Real Sociedad Fundazioa eta BSTK Basotik

Desioen Basoa

Real Sociedad Fundazioak eta BSTK Basotik Fundazioak “Desioen Basoa” landaketa parte-hartzailea ospatu zuten larunbatean Aian, Gipuzkoako basoak zaintzeko elkarlan berri baten lehen ekintza gisa. Guztira 220 lagunek hartu zuten parte landaketan eta 300 pertsona inguru bildu ziren festa-gunean.

Ekimenak helburu bikoitza izan zuen: batetik, herritarrei basoen zaintzan parte hartzeko aukera luzatzea eta bestetik, biodibertsitatea, lurzorua eta lurraldearen ongizatea sustatzea. Parte-hartzaileek desio bat idatzi zuten eta bertako haritz bana (Quercus robur) landatu zuten, 6 hektareako eremu batean.

Honela, “Desioen Basoa” ekimenarekin, lursail horrek baso autoktono baterantz eraldatzeko bidea abiatu du: harizti gazte baten sorrera, lurraren egonkortasuna hobetzeko eta biodibertsitateari aukera gehiago emateko.

Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko foru diputatua bertan izan da, Ainara Muga Real Sociedad Fundazioko proiektu arduraduna, Aintzane Encinas, Realeko futbolari ohia, Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko gerentea eta Jon Ander Azpiroz, Aiako alkatearekin batera.

Ekitaldia Aiako Ubegun industrialdean hasi zen, eta parte-hartzaileek oinez egin zuten landaketa gunerainoko ibilbidea. Topagunean, giro familiarrean, tailerrak, puzgarriak eta pintxoak eskaini ziren.

 Basotik eta Real Sociedad Fundazioak elkarlan honi jarraipena emango diote, Gipuzkoan biodibertsitatea, espezie ezberdinen arteko oreka eta inguru natural osasuntsu baten aldeko urratsak ematen jarraitzeko.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!