Realak urrezko hiru puntu eskuratu ditu gaur arratsaldean Ipuruan SD Eibarri 1-2 irabazi ostean. Txuri-urdinak nagusi izan dira, batez ere bigarren zatian, eta aukera ugari sortu dituzte. Berdinketa ez zela hautsiko zirudienean, Laura Camino agertu da luzapenean garaipena kanpokoen alde erabakitzeko.
Donostiarrek hasiera bikaina eman diote partidari eta markagailuan aurrea hartu dute bigarren minutuan, Ceciren eta Ainhoa Marínen arteko jokaldi bikain bati esker; azken honek, buruz burukoan, ez du barkatu taldearen lehen gola egiteko. Hogeigarren minutua bete baino lehen, armaginek berdinketa lortu dute penaltiz, Soroaren esku baten ondorioz adierazitako penalti bat Sarak sare barrura bidali ostean. Etxekoek estutzen jarraitu dute eta Carmenek, oso gutxigatik kanpora joan den erremate batekin, markagailuari buelta emateko aukera izan du. Lehen zatiko azken txanpan txuri-urdinen minuturik onenak ikusi ditugu eta hainbat aukera sortu dituzte: arean geratutako baloi bat, Caminok eta Keefek aprobetxatu ezin izan dutena; txiletarraren burukada bat, desbideratuta joan dena; eta Ainhoa Marínen erdiraketa arriskutsu bat, langan jo duena. Atsedenaldian, berdinketa markagailuan.
Txuri-urdinak garaipenaren bila zelairatu dira bigarren zatian eta gol aukera ugari sortu dituzte. Caminok aurretik jarri ahal izan ditu donostiarrak Estherrek egindako erdiraketa baten ostean, baina bere burukada langatik gainetik joan da. Handik gutxira, aukera laukoitz ikusgarria izan dute: Marínek Wellmann atezainarekin egin du topo buruz burukoan, eta errebotea jaso ostean, Carlak gola saihestu du atepean. Nereak hurrengo errebotea jaso du, baina haren errematea ere aldendu dute, Marínek azken saiakera egin eta baloia zutoinaren ondotik kanpora bidali duen arte. Sinestezina. Armaginek ez dute abagune askorik izan bigarren zatian. Arriskutsuena Ángeles del Álamoren jaurtiketa bat izan da, baina Alaznek bikain erantzun dio. Realak erasotzen jarraitu du eta Seelenfreundek egindako beste erremate bat Wellmannek harrapatu du berriro ere. Azkenean, luzapenean merezitako saria iritsi da: Ainoa Campok bigarren zutoinera bidali du erdiraketa, eta Laura Caminok, burukada bikain batekin, baloia sare barrura bidali du txuri-urdinen poza pizteko.
Garaipen honek gipuzkoarren bolada onari jarraipena emateko eta Liga F-ko sailkapenean gora egiten jarraitzeko balio du. Orain, Europari begira jartzeko unea da: Fenerbahçeren aurka jokatuko dute Europa Cupeko kanporaketako itzuliko partida, joaneko 2-0eko emaitza defendatzeko helburuarekin. Aste berezi honi igandean emango diote amaiera, Anoetan jokatuko den derbiarekin. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
SD Eibar: Wellmann, Aitana, Mireia, Carla (kap.), A. Belem (Simona, min. 13), E. Moreno (S. Ortiz, min. 88), Adela, Noelia, Sara M. (Seidl, min. 88), Á. del Álamo (Nerea, min. 70) eta Carmen Á.
Real Sociedad: A. Estensoro, Esther (Florentino, min. 83), Apari, Soroa, Ainoa, N. Eizagirre (kap.), L. Camino, Intza (Maren, min. 74), Cecilia (Arola A., min. 74), Ainhoa M. (Zunzunegui, min. 83) eta Keefe (Seelenfreund, min. 67).
Golak: 0-1: Ainhoa M., min. 2; 1-1: Sara M. (pen.), min. 19; 1-2: L. Camino, min. 90+5.
Epailea: Arantza Gallastegui. Txartel horia erakutsi die etxeko Aitanari eta kanpoko Ainoa, L. Camino eta N. Eizagirreri.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin