AMOREBIETA 2-3 SANSE

Garaipen landua Urritxen

Sansek hiru puntuak lortu ditu Urritxen galtzen hasi eta gero. Gipuzkoarrak oso eraginkorrak izan dira golarekiko.

Ez da ondo hasi partida txuri-urdinentzat, ia 20 minututan 2-0 galtzen zihoazen eta. Lehenengo Juaristik burukada batekin eta gero Oierrek baloi geldiko jokaldi batean abantaila eman diote Amorebietari. Kanpokoen erantzuna berehala iritsi da. Capillak aldea murriztu du Jauregi eta Jimenezekin egindako jokaldiari esker. Golegileak aukera gehiago izan ditu markagailua berdintzeko baina jaurtiketa horiek kanporuntz joan dira gutxigatik.

Bigarren zatia oso desberdina izan da. Gipuzkoarrek hamar minututan markagailuari buelta eman diote. Hasi eta segituan Jauregik sartu du gola eta 55. minutuan Merquelanz izan da Sanserentzat hirugarrena lortu duena. Hortik Aurrera, txuri-urdinek emaitza mantentzea lortu dute, batik bat baloiaren jabetzari esker.

Garaipen honekin, Sanse sailkapeneko goikaldean jarriko da, bi neurketa jarraian irabazi ondoren. Hurrengo partida Burgosen aurka izango da Zubietan datorren astean.

 

Fitxa teknikoa:

Amorebieta: Tena, Goiria (Agirre, min. 76), Simic, Oier, Morgado, Juaristi, Ortega (Iturraspe, min. 61), Mujika, Alvaro, Seguin, Ubis (Jon Ander, min. 66).

Sanse: Zubiaurre, Alex, Le Normand, Lapeña, Jimenez, Guevara, Sanz, Muguruza (Olaizola, min. 67), Capilla, Merquelanz (Saenz, min. 90), Jauregi (Calvillo, min. 87).

Goles: 1-0: Juaristi, min. 5; 2-0: Oier, min. 17, 2-1: Capilla, min. 19; 2-2: Jauregi, min. 46; 2-3: Merquelanz, min. 55.

Epailea: Sanchez Alba. Txartel horia erakutsi die etxeko Ortega, Juaristi, Morgado eta Oierri eta kanpoko Merquelanz eta Guevarari.

Imanol Alguacil: “Pozik garaipenarengatik”

Imanol Alguacil pozik zegoen lortutako garaipenarengatik Amorebietaren aurka. “Pena bat izan da lehenengo bi jokaldietan bi gol jasan izana. Baina taldeak ez du amore eman eta markagailuan atzetik joan arren, saiatzen jarraitu dugu. Hirugarren gola sartu ondoren erritmoa jaitsi dugu eta azkenerarte eutsi diogu markagailuari. Pozik gaude emaitzagatik eta egindako jokoagatik ere”.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!