REAL SOCIEDAD 1-2 ATLETICO DE MADRID

Eraginkortasun kontua

Realak porrota jaso du gaur goizean Zubietan, Atletico de Madriden aurka 1-2 galdu ostean, xehetasun txikiek eta kanpokoen eraginkortasunak erabakitako neurketa batean.

Partida hasiera frenetikoa izan da. Ajibadek madrildarrak aurreratu ditu neurketa hasi eta berehala, Marta Cardonaren erdiraketa baten ostean. Txuri-urdinen erantzuna azkar iritsi da eta, handik gutxira, Franssik erdiraketa bikaina egin du eskuinetik eta Amaiurrek, area barrutik, erremate akrobatiko batekin berdindu du lehia. Intentsitate eta berdintasun handia lehen zati honetan, baina gol aukera argirik gabe. Onena, Cintaren burukada bat, apur bat desbideratuta joan dena. Berdinketa justua.

Bigarren zatia ez da modurik onenean hasi. Lundkvistek ezkerretik egindako jokaldi bat pase oso arriskutsu batekin amaitu da, eta Ajibadek ez du alferrik galdu penalti puntutik egindako beste erremate batekin. Txuri-urdinek erantzuna eman nahi izan diote kolpe berri honi eta Amaiurrek, Lola Gallardoren irteera gainditu ondoren, ez du asmatu dena alde zuelarik. Realak gora egin du minutuek aurrera egin ahala, eta Amaiur, burukada eder batekin, neurketa berdintzear egon da. Kanpokoek partida azken txanpan erabakita utzi ahal izan dute, batez ere Irene Guerreroren falta zuzen batekin, zutoinean jo baitu. Baina, zoritxarrez donostiarrentzat, berdinketa ez da iritsi.

Realaren porrota lehiaketara itzuli ostean hiru aste geroago. Denboraldia ez da erraza izaten ari eta emaitzak ez dira iristen ari, beraz, lan egin behar da eta borrokan jarraitu azken txanpa honi ahalik eta ondoen aurre egiteko. Datorren astean Real Betisi egingo diote bisita. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:  

Real Sociedad: Lete, Le Guilly (Allegra, min. 69), Tejada (Etxezarreta, min. 86), Vanegas, Izarne, I. Arnaiz, Gemma, Amaiur, Andreia, N. Eizagirre (kap.) (Mirari, min. 69) eta Franssi (Jensen, min. 69).

Atlético de Madrid: L. Gallardo (kap.), Shei, Cinta R., Menayo, Moraza, Maitane, Irene G. (Van Dongen, min. 86), M. Cardona (Stašková, min. 79), Lundkvist (Bárbara, min. 79), Ajibade (Lucía Moral, min. 93) eta Ludmila (S. Majarín, min. 86).

Golak: 0-1: Ajibade, min. 6; 1-1: Amaiur, min. 9; 1-2: Ajibade, min. 47

Epailea: Suárez González. Txartel horia erakutsi die etxeko Jenseni eta kanpoko Shei eta Cinta R.-ri.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!