“Pozik eta harro noa”

Vídeo

Jokin Aperribayrekin batera agertu da, Administrazio Kontseiluak, Futbol Zuzendaritzak eta lehen taldeko staff guztiak babestuta. Hainbeste urtetan bere taldekideak izan direnak eskuak hautsi dituzte txaloka Asier Illarramendik denboraldi amaieran Reala utziko duela iragarri duen agerraldiko hainbat momentutan.

Hasteko, ez dela erabaki erraza izan onartu du. “Buelta asko eman dizkiot, eta, azkenean, uste dut hori dela erabakirik onena, bai niretzat, bai Realarentzat. Gure bideak banandu egiten dira eta penaz joaten naiz, ez baita erraza bizitza osoan zure etxea izan dena atzean uztea. Nire lagunak dira, nire familia, maite dudan guztia. Baina, era berean, harro nago hemen hamaika urterekin sartu eta egin dudan bidea egin dudalako. Pozik eta harro noa”, esan du.

Illarra asko hunkitu da bere hitzaldian. “Penarekin, baina bakean joango naizela esan nahi dut, lasai, dena eman baitut une oro. Orain bide berriak irekiko dira. Nik ere ez dakit zer gertatuko den, baina nire zikloa hemen amaitzen ari zela sentitzen nuen eta indartsu datozen belaunaldi berriei lekua utzi behar zaiela. Pozik nago datozen gazteak nolakoak diren ikusteaz”, adierazi du.

Ez du inor utzi nahi izan eskerrak eman gabe. “Jokin, tratatu nauen bezala tratatzeagatik, Realaren balioak niri transmititzeagatik, Xabi Prietoren besokoa heredatzeko nigan konfiantza izateagatik. Orain Mikelen esku utziko dut. Oso pertsona handia da eta bere balioak izugarriak dira. Horregatik noa lasai. Roberto, Erik, lankideak, staff-a, ziur nago faltan botako zaituztedala”, adierazi du Mutrikukoak.

Familia osoarentzat eta zaleentzat aipamen berezia izan nahi izan du. “Era berean, ez dut ahaztu nahi urte hauetan guztietan eman didaten berotasun eta maitasun guztia. Kopa irabaztea izugarria izan zela uste nuen, baina zaleek eman didaten maitasuna hori baino handiagoa da. Eskerrik asko denoi”, amaitu du.

Jokin Aperribayk ere hunkituta hitz egin du Illarraz. “Eskerrak eman nahi dizkizut Reala nola sentitu eta eraman duzunagatik. Ez da erraza Reala, gazteak eta Realaren etorkizunaren ordezkari izatea. Zure lana apartekoa izan da. Beti izan zara erreferentzia, gure harrobiko bitxia”, amaitu du.

Agerraldia amaitu ondoren, Asier Illarramendik Sevillan altxatu zuen Errege Koparekin atera da berdegunera, bere taldekideez eta lehen taldeko kide guztiez, Kirol Zuzendaritzaz eta Administrazio Kontseiluaz inguratuta.

 

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!