SANSE 0-1 ZAMORA CF

Estropezu

Vídeo

Sansek huts eta bat galdu du Zamoraren aurka gaur arratsaldean Zubietan. Txuri-urdinek, nahiz eta partida ona jokatu eta azken segundura arte borrokatu duten, ezin izan dute punturik lortu intentsitate handiko neurketa batean.

Partida hasiera oso parekatua izan da. Kanpokoek lehen aukera argia izan dute kanpora joan den Alvaro Romeroren erremate arriskutsu batekin. Handik gutxira, Aranak geldiketa on batekin erantzun dio Boloren burukadari. Donostiarrak hobetuz joan dira minutuek aurrera egin ahala eta Dani Diazek abagune oso argia izan du Marchalen pasearen ondoren, baina errematea gora joan zaio. Azken minutuetan, Goti area kanpotik saiatu da, baina bere jaurtiketa Ferminek gelditu du.

Atsedenalditik bueltan, Zamorako taldea hobeto zelairatu da eta Tresacok aukera argia izan du zutoinetik oso gertu kanpora joan den burukada batean, Sergio Nietoren erdiraketa baten ondoren. Bigarren zatiaren erdian, Carlos Ramosek partidako gol bakarra sartu du falta jaurtiketa ikusgarri batekin. Gipuzkoarrak erreakzionatzen saiatu dira eta norgehiagokaren amaierara arte nagusi izan dira. Txuri-urdinek berdinketa lortzeko hainbat iritsiera arriskutsu izan dituzte, batez ere Ramirezen eskuin hegaletik, baina kanpokoen defentsak gure filialaren edozein aukera ekidin du. Horrela, neurketa huts eta batekoarekin amaitu da.

Porrota Sanserentzat azken unera arte saiatu arren. Hala ere, donostiarrek Bigarren Mailara igotzeko playoff postuetan jarraitzen dute. Datorren astean Ourenseren aurka jokatuko dute etxetik kanpo bolada txar txiki hau iraultzeko helburuarekin.

Fitxa teknikoa:

Sanse: Arana, Rupérez, Beitia, P. Rodríguez (kap.), Balda, Carbonell (Lebarbier, min. 80), M. Rodríguez (Cabo, min. 82), Díaz (Ramírez, min. 63), Goti, Marchal (Ochieng, min. 63) eta Carrera (E. García, min. 80).

Zamora CF: Fermín, Rufo (Aleix, min. 82), Bolo, José Carlos, Sergio Nieto, Clavería, Carlos Ramos (kap.), Joel Priego (Campabadal, min. 69), Álvaro R. (Guille Macho, min. 69), Tresaco (Dani Hernández, min. 82) eta Pito Camacho (Roni, min.63).

Gola: 0-1: Carlos Ramos, min. 65.

Epailea: Irurtzun Artola. Txartel horia erakutsi die etxeko Carbonell, Díaz eta M. Rodríguezi eta kanpoko José Carlos, Dani Hernández, Sergio Nieto eta Bolori.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!