DEPORTIVO ABANCA 1-4 REAL SOCIEDAD

Final-laurdenetara!

Realak Kopako final-laurdenetarako txartela eskuratu du Dépor Abanca 1-4 menderatu baitu, urteko azken neurketan eta etenik gabeko euripean jokatutako partidan. Horrela, txuri-urdinek berriro ere irabazi diote Galiziako taldeari, aurreko jardunaldian Zubietan lortutako 3-0eko garaipenaren ondoren. Hasieratik nagusi izan dira donostiarrak, eta abantaila ongi kudeatuta, merezitako garaipena ziurtatu dute.

Lehen zatian, Reala izan da jokoaren jabe, baloia arintasunez mugituz eta partidaren erritmoa markatuz. Lehen gola Cecilíaren banakako jokaldi bikain baten ondoren iritsi da: kalitate handiz ihes egin, atzera pase zehatza eman, eta Intzak sareetara bidali du jaurtiketa gurutzatu batez. Handik gutxira, Emmak baloi bikaina filtratu dio berriro Cecilíari; aurrelariak aurrez aurre jokatu eta jaurtiketa arriskutsua egin du, Yohana atezaina esku hartzera behartuz. Coruñako taldeak apenas sortu du arriskurik Arrularen ate inguruan, Bárbara Latorreren saiakera batean izan ezik; txilina bidezko jaurtiketa izan da, baina atezain realistak arazorik gabe gelditu du.

Atsedenaldiaren ostean, Realak nagusi izaten jarraitu du eta aukerak sortzen segitu du. Edna oso gertu egon da gola sartzetik, atezainaren gainetik baloia pikatzen saiatu denean, baina jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik. Etengabeko ahaleginak saria izan du, eta Ednak, taldeko golegile nagusiak, abantaila handitu du buruz egindako erremate bikain batekin, Cecilíaren erdiraketa zehatz baten ondoren; beste behin ere, erabakigarria izan da. Hogei minutu falta zirenean, Paula Gutiérrezek aldeak murriztu ditu kanpotik egindako gol ikusgarri batekin, baloia eskairatik sartuta, galiziarrak berriro partidan sartuz. Etxeko taldearen presioa gorabehera, Gipuzkoako jokalariek lasaitasuna mantendu dute, eta neurketa behin betiko erabaki dute Ednaren bigarren golarekin; berriz ere buruz, Aiararen erdiraketa ikusgarri baten ostean. Azken minutuan, realistek azken ukitua eman diote partidari: Nereak jaurtitako korner batean, Lucíak area txikian asmatu du eta 1-4koa ezarri du.

Lan handiko garaipena eta final-laurdenetarako txartela, urtea ahalik eta modurik onenean agurtzeko. Txuri-urdinek hazten jarraitzen dute eta 2025a sentsazio oso onekin ixten dute. Orain atseden hartzeko eta indarrak berritzeko garaia da, urtarrilaren 10ean ligara itzuli aurretik; orduan, Atletico Madrilen zelaian ariko dira. 

Aupa Reala!


Fitxa teknikoa:

Deportivo Abanca: Yohana, S. Ortiz (L. Martínez, min. 69), Elena, Raquel G. (Rivas, min. 69), Novo, M. Artero, Olaya, Paula G. (kap.) (Eva Dios, min. 80), Latorre (Vera, min. 69), Ainhoa M. eta Millene (Espe, min. 80).

Real Sociedad: J. Arrula, Emma (Arola A.), Lucía (kap.), Florentino, Aiara, P. Fernández, Cahynová, E. Guridi (Andreia, min. 61), Lavogez (L. Pardo, min. 80), Cecilia (Moraza, min. 61), Intza (N. Eizagirre, min. 80) eta Edna.

Golak: 0-1: Intza, min. 9; 0-2: Edna, min. 57; 1-2: Paula G., min. 77; 1-3: Edna.

Epailea: Ylenia Sánchez. Ha amonestado a la visitante N. Eizagirre.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!