REAL SOCIEDAD 1-0 SPORTING CLUB DE HUELVA

Finalera!

Finalean gaude! Realak Superkopako finalerako txartela lortu du Sporting Club de Huelvari merezimendu osoz 1-0 irabazita Meridako Romano José Fouto zelaian.

Txuri-urdinek partidaren pisua eraman dute lehen zatian. Hori bai, ez da aukera askorik izan. Mirarik aurrenekoa izan du Chelsea baloira lehenxeago iritsi den buruz burukoan. Huelvarrek ez dute ia arriskurik sortu, kontraerasoren batekin, baina ezin hobeto zapuztu dituzte gipuzkoarrek. Gol aukera onena ordu erdia bete eta gutxira iritsi da, Bernaberen erremate gurutzatu baten bitartez, kanpora joan dena gutxigatik. Golik gabe atsedenaldian. 

Partidaren gidoia ez da aldatu, baina txuri-urdinek lehen zatian baino arrisku handiagoa sortu dute. Jensen, ukitu duen lehen baloian, gipuzkoarrak aurreratzeko zorian egon da, baina bere errematea kanpora joan da gutxigatik. Gabyk beste bi izan ditu, lehena urrutiko jaurtiketa batekin, Chelseak kornerrera urrundu duena, eta bigarrena jokaldi horretan, Edgrenek atepetik atera duen burukada bikain baten ostean. Laugarrenean, oraingoan bai, gola iritsi da: Jensenen erdiraketa eskuinetik eta Bernaberen ezkerkada gurutzatua txuri-urdinen lehen gola egiteko. Merezita. Donostiarrek nagusi izaten jarraitu dute eta Jensenek garaipena bideratzeko aukera paregabea izan du, baina Ballestlok atepetik atera du baloia. Txuri-urdinek partida erabakita uzteko aukera ugari izan dituzte azken minutuetan. Horien artean argiena Amaiurrek izan du baloia zutoinera bidali eta gero, baina markagailua ez da berriro mugitu.

Superkopako finalera Reala sailkatuko duen garaipena. Bai, bai, finalera! Igande honetan, 12:00etan, hitzordu handia agertoki berean. Aurkaria FC Barcelona edo Real Madrid izango da. Bihar jakingo dugu. Beste hitzordu bat dugu historiarekin. Aurrera Reala!

Fitxa teknikoa:

Real Sociedad: Lete, Le Guilly, Tejada, Vanegas, Bernabé, I. Arnaiz, Gemma, N. Eizagirre (kap.) (Amaiur, min. 82), Gaby G., Franssi eta Mirari (Jensen, min. 59). 

Sporting Club de Huelva: Chelsea, Kühn, L. Ballesté, Patri Ojeda (Ana Carol, min. 84), Carrasco R., S. Castelló (kap.), Edgren (Bárbara, min. 84), Balcerzak, Hagman (Hmírová, min. 72), Simonsson (María Ruiz, min. 72) eta Ágústsdóttir (ADT, min. 63). 

Gola: 1-0: Bernabé, min. 64

Epailea: Martínez Madrona. Txartelik gabe.

Erregistratutako erabiltzaileentzat bakarrik!

Eduki hau gure web orrialdean erregistratu diren erabiltzaileentzat da bakarrik.

Login aukeran klik eginez erregistratu zaitez eta eduki esklusiboaz disfrutatu ezazu!