BSTK Basotik Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak Basozaindariak proiektua aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Gipuzkoako basoen zati esanguratsu baten abandonu- eta kudeaketa-faltaren egungo egoerak zaintza, hobekuntza eta kontserbazio jarduera jarraituak eskatzen ditu, biodibertsitatea sustatzeko, baso-eremuak berreskuratzeko eta ekosistema horiei eragiten dieten erronkei erantzuteko. Errealitate horri erantzuteko sortu da Basozaindariak, herritarrei basoa zaindu eta hobetzeko ekintza zehatzetan modu aktiboan parte hartzeko aukera emango dien proiektua, profesionalen eta espezialisten laguntzarekin.
Aurkezpenean parte hartu dute Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak; Jon Ander Ostolazak, BSTK Basotik Fundazioaren gerenteak; eta Ainara Mugak, Real Sociedad Fundazioko proiektu arduradunak.
Xabier Arrutik nabarmendu duenez, «gure basoen etorkizunak kudeaketa aktiboa behar du, baina baita gizartearen inplikazioa ere. Basozaindariak bezalako ekimenen bidez herritarrei aukera ematen diegu basoen zaintzan zuzenean parte hartzeko, egiten den lana ezagutzeko eta gure baso-ondarearekin duten lotura indartzeko».
Basozaindariak-ek basoen zaintza eta hobekuntzarako behar zehatzak herritarren parte-hartzearekin lotuko ditu. Horretarako, familiak, zaleak, erakundeak eta bestelako kolektiboak baso-inguruneetan egingo diren jarduera praktikoetan parte hartzera gonbidatuko ditu: gure basoek zer behar duten ezagutu, zergatik esku hartu behar den ulertu eta haien zaintzan zuzenean laguntzeko.
Jon Ander Ostolazak azaldu duenez, «Basozaindariak-ek basoaren zaintza herritarrengana hurbiltzen du. Ekintza bakoitzaren atzean behar eta helburu tekniko eta ekologiko zehatz bat egongo da, eta parte-hartzaileek profesionalen laguntzarekin jardungo dute. Ez da soilik basora joatea: basoak zer behar duen ulertzea eta haren hobekuntzan benetako ekarpena egitea da».
Beharretik ekintzara: lau jarduera parte-hartzaile
2026-2027 aldian lau jarduera parte-hartzaile egingo dira, bakoitza baso-ingurunearen behar zehatz bati lotuta:
- Habia-kutxak jartzea, hegaztientzako babeslekuen erabilgarritasuna handitzeko eta tokiko biodibertsitateari laguntzeko.
- Baso eta ibaiertzetako garbiketa parte-hartzailea, hondakinak kentzeko eta lurzoruan, uretan, biodibertsitatean eta paisaian duten eragina murrizteko.
- Erleen eta beste polinizatzaileen habitata hobetzea, landare meliferoen, ur-puntuen eta babeslekuen bidez urte osoan elikadura, ura eta babesa eskaintzeko.
- Herri-landaketa handi bat, pertsona gehiagok basoa hobetzeko zuzeneko jarduera batean parte hartu ahal izateko.
Lehen hiru jardueretarako 50 pertsonako parte-hartzea aurreikusten da, eta herri-landaketa handiak 350 pertsona inguru biltzea du helburu. Horrela, programak guztira 500 parte-hartze plaza inguru eskainiko ditu.
Baso-ezagutza eta mobilizazio-gaitasuna, elkarlanean
Bi fundazioen arteko lankidetzak BSTK Basotik Fundazioaren basogintzako ezagutza teknikoa eta kudeaketa-esperientzia eta Real Sociedad Fundazioaren mobilizazio-gaitasuna, lotura soziala eta lurraldearekiko errotzea uztartuko ditu. Horrela, Real Sociedad-en inguruko sareak —familiek, zaleek, klubek, erakunde laguntzaileek eta gizarte-kolektiboek— Gipuzkoako baso-ondarearen kontserbazioan zuzenean parte hartu ahal izango du.
Ainara Mugak nabarmendu duenez, «Real Sociedad Fundazioarentzat pozgarria da programa hau Basotik eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera garatu ahal izatea, gure inguru naturalarekiko dugun konpromisoan aurrera egiteko aukera ematen baitigu, berau indartzen duten dinamikak bultzatuz eta, aldi berean, Gipuzkoako biztanleei Basozaindariak programaren esparruan egingo diren jardueretan parte hartzeko aukera eskainiz».».
Proiektuaren jarduerak 2026ko azarotik 2027ko udaberrira bitartean garatzea aurreikusten da. Lehen ekintza, habia-kutxen instalazioa, azaroaren 15erako dago aurreikusita. Jarduera bakoitzaren aurretik deialdi espezifikoa egingo da, data, kokapena, parte hartzeko baldintzak eta izen-emate sistema zehaztuz.
Disfruta de tu nuevo carnet digital
Zure informazioa eta datuak konsultatu edo aldatu
Zuretzat bakarrik ekintza eta promozio bereziak
Zozketak, sariak, 360 bideoak, etabar
Gure taldeen eta jokalarien estatistikak
Gure artxibo historikoa kontsulta egin
Audioak, postalak, posterrak eta aldizkariak jeisteko prest.
Zure argazkia taldearekin