COSTA ADEJE TENERIFE 4-1 REAL SOCIEDAD

Amaiera tristea

Realak lau eta bat galdu du Costa Adeje Teneriferen aurka gaur goizean denboraldiko azken partidan. Amaiera tristea txuri-urdinentzat, kurtsoa porrot gogor batekin agurtzen baitute.

Lehen zatia ahazteko modukoa izan da. Seigarren minutua bete denean, Aleksandrak tenerifetarren lehen gola sartu du, areaz kanpotik gurutzatutako eskuinkada bikain batekin. Handik gutxira, Ouzraouik aldea handitu du markagailuan, Piscoren erdiraketa bigarren zutoinean buruz errematatuta. Donostiarrek ez dute erantzunik aurkitu eta Mari Josek, Castelloren baloi luze bat aprobetxatuz, hirugarrena egitea lortu du Elene buruz burukoan goitik gaindituta. Hori gutxi balitz, Mari Josek berak partida erabakita utzi du atsedenaldira iritsi aurretik, area ertzetik egindako jaurtiketa indartsu batekin.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Lucia Pardok errebote bat aprobetxatu du Noelia Ramosen aurrean geratu eta atezaina behetik gainditzeko, markagailuko aldea murriztuz. Txuri-urdinek beste aurpegi bat erakutsi dute aldageletatik igaro ostean, eta beste golen bat sartzeko aukerak izan dituzte, baina ez dira fin ibili. Lehen zatiko emaitza zama handiegia izan da.

Kolpe gogorra denboraldia amaitzeko. Orain, atseden hartzeko garaia da. Uztailean bueltatuko dira ikasturte berria prestatzen hasteko ilusio berrituekin.

Fitxa teknikoa:

Costa Adeje Tenerife: Noelia Ramos, Aleksandra, Fatou D., Cinta R., Patri Gavira, Pisco (kap.) (B. Beltrán, min. 82), S. Ouzraoui (Clau Blanco, min. 62), S. Castelló, Bicho (N. Ramos, min. 46), Mari Jose (Paola H. D., min. 71) eta Babajide (Silano, min. 71).

Real Sociedad: Lete, Emma, Etxezarreta (Franssi, min. 46), Apari (Viles, min. 70), Lucía, Andreia (Lezeta, min. 55), Cahynová, L. Pardo, N. Eizagirre (kap.) (Mirari, min. 46), Cecilia (Intza, min. 55) eta Amaiur.

Golak: 1-0: Aleksandra, min. 6; 2-0: S. Ouzraoui, min. 8; 3-0: Mari Jose, min. 19; 4-0: Mari Jose, min. 43; 4-1: L. Pardo, min. 50.

Epailea: Peñalver Pearce. Txartel horia erakutsi die etxeko Bichori eta kanpoko Apariri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!