REAL C 2-2 BURGOS CF PROMESAS

Batzen jarraitzen dute

Vídeo

Gure hirugarren taldeak bi eta bi berdindu du gaur arratsaldean Zubietan Burgos Promesasen aurka jokatutako neurketan. Partida nagusitasun handirik gabe hasi da. Real Ck izan dituen aukerei berehala erantzun die Burgoseko taldeak, eta horrela igaro dira lehenengo zatiko lehen minutuak. Garzonek eta Teijeirak bi aukera oso garbi izan dituzte etxekoak markagailuan aurretik jartzeko. Burgos Promesasi dagokionez, Barahona izan da aukera garbienak izan dituen jokalaria, eta behin baino gehiagotan esku hartu izan behar du Jose Ortega atezain txuri-urdinak kanpokoen gola ekiditeko. Eguraldiak zaildu egin du jokoaren arintasuna, baina talde gipuzkoarrak helburu berarekin jarraitu du: kanpokoen atea erasotzea. Lehenengo zatiko azken bost minutuetara iritsi aurretik etxekoek kontraeraso izugarri bat hasi dute: baloia beraien arean hartu eta jokaldia Jorge Agirrek amaitu du beste arean atezaina atzean utzi eta baloia sareetara bidaliz. Aukera askoko lehenengo zatia izan da, baina Real Ck bi areetan eraginkorra izaten jakin du eta bat eta hutseko markagailuarekin itzuli dira aldageletara.

Burgoseko taldeak erritmo oso altuarekin hasi du bigarren zatia, markagailua azkar berdintzeko asmoarekin. Eta lortu dute beraien helburua. Aldageletatik itzuli eta bost minutura Nacho Herasek berdinketaren gola egitea lortu du Barahonak jaurtitako korner bat errematatuz. Gure hirugarren taldeak ondo erreakzionatu du eta aurkariaren atera gerturatzen jarraitu du. Kortajarenak izan du txuri-urdinen aukera garbiena, baina bere burukadak langan jo du. Hala ere, etxekoek bigarrenaren bila jarraitu dute, eta horrela iritsi da gola. Gorrotxategik, bakarkako jokaldi on baten ondoren, area kanpotik jaurti eta Real C markagailuan berriro ere aurretik jartzea lortu du. Burgos Promesasek gol horri aurre egitea lortu du, eta etxekoek defentsan lan asko egin behar izan dute berdinketaren gola ekiditeko. Baina garaipena etxean geldituko zela zirudienean, Abadek kanpokoen bigarren gola sartzea lortu du azkenengo minutuan. Partida oso parekatua ikusi ahal izan dugu Zubietan, eta gure hirugarren taldeak puntuak batzen jarraitzea lortu du oraindik etxetik kanpo galdu ez duen talde baten aurka.

Datorren jardunaldian garrantzia handiko partida bat jokatuko dute Racing Rioja eta Real Ck: sailkapeneko lehenengo eta bigarren sailkatuaren arteko neurketa izango da. Talde txuri-urdinak garaipena lortzea izango du helburu berriro ere lidergoan kokatzeko. Aupa Real!

 

Fitxa teknikoa

Real C: Ortega, Sukia, Larrañaga, Recio, Azurmendi (Astigarraga, min. 46), Gorrotxategi, Zubillaga, Kortajarena (kap.), Teijeira [Balda, min. 58 (Azkune, min. 88)], Garzon (Marn, min. 54) eta Agirre (Lespinasse, min. 54).

Burgos CF Promesas: Lopez, Serrano, Puertas, Barahona, Gabri (kap.) (Burgos, min. 68), Heras, Conejo, Montes, Bassa (Pineda, min. 46), Esteban (Abad, min. 68) eta Del Cerro.

Golak: 1-0: Agirre, min. 37; 1-1: Heras, min. 51; 2-1: Gorrotxategi, min. 75; 2-2: Abad, min. 89

Epailea: Rodriguez Garcia. Txartel horia atera die Real Cko Teijeira, Larrañaga eta Astigarragari, eta Burgos CF Promesaseko Montes, Puertas eta Herasi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!