Erik Bretosek eta Sergio Franciscok gaur arratsaldean aurkezpen ofiziala izan dute komunikabideen aurrean Reale Arenako prentsa aretoan. Jokin Aperribay presidenteak lagunduta, futbol zuzendariak eta lehen taldeko entrenatzaileak aurrean duten erronkarako ilusiorik eta energiarik handiena erakutsi dute.
Jokin Aperribayk hartu du hitza lehenik eta behin, ezer baino lehen, Olabe eta Imanoli eskerrak emateko Realari eman dioten guztiagatik. "Urte zoragarriak izan dira beraiekin. Realaren eraldaketa oso garrantzitsua izan da eta eurak izan dira adierazgarririk garrantzitsuenak. Urte bikainak izan dira Realarentzat". Erik Bretos eta Sergio Franciscori dagokienez, presidenteak argi eta garbi esan die "biok Zubietan zehar transmititzen duzuen ilusioa eta gazteei begira duzuen ilusioa apartekoa dela. Zubietako bi pertsonarik prestatuenak zarete aurrean dugun erronkari aurre egiteko. Hurrengo urteak aurrekoak bezain zirraragarriak izango dira. Opa dizuet bioi Reala ahalik eta distira handiarekin eramatea".
Erik Bretosek adierazi duenez, “oso egun berezia da niretzat, nire bizitzako klubean hemen eserita egoteagatik. Ilusio handia dut eta energia asko sentitzen dut, jendeari nirekin lan egiteko esango diodan hori, gauza handiak lor ditzakegulako. Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, batez ere Robertori, nigatik egin duen guztiagatik eta nirekin izan duen eskuzabaltasunagatik. Izan nezakeen maisurik onena izan dut. Horrek gaurko egunerako prest egotea eragiten dit”. Ahalik eta anbizio handienarekin, Bretosek adierazi du "Gipuzkoa izan nahi dugula, harrobi izan nahi dugula eta kanpotik datorrenarekin sendotu nahi dugula, are indartsuagoak izateko".
Sergio Francisco ere ilusioz gainezka agertu da bere erronka berriarekin.
"Niretzat ere oso egun berezia da. Gogoan dut duela 10 urte Lukik Realera
itzultzeko deitu zidanean. Gogoratzen dudan egun bat da. Staff askorekin bizi izan naiz, eta horiek haziarazi
egin naute. Eskerrik asko, baita ere, Robertori nigan
konfiantza izateagatik eta babesa emateagatik. Baina hemen eserita banago,
Eriki, kontseiluari eta bereziki Jokini esker da. Eskerrik asko ausartzeagatik,
etxeko jendearen alde apustu egiteagatik. Hemendik aurrera, energia asko
sentitzen dut, transmititzeko, oso pozik nago Realeko entrenatzaile izateagatik.
Erronkari aurre egiteko gaitasuna sentitzen dut, plantillarekin lanean hasteko
ilusio handia. Zerbait oso ona eta energia askorekin osatzeko aukera dugu.
Erantzukizuna sentitzen dut eta gai sentitzen naiz. Urte hauetan egin den
guztiak Klubean nahi dugun abiadura jartzen lagunduko digu".