ELCHE CF 1-2 REAL SOCIEDAD

Aurrerapauso galanta

Europa hurbilago dago. Realak Elche menderatu du arratsaldean eta aurrerapauso handia eman du Europako lasterketan. Sorlothek eta Le Normandek Carrilloren hasierako golari buelta eman diote txuri-urdinei berebiziko garaipena emateko.

Ia ezertarako astirik gabe, etxekoek aurrea hartu dute Carrilloren gol goiztiarrari esker, etxekoen jokaldi on bat aprobetxatuz. Realak ordu laurdena pasata berdintzeko aukera izan du, baina, ia inoiz ikusi ez den jokaldi batean, epaileak baliogabetu egin du Isakek sartutako penalti bat, ustez, baloia jo aurretik bere ibilbidea geldiarazi duelako. Reala jaun eta jabe izan da eta berdinketaren saria ordu erdia pasata iritsi zaio. Silvak erdiraketa zehatza jarri du, eta Sorlothek, bikain mugituz, sarera bidali du baloia buruz, defentsa batean ukitu ondoren. Txuri-urdinak erabat agintzen ari zirela, korner jaurtiketa batean, bigarren gola iritsi da. Le Normandek, obus bat bezala bigarren zutoinean sartuz, Silvaren erdiraketa sareratu du.

Bigarren zatian nagusi izaten jarraitu dute Imanolen mutilek, nahiz eta etxekoek Remiroren atea bilatu duten. Realak hirugarrena egiteko abagune onak izan ditu, baina Diego Ricok eta Isakek atezainarekin egin dute topo. Kontraeraso azkar batean, eskuin hegaletik, Josan lehia berdintzeko zorian izan da, baina errematea kanpora joan zaio gutxigatik. Realak, ia eraso bakoitzean, gola sartzeko moduko sentsazioak eskaini ditu, baina hirugarrena egin ez duenez, bukaerara arte gogor jarraitu behar izan du.
Garaipen honi esker, txuri-urdinek abantaila handiagoa hartzen dute jarraitzaileekiko. Ez da behin betikoa, baina gaur emandako pausoa erraldoia da. Helburua hurbilago dago. Aupa, Real!

Fitxa teknikoa:

Elche CF: Edgar Badía (kap), Palacios (Josan, min.68), Roco, Diego González (Verdú, min.46), Mojica, Gumbau (Raúl Guti, min.46), Mascarell (Kike, min.82), Morente, Fidel, Pere Milla y Carrillo (Ponce, min.42).

Real Sociedad: Remiro, Zaldua (kap) (Gorosabel, min.85), Zubeldia, Le Normand, Rico (Aritz, min.79), Zubimendi, Merino, Rafael (Portu, min.68), Silva (Aihen, min.79), Isak y Sorloth (Januzaj, min.68).

Golak: 1-0: Carrillo, min.3. 1-1: Sorloth, min.31. 1-2: Le Normand, min.39.

Epailea: Cuadra Fernández. Txartel horiak etxeko Palacios, Gumbau eta Carrillorentzat eta Isak, Zubimendi eta Zaldua kanpotarrentzat.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!