Chory Castro Anoetara itzuliko da igandean. Uruguayko jokalariak 3 denboraldi eta erdi igaro zituen txuri-urdin kamisetarekin eta asteburu honetan Malaga CF taldearekin itzuliko da. www.realsociedad.eus Choryrekin hitz egin du Anoetan jokatuko den partidaren aurretik..
Urte eta erdi Malagan. Zer moduz zabiltza?
Oso ondo. Pozik nago Malagan. Dena jokatu nuen aurreko denboraldi amaieran taldera iritsi ondoren. Aurtengo denboraldia irregularra izaten ari da. Azken neurketetan ondo jokatzen ari gara, partidak irabazi ditugu eta denboraldi amaiera ezin hobea izaten ari da.
LaLiga ezin hobe amaitzen ari zarete.
Taldea oso ondo dabil orain. Lasaitasunez jokatzen ari gara, presiorik gabe, eta oraingo bolada mantendu nahi dugu azken partidak ondo amaitzeko. Jokatu behar ditugun bi neurketak oso garrantzitsuak eta oso zailak dira. Reala Europako postuetan dabil eta Real Madridek LaLiga irabazi nahi du.
Nola ikusten duzu Reala?
Oso ond dabil. Europan jokatzea merezi du. Txuri-urdinek denboraldi oso ona egin dute eta Europa League txapelketa jokatzea merezi dute. Bi arerio zail dituzte azken jardunaldietan. Zaila izango da, baina ez ezinezkoa. Bi partidak irabazi behar dituzte.
Zer neurketa espero duzu igandean?
Partida oso irekia espero dut. Guk futbol asko proposatuko dugu. Reala presionatuko dugu etxekoak eroso ez egoteko. Hala ere, badakigu atzean gordeta egon behar izango garela eta kontraerasoak aprobetxatu behar ditugula. Realak baloia asko zaintzen du eta aurrelari oso onak ditu. Denboraldian zehar joko oso ona erakutsi du. Gu bolada onean gabiltza eta gogotsu iristen gara.
Berezia izango da Anoetara itzultzea?
Oso berezia izango da. Lehengo urtean ezin izan nuen jokatu. Lagun asko ditut Realean. Anoetan bizi ditudan partidak gogoratu nahi ditut. Momentu oso bereziak bizi izan ditut eta Reala bihotzean eramango dut beti.