Realak beste garaipen bat lortu du Sevilla FC merezimendu osoz mendean hartuta Jesús Navas Estadioan (0-2). Txuri-urdinek partida landu behar izan dute eta fruituak bigarren zatian iritsi dira, ia jarraian sartu dituzten bi golekin, sailkapeneko hirugarren postuan sendotzeko.
Donostiarrek indartsu ekin diote neurketari, korner bakoitzean arriskua sortuz. Lehenengo abagunea Mirarik izan du, baina bere errematea azken momentuan Kanteh-k urrundu du. Lavogezek ere berea izan du, oraingoan Sullastresek baloia harrapatuz. Emmak, aurrekoaren antzeko jokaldi batean, arriskua ere sortu du, atezainak berriro gola saihestuz. Etxekoak hobetzen joan dira minutuek aurrera egin ahala eta lehen aukera Kanteh-k sortu du kontraeraso batean eskuinkada gurutzatu batekin, oso gutxigatik kanpora joan dena. Inma Gabarrok ere berea izan du, baina Claudia Florentino bikain aritu da baloia urruntzeko, etxekoen aurrelaria errematea egitera zihoanean. Gipuzkoarrak neurketaz jabetu dira berriro atsedenaldira iritsi baino lehen eta aukerarik onena izan dute aldageletara abantailarekin joateko: Mirarik baloia Lavogezi utzi dio eta, gola egiteko dena alde zuela, ez du buruz burukoa aprobetxatzea lortu, Sullastresek jokaldia bertan behera utziz.
Txuri-urdinek nagusi izaten eta abaguneak sortzen jarraitu dute. Emma gure talderentzat gola egiteko zorian izan da, baina langak bere burukada uxatu du. Azkenean, asko saiatu ondoren, golaren saria iritsi da. Aurreko jokaldietan bezain argia izan ez den jokaldi batean, eta zorte pixka batekin, baina oso merezita. Oraingoan bai, Lavogezek area barruan izan duen aukera aprobetxatu du: jaurtiketak lehenik zutoina jo du, ondoren Sullastresen hanka, eta azkenik baloia sare barrura sartu da. Donostiarrek estutzen jarraitu dute eta, minutu batzuk geroago, kapitainak, berdegunera sartu berriak, garaipena bideratu du Aiararen erdiraketa zehatz bat errematatu eta baloia sare barrura bidali ostean. Sevillarrek ez dute amore eman eta Kanteh-k aldea murriztu du kontraeraso batean, baina gola baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo zegoelako. Azken txanpan, Aiara arratsaldea biribiltzeko zorian izan da, baina bere jaurtiketa indartsua Sullastresek urrundu du.
Hiru puntu oso garrantzitsu bigarren itzulia modurik onenean hasteko eta hirugarren postuan jarraitzeko. Datorren astean, ia hilabete eta erdi geroago Zubietara itzuliko gara Eibar hartzeko. Gehiagoren bila. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Sevilla FC: Sullastres (kap.), Débora G., Marques (Chantal, min. 92), I. Álvarez, Raquel (Andrea Á., min. 84), I. Arnaiz (Julia Torres, min. 84), Alicia, Cortés (Esther, mi. 61), Rosa M., Kanteh (Wifi, min. 84) eta Inma G.
Real Sociedad: A. Estensoro, Emma (E. Guridi, min. 84), Apari, Florentino, Moraza (kap.), Cecilia (Aiara, min. 70), Andreia (Cahynová, min. 51), P. Fernández, Lavogez, L. Pardo (Intza, min. 46) eta Mirari (N. Eizagirre, min. 70).
Golak: 0-1: Sullastres (b.a.), min. 61; 0-2: N. Eizagirre, min. 72.
Epailea: María Eugenia Gil. Txartel horia erakutsi die kanpoko Apari eta Mirariri.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin