ATHLETIC CLUB 0-2 REAL SOCIEDAD

Derbia txuri-urdina da

Vídeo

Realak beste garaipen bat lortu du gaur goizean Lezaman jokatutako derbian irabazita. Txuri-urdinek huts eta bi hartu dute mendean Athletic Club lehen zati bikain bati esker, non Aiara eta Paula Fernandez golegileak izan diren.

Donostiarrak jaun eta jabe izan dira lehen zatian. Lehenengo abagunea Andreiak izan du area aurrealdetik jaurtitako eskuinkada batekin, Nanclaresek erantzun bikaina emanez. Handik gutxira, ordu laurdenera, gipuzkoarrek aurrea hartu dute markagailuan. Aiara ezker hegaletik sartu da eta jokaldia ezkerkada gurutzatu ikusgarri batekin bukatu du. Ordu erdia pasata, Lavogez area barruan erori da, Landaluzek orkatilan kolpe bat eman ondoren; epaileak, txuri-urdinek FVS-an jokaldia berrikusteko eskatu ostean, penaltia adierazi du. Oso argia. Paula Fernandezek, hamaika metroetatik, ez du barkatu, abantaila handiagotuz atsedenaldira iritsi aurretik.

Bizkaitarrek pauso bat aurrera eman dute aldageletatik igaro ostean. Abaguneak, hori bai, Realaren bitartez iristen jarraitu dute. Lavogezek bi argi izan ditu partida erabakita uzteko: lehenengoa gutxigatik joan den burukada batekin eta bigarrena Nanclaresek urrundu duen buruz burukoan. Donostiarrek une oro kontrolatu dute norgehiagoka, lehen zatian baino baloi jabetza gutxiagorekin, baina kontraeraso bakoitzean arrisku handia sortuz. Azken aukera Intzak izan du Arolaren erdiraketa baten ostean, baina area barruan egin duen erremate indartsua Nanclaresek urrundu du berriro ere.

Beste garaipen bat, laugarrena ligako azken bost partidetan, hirugarren postuan jarraitzeko eta laugarren sailkatuarekiko zortzi puntuko aldeari eusteko. Datorren asteburuan, erronka berria, oraingoan Zubietan, RCD Espanyolen aurka. Aupa Real!

Fitxa teknikoa:

Athletic Club: A. Nanclares, Elexpuru, Landaluze, Eider, Nerea B. (Nerea Nevado, min. 60), M. Zubieta (Oguiza, min. 78), L. Baños (Gurtubay, min. 46), S. Ortega, Pinedo (kap.) (Vilariño, min. 71), Agote eta Campos (Azkona, min. 46).

Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Arola A., min. 58), Lucía, Florentino, Moraza (kap.), Aiara, P. Fernández, Cahynová, Andreia (L. Pardo, min. 75), Intza (Cecilia, min. 88) eta Lavogez (Mirari, min. 74).

Golak: 0-1: Aiara, min. 15; 0-2: P. Fernández (p.), min. 35

Epailea: Elena Peláez. Txartel horia erakutsi die etxeko M. Zubieta eta Oguizari eta kanpoko Florentino eta P. Fernandezi.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!