Lehen talde txuri-urdina Japoniara itzuliko da berriro Gamba Osakaren aurka lagunarteko bat jokatzeko. Partida uztailaren 25ean izango da Panasonic Suita Estadioan. Neurketa 19:00etan hasiko da (12:00, Gipuzkoako ordua).
Neurketa hau Realak Asiako herrialdean duen zabalkuntza planaren barnean kokatzen da, Yasuda Group bazkide estrategikoaren eskutik. Realak Japonian izango duen presentzia bi erakundeen arteko akordioaren ardatzetako bat da, bai Yasuda Groupek antolatutako campusekin bai denboraldi amaieran Tokion jokatutako lagunartekoarekin gauzatzen hasi dena jada.
Aliantza honen urrats berri batean, lehen taldea Osakara joango da herrialdeko talde garrantzitsuenetako baten aurka jokatzeko. Kolore txuri-urdinak Japonian izango dira berriro Realaren eta Yasuda Groupek duten amankomuneko proiektua garatzen jarraitzeko.