Sansek huts eta sbat irabazi dio Real Unioni Stadium Galen jokatu den derbi gipuzkoarrean. Carrerak neurketako azken minutuan sartutako golak merezitako hiru puntu eman dizkio talde txuri-urdinari.
Lehen zatia gorabeheratsua izan da eta bi taldeek aukerak izan dituzte. Donostiarrak nagusi izan dira eta lehenengo iritsiera arriskutsua izan dute Eimilek Mikel Rodriguezen errematea ekidin duenean Ochiengen erdiraketa moztu ondoren. Txuri-beltzen erantzuna Benitok eman du area barrutik egindako jaurtiketa batekin, baina Ruperezek gola ekidin du. Hortik aurrera, gure filiala izan da nagusi eta aukera arriskutsuren bat edo beste izan du. Gotiren pase bikain baten ondoren, Orobengoak erdiraketa egin du area barrura eta Ochiengek ezin izan du ondo errematatu. Handik gutxira, Mikel Rodriguez saiatu da area ertzetik, baina bere ezkerkada Wrightek harrapatu du eta partida hutsean iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian Sanse jaun eta jabe izan da eta aukera mordoa izan ditu markagailuan aurrea hartzeko. Hala ere, baloiak gaur ez zuela sartu nahi zirudien. Irundarrek ahal zuten moduan eutsi diete gure filialaren eraso guztiei. Neurketa berdinketan amaituko zela zirudienean, garaipenaren gola iritsi da kontraeraso ikusgarri batean: Fragak Ruperezi pasa dio, honek Gotiri, 10ak Ramirezentzat ireki du eta kanariarrak erdiraketa bikaina jarri du Carrerak talde donostiarrari hiru puntuak emateko. Sekulako amaiera eta oso merezitako garaipena.
Hiru puntu oso garrantzitsu lortu ditu Sansek Bigarren Mailara igotzeko lehian bolada onean zetorren aurkari baten aurka. Datorren astean beste derbi bat izango dute, oraingoan Zubietan, Bilbao Athleticen aurka. Goazen!
Fitxa teknikoa:
Real Unión Club: Wright, Eimil (Santos, min. 70), Quintana, Olaortua (kap.) (Puig, min. 70), Domínguez, Munroe, Rivero (Bilbao, min. 80), Vidorreta, Garrido, Aranzabe (Obieta, min. 80) eta Benito.
Sanse: Fraga, Rupérez, Lebarbier, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell, E. García, M. Rodríguez (Ramírez, min. 84), Goti, Ochieng (Carrera, min. 72) eta Orobengoa (Díaz, min. 72).
Gola: 0-1: Carrera, min. 94.
Epailea: Juncal Moreira. Txartel horia erakutsi die etxeko Munroe, Aranzabe eta Bilbaori eta kanpoko Lebarbier eta Carrerari.