Asteazkena egun handia izan behar da. Berriro biziko ditugu Kopako finalerdiak Reale Arenan eta taldeak, estadiora iristen denetik, 19:30ak inguruan, zaleen berotasuna sentitu behar du, adrenalinaz bete eta final berri baterako txartela eman diezagukeen kanporaketa baten lehen neurketari aurre egiteko.
Harrerarako bi tarte/gune
Taldea ez da beste batzuetan bezala iritsiko zelaira. Akziodunen Batzar Nagusian proposatu bezala, eta taldearentzat ahalik eta berorik handiena sentitarazteko asmoz, txuri-urdinen autobus ospitaletatik jaitsita sartuko da Amarara. Lehenengo biribilgunean biratu eta Txuri Urdineko zuzenguneari aurre egingo dio. Bertan hasiko da harreraren lehen zatia (hesituta egongo da) eta Paco Yoldi kiroldegiraino iritsiko da.
Lehenengo tartea: Anoeta Hotela – Paco Yoldi kiroldegia
Hori izango da futbolariak zaleen berotasun guztia sentitzen hasiko diren lehen tartea, gure partida bereziaren hasierako txistua. Autobusa Anoeta Hoteleko zuzengunerantz biratu ondoren, zaleek animoak eman ahal izango dizkiote taldeari. Lehenengo zati hau Paco Yoldi kiroldegiaren pareraino luzatuko da eta hor moztuko da zaleentzako sarbidea. Une horretatik aurrera, taldearen autobusak Anoetako Miniestadioaren perimetroa inguratuko du eta estadiora iristeko azken zatiari ekingo dio.
Bigarren zatia: Antonio Elorza belodromoa – Hegoaldeko aparkalekua
Jarraitzaile guztiak egongo diren bigarren tartea autobusak Miniestadioa inguratu eta Antonio Elorza Belodromoa atzean utzi ondoren hasiko da. Hortxe emango zaio hasiera harrerako tarterik beroenari. Berrehun metro inguru geratuko dira Reale Arenara iristeko eta partidaren atariko tenperaturarik altuenak bizitzeko unea izango da.
Taldeak belodromoa eta hegoaldeko aparkalekua bereizten dituzten metro horiek egingo ditu, eta autobusak bertan aparkatuko du lehen aldiz. Gau historikoa bizi nahi dugu eta guztion artean lortu behar dugu. Partida 21:30ean hasiko da, baina bi ordu lehenago hasiko gara jokatzen.
Taldearen autobusak ibilbide hori egingo duen lehen aldia izango da, Reale Arenako partida handietan formatu hori errepikatzeko asmoarekin. Neurketaren aurretik tenperatura ahalik eta gehien igotzea nahi dugu, gizalege handienarekin eta familia txuri-urdinaren portaera beti eredugarriarekin. Taldea babestuz eta momentuaz gozatuz. Garenaz, egiten dugunaz eta dugun egiteko moduaz harro sentituz. Horrela, ibilbide/harrera berri hau partida berezietan errepikatu ahal izango dugu, etorkizun hurbilean asko izango direlakoan. Egin dezagun denon artean asteazkenekoa egun historikoa izatea.