Sansek 2-1 galdu du Nastic de Tarragonaren aurka Nou Estadi Costa Dauradan. Gure filialak oso goiz lortu du gola sartzea, baina 20 minutu eskasetan markagailua irauli diote eta, amaierara arte saiatu den arren, hutsik joan da zuzenean mailaz igotzeko hautagaietako baten etxean.
Gure filialaren hasiera oso itxaropentsua izan da. Lehen aukera arriskutsuan markagailuan aurrea hartzea lortu dute: Lebarbierren pase sakona eta Baldak, ezkerkada bikain batekin, baloia sare barrura bidali du. Baina pozak gutxi iraun du eta berdinketa minutu gutxi geroago iritsi da: Antoñinek aurrealdetik egin duen errematea, baloiak zutoinean jo du eta aldaratzea, goleko marran, Astigarragak desbideratu du bere aterantz, Marc Fernandez ere hura bultzatzera zihoanean. Etxekoek estutzen jarraitu dute eta Antoñinek, Victor Narrok ezker hegaletik egindako erdiraketa bururatuta, markagailua iraultzea lortu du. Marc Fernandezek, korner baten irteeran, hirugarren gola sartzeko aukera izan du atsedenaldia baino lehen, baina bere errematea langa gainetik joan da.
Txuri-urdinek pauso bat aurrera eman dute aldageletatik igaro ostean eta Mariezkurrenak, apur bat desbideratuta joan den ezkerkada indartsuarekin, gertu izan du berdinketa. Tarragonarrek abagune gutxienetako bat Antoñinen erremate batekin iritsi da, Fragak kornerrera urrundu duena. Azken minutuetan asko estutu dute donostiarrek berdinketaren bila. Lehenik, Peru Rodriguezen burukada bat Varok harrapatu du; handik gutxira, kanpora joan den Mariezkurrenaren beste bat; eta, azkena, Baldaren falta bat, etxekoen atezainak kornerrera urrundu behar izan dueña geldiketa bikain batekin. Lastima. Azkenean, Nasticek beteranotasuna erebili du emaitzari eusteko.
Porrota mailaz igotzeko hautagaietako baten etxean. Baina txuri-urdinek dena eman dute eta ezin zaie ezer aurpegiratu. Datorren asteburuan erronka berria, oraingoan Zubietan, Osasuna Promesasen aurka, filialen arteko lehia erakargarri batean.
Fitxa teknikoa:
Nàstic de Tarragona: Varo, Pol D., Óscar Sanz, U. Dufur, Joan Oriol (kap.), Gorostidi, Montalvo, M. Fernández (J. Jardí, min. 60), Pablo Fdez. (Álex López, min. 60), Víctor Narro (Mario R., min. 82) eta Antoñín (A. Jiménez, min. 72).
Sanse: Fraga, Rupérez, P. Rodríguez (kap.), Beitia, Astigarraga (Ochieng, min. 46), Balda, Carbonell (Mariezkurrena, min. 46), Lebarbier (E. García, min. 46), M. Rodríguez, Díaz (Ramírez, min. 71) eta Osazuwa (J. Gorosabel, min. 81).
Golak: 0-1: Balda, min. 3; 1-1: Astigarraga (b.a.), min. 7; 2-1: Antoñín, min. 26.
Epailea: Ramo Andrés. Txartel horia erakutsi die etxeko Víctor Narro, Montalvo eta Álex Lópezi eta kanpoko Lebarbier eta Beitiari.