Realak garaipen garrantzitsu batekin itxi du urtea Sadarren. Ordu erdian hiru golekin aurreratu ostean, Osasunak asko estutu ditu txuri-urdinak eta, sufritu arren, puntuak etxera ekarri ditu. Hiru eta lauko emaitza 2019ko agurrean.
Imanolen mutilek lehen zati ia perfektua jokatu dute. Erasoko hedapen amaiezinarekin, txuri-urdinek arriskua sortu dute ia eraso bakoitzean. Oyarzabalek, Odegaarden asistentzia baten ondoren, aurretik jarri ditu donostiarrak ordu laurdenera. Ondoren, Porturen jokaldi batek bigarrena eman die gipuzkoarrei. Ordu erdia baino lehen Odegaardek jaurtiketa libre bat eskuadran jarri du. Zoragarria. Lehen zatiko azken jokaldian Aridanek aldea murriztu du gorritxoentzat.
Bigarren zatia etxekoentzat izan da, argi eta garbi. Hasi eta berehala Chimy Avilak bigarrena egin du eta Reala ukituta utzi du. Baloiak ez zion irauten txuri-urdinei eta Osasuna hazi egin da. Pixkanaka-pixkanaka talde donostiarrak nafarren bultzada baretu du, baina markagailuak ez zuen erlaxaziorik ematen. Roncagliak txartel gorri zuzena ikusi du eta txuri-urdinek partidaren tentsioa murriztu ahal izan dute. Korner baten ostean Isakek laugarrena egin du eta gehiegi zaildu den partida bati amaiera eman diola zirudien, baina etxekoek ez dute inoiz amore eman eta hirugarrena egin dute azken unera arte txuri-urdinei arnasa lasai hartzen ez uzteko.
Garaipen handia urtea ixteko eta taularen goiko postuetan jarraitzeko. 2020a ilusio handikoa izango da. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
CA Osasuna: Herrera, Roncaglia, David García, Aridane, Estupiñán (Juan Villar, min.87), Oier (kap), Darko (Moncayola, min.75), Rubén García, Adrián (Mérida, min.75), Roberto Torres eta Chimy Ávila.
Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Zubeldia, Llorente, Monreal (Gorosabel, min.46), Guevara (Le Normand, min.67), Merino, Odegaard, Portu, Oyarzabal (kap) eta Willian Jose (Isak, min.77).
Golak: 0-1: Oyarzabal, min.15. 0-2: Portu, min.18. 0-3: Odegaard, min.28. 1-3: Aridane, min.45+1. 2-3: Chimy Ávila, min.48. 2-4: Isak, min.79. 3-4: Chimy Ávila, min.84.
Epailea: Medie Jiménez. Txartel horiak etxeko Estupiñán, Darko, Roncaglia, Herrera, Juan Villar eta Mérida eta kanpoko Zubeldia, Willian José. Txartel gorria etxeko Roncagliarentzat (min.72)