UD Logroñés 1-1 Sanse

Urrezko puntua

Vídeo

Gure lehen filialak 1-1 berdindu du UD Logroñesekin, 10ekin amaitu duen partidan. 91. minutuan sartutako golari esker, Sansek puntu garrantzitsua lortu du Logroñon.

Txuri-urdinek ohiko joerarekin hasi dute partida, hau da, jabetza izaten saiatu dira eta jokalarien artean aukerak sortu dituzte. Baina etxekoak ere ideia argiarekin zelairatu dira: kontraerasoko jokaldiak aprobetxatzea aukerak sortzeko. Logroñarrak izan dira arriskuaren protagonistak lehen zatian, asko iritsi baitira bi hegaletatik. Arrisku aukera onak sortu dituzte eta horietako batean, Mendesek bere abiadura aprobetxatu du atzelariengandik ihes egiteko eta partidako lehen gola sartzeko, 29. minutuan. Txuri-urdinak aukerak sortzen saiatu dira, baina etxekoen defentsa nagusi izan da eta ez du aukera bakar bat ere eskaini. Eta donostiarren aldeko jabetzarekin kontrako zelaian, epaileak lehen erdia amaitutzat ematea erabaki du.

Bigarren zatian, Sergio Franciscok aldaketak egitea erabaki du, bere taldearen jokoari beste kolore bat emateko. Donostiarrek ondo hasi dituzte azken 45 minutuak, eta Kortajarenak aukera paregabea izan du, baina erdilariaren jaurtiketa eskuadra urratuz joan da. Baina hurrengo jokaldian Ezkurdiak aurkariaren kontraerasoa saihestu du ostiko batekin eta txartel gorria jaso du. Ondorioz, txuri-urdinek 10ekin bukatu behar izan dute partida 62. minututik aurrera. Eta Sanse ate barrura iristen ez zela zirudienean, Gorrotxategik obus bat jaurti du areaz kanpotik, 91. minutuan berdinketa jartzeko. Etxekoek erasoan jarraitu nahi izan dute 3 puntuak lortzeko, baina epaileak partidaren amaiera adierazi du baloiak aldeak banatzen dituen marratik igaro denean.

Urrezko puntua eskuratu du Sansek 91. minutuan, 10 jokalarirekin bukatu behar izan duten partidan. Meritu handia du! Donostiarrak larunbat honetan Zubietara itzuliko dira CF La Nucíaren aurka jokatzeko. Aupa Sanse!


Ficha técnica:

UD Logroñés: Gonzalo, López, Arregui, Fernández, Iñaki, Sierra (Keita, min. 73), Lozano (Olguín, min. 73), Boniquet (kap.) (Schutte, min. 80), Zourdine, Doncel eta Mendes (Menudo, min. 80).

Sanse: Arana, Gabilondo, Ezkurdia (kap.), Glez. De Zárate, Zoilo, Gorrotxategi, Garrido, Magunazelaia, Marín (Cantero, min. 64), Agirre (Azkune, min. 78) eta Martón.

Golak: 1-0: Mendes, min. 29; 1-1: Gorrotxategi, min. 90. 

Epailea: Ávalos Martos. Etxeko López eta Gonzalori eta kanpoko Gorrotxategiri atera die txartela. Eta Ezkurdiari txartel gorria atera dio (min. 62).

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!