garrotek urrundu du atepean. Amaiurrek ere berea izan du baloi luze bat kontrolatu eta Coro jaurtiketa gurutzatu batekin gainditzen saiatu eta gero, baina ez du lortu. Bartzelonarrek asko estutu dute azken txanpan, lehenengo Yasen erremate batekin eta gero Garroteren beste jaurtiketa batekin, azken hau Letek harrapatu duena.

Txuri-urdinek aurrerapausoa eman dute aldageletatik igaro ostean, markagailuan aurrea hartzeko aukera ugari sortuz. Jensenen errematea desbideratuta, Corok urrundu duen norvegiarraren beste errematea, Vanegasen burukada atezainak berriz harrapatzeko, emaitza bera Nerearen jaurtiketa batekin, baita Gemmaren beste batekin ere... Eta, etxekoen bigarren zatiko iritsiera bakarrean momento horretara arte, Yasek azkar atera du falta bat baloia luze bidaltzeko Irinari, eta honek, buruz burukoan, ez du barkatu. Txuri-urdinek, kolpe gogorra jaso arren, golaren bila jarraitu dute, baina gaur ez zen eguna. Are gertuago egon da bartzelonarren bigarrena, Mapik korner baten irteeran egindako erremateari esker. Letek desbideratu eta langa jo du. Donostiarren onena Vanegasek izan du azken txanpan, Corok azken momentuan desbideratu duen falta baten ostean. Ondoren, baloiak zutoinean jo du.

Estropezu egin du Realak Bartzelonan. Datorren denboraldian Kopako kanporaketa bat gutxiago jokatzeko lehen zortzien artean geratzeko borrokatuko dute txuri-urdinek. Horretarako Real Madridi irabazi beharko diote azken jardunaldian. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

FC Levante Las Planas: Coro, Garrote, Sille, Mora, Martín-Pozuelo, Muth, Yas, L. Martínez (Lina Yang, min. 71), Mapi (kap.) (Gantxegi, min. 79), Julve (Rita, min. 87) eta Irina.

Real Sociedad: Lete, Le Guilly (Allegra, min. 71), Etxezarreta (Nahia, min. 87), Tejada (Vanegas, min. 46), Izarne (Bernabé, min. 46), Andreia, Gemma, Amaiur (Mirari, min. 71), Franssi, N. Eizagirre (kap.) eta Jensen.

Gola: 1-0: Irina, min. 62

Epailea: Espinosa Ríos. Txartel horia erakutsi die etxeko Garrote eta Ritari eta kanpoko Tejadari.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!