REAL SOCIEDAD 1-0 RAYO VALLECANO

Gol bikaina eta hiru puntu

Realak beste garaipen bat lortu du Anoetan, Rayo Vallecano 1-0 mendean hartuta. Bigarren zatian Óskarssonek sartutako gol bikainak erabaki du partida, gipuzkoarrak sailkapeneko goiko postuetan mantenduz.

Partida Orriren aukera batekin hasi da; aurrelariak jaurtiketa gurutzatua egin du, baina baloia kanpora joan da. Rayoren aurkako neurketak irekiak izaten dira normalean, eta gaurkoak ere bide horretatik joko zuela zirudien, nahiz eta azkenean ez den hain neurketa irekia izan. Take ere saiatu da, eskuinetik egin ohi duen jokaldia errepikatuz, baina baloiak defentsa baten kontra jo eta sarearen kanpoaldera joan da. Sucicek ere saiakera egin du area kanpotik, baina haren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Kanpoko taldeak ez du Remiro gehiegi estutu azken minutuetara arte. Orduan, De Frutosek egindako erremate behartua gora joan da.

Bigarren zatian gehiago kostatu da aukerak sortzea, nahiz eta Realaren nagusitasuna areagotu egin den. Rayo atzean sendo jarrita eta kontraeraso azkarrak bilatuz, Remirok geldiketa bikaina egin behar izan du De Frutosen boleari erantzunez. Handik gutxira, talde madrildarrak beste aukera garbi bat izan du, baina Pedro Diazek, ia ate aurrean bakarrik, baloia langaren gainetik bidali du. Rayoren unerik onenak ziren, baina kontraeraso batean, oraingoan txuri-urdinek egindakoan, Remirok baloi luzea bidali dio Barreneri. Honek defentsa bat gainditu eta erdiraketa bikaina egin du, Óskarssonek Audero gainditu eta gola sartzeko. Azken txanpan, Rayok lerroak aurreratu ditu berdinketaren bila, baina Isik, luzapenean area kanpotik egindako jaurtiketa batean, Remiroren ateko zutoinaren kanpoaldera bidali du baloia.

Hiru puntu goian jarraitzeko. Atsedenaldira irribarre batekin iristeko. Etorkizunari baikortasunez begiratzeko. Anbizioari eusteko.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Aramburu (Fort, min.62), Martín, Zubeldia (cap), Aihen (Sergio Gómez, min.84), Turrientes (Gorrotxa, min.71), Soler, Sucic, Barrene (Ochieng, min.71), Take (Guedes, min.62) eta Óskarsson.

Rayo Vallecano: Audero, Andrei, Lejeune, Mujaid (Isi, min,79), Pedrosa (Jozhua, min.79)(Alemao, min.89), Pathe Ciss, Pedro Díaz, Unai López (cap)(Bouare, min.79), Tsitaishvili, De Frutos eta Camello.

Gola: 1-0: Óskarsson, min.67.

Epailea: Juan Martínez. Txartel horia erakutsi die etxeko Zubeldia eta Turrientesi eta kanpoko Tsitaishvili eta Bouareri.

Ikusle kopurua: 30.367 pertsona.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!