REAL SOCIEDAD 2-0 LEVANTE UD

Anoetak sendo jarraitzen du

Realak indartsu jarraitzen du etxean. Txuri-urdinek 2-0 irabazi diote Levanteri etxeko bolada onari eutsita. Jon Martinek lehen zatian buruz sartutako gol batek eta Braisek partidaren amaieran sartutako beste batek garaipena eta hiru puntu garrantzitsu eman dizkiete donostiarrei.

Neurketa bi abagune argirekin hasi dute txuri-urdinek, biak Oyarzabalen eskutik. Lehen jaurtiketa Ryanek urrundu du, baloia langaren gainetik bidaliz, eta bigarrenak zutoinean jo du. Guedes ere saiatu da desbideratuta joan zaion jaurtiketa batekin. Ordu erdira Matarazzok zuzentzen duen taldeak aurrea hartu du Jon Martinek buruz errematatu duen korner baten bitartez. Kanpokoek gola jaso bezain laster izan dute aukerarik onena, Remirok lortu desbideratu duen Tunderen erremate batekin. Azken minutuetan, atsedenaldiaren aurretik, Guedesek bi aukera on izan ditu, baina ezin izan ditu zehaztu.

Reala kementsu hasi da bigarren zatian, eta lehenengo Guedesek Ryanek gelditutako jaurtiketa batean, eta ondoren, langarekin topo egin duen Sucicen erremate batean, oso gertu izan du bigarrena. Valentziarrei iristea kostatzen bazitzaien ere, pare bat ekintza izan dituzte donostiarrak izutzeko. Txuri-urdinek bigarrena merezi zuten, baina berriz ere zutoinean jo du Guedesen beste erremate izugarri batek. Amaierarako minutu gutxi falta zirenean, Guedes, Marin eta Braisen arteko jokaldi on batean, galiziarrak bigarrena sartu du Anoetan lasaitasuna bermatzeko.

Taldeak etxean duen indarra baieztatzeko eta Kopako finalerako bi asteren faltan baikortasunari eta espiritu positiboari eusteko balio duen garaipena.

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Remiro, Aramburu, Martín, Ćaleta-Car (Aritz, min.69), Sergio Gomez, Turrientes (Aguirre, min.85), Soler, Sučić (Brais Méndez, min.64), Barrene (Marín, min.64), Guedes (Óskarsson, min.85) eta Oyarzabal (kap).

Levante UD: Ryan, Toljan, Dela (kap), Moreno (Maturro, min.46), Manu Sánchez, Olasagasti, Rey (Raghouber, min.60) Iker (Martínez, min.46), Víctor (Tai, min.82), Tunde (Romero, min.60) eta Espí.

Golak: 1-0: Martín, min.30. 2-0: Brais Méndez, min.83.

Epailea: Alejandro Muñiz. Txartel horia atera die etxeko Barrene eta Martini eta kanpoko Manu Sánchez, Moreno eta Espiri. 

Ikusle kopurua: 27.000 pertsona.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!