CAUDAL DEPORTIVO 0-0 SANSE

Puntu ona

Sansek 0-0 berdindu du Caudal Deportivoren zelaian. Neurketa hasieratik bukaerararte menderatu dute eta etxekoek kontraeraso gutxi batzuetan sortu dute arriskua.

Partida hasi eta berehala iritsi da jokaldirik argiena: Jauregiren jaurtiketa bat ez da gutxigatik sartu. Sansek baloiaren jabetza izaten jarraitu du lehenengo 45 minutu hauetan, Caudal Deportivok atzean jokatzen zuen bitartean, kontraerasoak bilatuz. Belar artifizialeko zelaiak ez du Imanol Alguacilen mutilen jokoa erreztu, baina hori ez da aitzakia izan golaren bila jokatzen aritzeko. Horrela iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatiak ez du partidaren norabidea aldatu. Zertxobait arriskutsuagoak eta ugariagoak izan dira etxekoen jokaldiak, baina neurketaren nagusitasuna Sanserena izaten jarraitu du. Caudal Deportivoren atzelarien lanak emaitza eman die, eta horrek gipuzkoarrei aukerak sortzeko modua zaildu die. Berdinketa positiboa da alde batetik, baina kanpokoek garaipena eskuratzeko merituak egin dituzte, zelaian ikusi den bezala.

Sansek hurrengo astean Lealtad jasoko du Zubietan, azken jaurdunaldi hauetan merezi izan duten garaipenaren bila.

Fitxa teknikoa:

Caudal Deportivo: Rabanillo, Cristian, Calahorro, Catu, Invernon, Borja Prieto, Richard, Thaylor, Adrián Llano (Camochu, min. 65), Iker Alegre (Perujo, min. 87), Borja Navarro (Javi Sanchez, min. 65).

Sanse: Zubiaurre, Alex, Le Normand, Lapeña, Arrieta, Guevara, Sanz, Olaizola (Muguruza, min. 57), Capilla, Merquelanz (Saenz, min. 75), Jauregi (Calvillo, min. 83).

Epailea: Espasandin Cores. Txartel horia erakutsi die etxeko Calahorro eta Thaylorri eta kanpoko Olaizolari.

Imanol Alguacil: “Lortutako puntua aintzat hartzen dugu”

Imanol Alguacilek zera esan du Caudal Deportivoren aurka berdindu ondoren. “Neurketa menderatu dugu, aurkariak atzean jokatu du ia partida osoa eta kontraeraso batzuetan saiatu dira. Belar artifizialeko zelaiak geure jokoa zaildu du, eta horregatik ez ditugu jokaldi arriskutsu asko sortu. Taldeak orokorrean egiten duguna egin du. Behintzat, irabazten ez duzunean hobeto egoten da ez galtzea ere. Alde horretatik lortutako puntua aintzat hartzen dugu”.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!