Realak ezagutzen ditu Txapeldunen Ligako aurkariak. Talde txuri-urdina D multzoan lehiatuko da SL Benfica, FC Internazionale eta FC Salzburg taldeekin batera. Arratsaldean Monakon egindako zozketak talde erakargarria eta lehiakorra oparitu die txuri-urdinei, baina pizgarriz betea. Behin betiko egutegia, multzoen faseko sei partiden data eta orduarekin, larunbat eguerdian ezagutuko da.
Aurkariak:
Benfica SL
Portugalgo klub handiena. Sportingekin batera, Portugaleko hiriburuko talde nagusia. Bere herrialdeko 37 liga eta 26 kopa eta, batez ere, Europako bi Kopa ditu bere palmares distiratsuan. Da Luz estadioak (Estádio do Sport Lisboa eta Benfica), 65.000 ikuslerentzako edukiera duenak, arranoaren taldearen partidak hartzen ditu. Inoiz ez dugu haien kontra jokatu partida ofizialean.
FC Internazionale Milano
Italiako handienetako bat. Hiru Txapeldunen Liga, hiru UEFA eta 19 scudetto ditu, besteak beste, palmares zoragarrian. Bere estadioa, San Siro, Europako futbolaren tenpluetako bat da, 75.000 ikuslerentzako edukierarekin. Zale txuri-urdinen erretinan 79ko Europako Kopako kanporaketa mantentzen da oraindik, non Milanen hiru eta huits galdu ondoren, Ormaetxeak zuzenduriko taldeak kanporaketari buelta emateko zorian egon zen Atotxan. Bi eta hutsekoa ez zen nahikoa izan. Partidu hura gure zelai zaharraren historiako onena izan zen.
FC Salzburg
Austriara itzuliko gara. Salzburgek Europa Ligan kanporatu gintuen 2018an. Bere herrialdeko talderik indartsuena da azken urteetan, eta azken hamar ligak jarraian irabazi ditu. Red Bull Arenan jokatzen dute, 30.000 ikuslerentzako edukierarekin.