Gure hirugarren taldeak bana berdindu du gaur arratsaldean Zubietan Real Zaragozaren filiala den Deportivo Aragonen aurka. Aragoiarrak hobeak izan dira lehen zatian, markagailuan aurrea hartzeko hainbat aukera izan baitituzte. Cuencak lehen biak izan ditu, jaurtiketa batekin sarearen kanpoaldetik joan dena eta handik gutxira Galindok aldaratu duen beste erremate batekin. Guibelaldek izan du onena txuri-urdinentzat zelai erditik jaurti eta langa gainetik joan den baloi batekin. Atsedenaldia baino lehen kanpokoen bi onenak iritsi dira, Mañasek eta Sansek bi baloi luzeren ostean bukatu ezin izan dituzten jokaldiak Galindoren lan onari esker.
Aragoiarrek estutzen jarraitu dute golaren bila eta Jayk, Vaquerok ezkerretik erdiratu ostean, kanpora bidali du baloia dena alde zuenean. Gure bigarren filialaren onena Gorosabelek penalti puntutik egindako erremate batekin iritsi da, Acinek azken momentuan urrundu duena. Eta, hurrengo jokaldian, oraingoan bai, iritsi da Deportivo Aragonen gola: Cuencaren erdiraketa ezker hegaletik eta Mañasen burukada markagailua irekitzeko. Donostiarrek, kolpea jaso duten arren, aurrerapausoa eman dute eta minutu gutxi batzuk geroago berdinketa lortu dute Ramirezek eskuinetik egindako erdiraketa baten ostean, Garrok baloia barrura bidaliz. Txuri-urdinek garaipenaren bila jarraitu dute, gutxiagotik gehiagora joanez, eta berriro ere Garro markagailuari buelta emateko zorian egon da, baina bere errematea oso gutxigatik joan da. Azkenean, puntu banaketa Zubietan, lehia parekatu eta lehiatu baten ondoren. Datorren asteburuan UD Mutilvera bisitatuko dute. Aupa Real!
Fitxa teknikoa:
Real C: Galindo, Merino, Díaz de Alda, Zubelzu, Olarra, Guibelalde (kap.) (Lete, min. 59), Otadui (Eceizabarrena, min. 59), Pontones (Ramirez, min. 59), Arruti (Martín, min. 73), Garro (Gastesi, min. 86) etaGorosabel.
Deportivo Aragon: Acín (kap.), Sebastián, Keita (Ergouai, min. 62), Operé, Borge, Vaquero, Vacas, Jay (Cortés, min. 62), Cuenca (Conte, min. 78), Sans (Aragües, min. 62) eta Mañas (Terrer, min. 78).
Golak: 0-1: Mañas, min. 59; 1-1: Garro, min. 63
Epailea: Lazaro Martinez. Txartel horia erakutsi die etxeko Guibelalde, Otadui eta Ramirezi eta kanpoko Mañas, Keita, Sans eta Vacasi.