SANSE 0-1 AD MÉRIDA (GUZTIRA: 1-1)

Finalera!

Vídeo

Sanse finalean dago! Txuri-urdinek, sailkapenean gorago geratzearen ondorioz, azken kanporaketarako txartela lortu dute gaur arratsaldean Zubietan nahiz eta Meridaren aurka huts eta bat galdu eta luzapen osoa jokalari bat gutxiagorekin egon.

Lehen zatia oso parekatua eta tentsio handikoa izan da, nagusitasunik gabekoa. Lehen abisua donostiarrek eman dute Astiazaranen erdiraketa batekin, Mariezkurrenak lehen zutoinean errematatu eta Juanpak gelditu behar izan duena. Extremadurarren erantzuna barrutik egindako jokaldi on bat izan da, Beitiak kornerrera desbideratu duena. Handik gutxira, Javi Eslava saiatu da eskuinkada zail batekin, baina oraingoan Arana izan da baloia alboko sakera bidali duena. Intentsitate handia, errespetu asko eta aukera gutxi lehen zatian.

Bigarrenean, bi taldeek aurrerapausoa eman dute golaren bila, eta txuri-urdinak izan dira gehien saiatu direnak, besteak beste, kanpokoen atezainak geratu duen Astiazaranen eskuinkada batekin eta Mariezkurrenaren jaurtiketa altu batekin. Meridarrak, kanporaketan atzetik zeudela, minutuek aurrera egin ahala gorantz egin dute eta, beren lehen iritsiera arriskutsuan, neurketako gol bakarra sartu dute: Javi Eslava Aranaren aurrean bakarrik geratu da eta, lehenengoan huts egin ondoren, bigarrenean ez du barkatu kanpokoak markagailuan aurretik jartzeko. Hori gutxi balitz, gipuzkoarrak jokalari bat gutxiagorekin geratu dira azken txanpan, Mariezkurrenak bigarren txartel horia ikusi baitu. Neurketa luzapenera iritsi da Sansek kanporaketa oso zaila zuelarik.

Baina behera etorri beharrean, donostiarrek euren izaera erakutsi dute eta ahalegin ikaragarria egin dute extremadurarren erasoei eusteko. Zubietara gerturatu diren zaleek bultzatuta, txuri-urdinek ez dute amore eman eta pozez lehertu dira epaileak norgehiagokaren amaiera agindu duenean.

Finalerako sailkapen oso merezia kanporaketa osoan zehar lan bikaina egin ondoren. Orain azken urratsa geratzen da, azken ahalegina, Nàstic de Tarragonaren aurka. Joaneko partida datorren astean izango da Katalunian, eta itzulera, berriz, hemendik bi astera etxean. Edozer gertatzen dela ere, oso harro gaude zuetaz. Aupa Sanse!

Fitxa teknikoa:

Sanse: Arana, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell (Guibelalde, min. 106), Goti (E. García, min. 106), G. Gorosabel (M. Rodríguez, min. 58), Astiazaran (Orobengoa, min. 81), Marchal (Ochieng, min. 71) eta Mariezkurrena.

AD Mérida: Juanpa, Pipe, Bonaque (kap.) (Mateo, min. 91), I. Athuman, S. Del Cerro (Nil, min. 65), Juanjo S. (Miki, min. 73), Pablo Ganet, Doncel, Raúl Beneit (Liberto, min. 65), Álvaro Juan (Busi, min. 73) eta Javi Eslava.

Gola: 0-1: Javi Eslava, min. 74.

Epailea: Brull Acerete. Txartel horia erakutsi die etxeko Rupérez, Beitia eta Orobengoari eta kanpoko Álvaro Juan, Bonaque eta Pablo Ganeti. Etxeko Mariezkurrenak txartel gorria ikusi du 85. minutuan bi txartel hori jaso ondoren.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!