Realak 2-1 galdu du Los Carmenesen Granada CF taldearen aurka denboraldiko estreinaldian. Txuri-urdinak ez dira inoiz eroso sentitu eta, gainera, Etxezarretak ikusitako txartel gorriak asko eragin du Granadatik punturik gabe joateko.
Partida ez da modurik onenean hasi. Andrea Gomezek baloia berreskuratu du area barruan, Letek gola eragotzi du baina aldaratzea etxeko aurrelariak baliatu du lehen gola sartzeko. Kolpe gogorra hasi bezain laster. Txuri-urdinak pixkanaka finkatu dira zelaian eta Amaiur, jaurtiketa indartsu batekin, partida berdintzeko zorian egon da. Bigarrenera, oraingoan bai, iritsi da berdinketa: donostiarren jokaldi oso ondo landua, eta Franssik, orpokada bikain batekin, baloia Amaiurri utzi dio jaurtiketa indartsu batekin gola egiteko. Etxekoek kontraerasoan saiatzen jarraitu dute eta Laurik proban jarri du Lete, baina honek arazorik gabe gelditu du jaurtiketa. Partida asko zaildu da Etxezarretak txartel gorria ikusi duenean ordu erdi bete eta gero. Naimak eta, batez ere, Andrea Gomezek zutoinera egindako erremate baten bidez, bi aukera arriskutsu izan dituzte etxekoak atsedenaldira iritsi aurretik berriro aurretik jartzeko.
Reala, hamar jokalarirekin jokatu arren, partidaren pisua eramaten saiatu da, arrisku handirik sortu gabe. Kontraeraso batean, etxekoek Ednaren abiadura eta potentzia aprobetxatu dute area barrura iritsi eta bigarren gola sartzeko. Txuri-urdinak nagusi izan dira azken ordu erdian, aurkaria bere zelaian sartuz eta areara etengabe iritsita, baina arriskurik sortu gabe. Granadarrek azken txanpan erabaki ahal izan dute partida kontraerasoan, baina ez dira fin ibili.
Porrota Ligako estreinakoan. Bi aste barru, nazioarteko etenaldiaren ostean, Zubietan Real Betis hartuko dugu. Aurrera Reala!
Fitxa teknikoa:
Granada CF: Sandra, Gaste, Postigo, Marta C., Esther (Lucía, min. 85), A. Mingueza (Alba P., min. 85), Alicia, Edna, A. Gómez (Ornella, min. 62), Naima eta Lauri (kap.).
Real Sociedad: Lete, Emma, Etxezarreta, Tejada, Izarne (Bernabé, min. 68), I. Arnaiz (Apari, min. 46), Andreia, Amaiur (Mirari, min. 68), Franssi, N. Eizagirre (kap.) (Lorena, min. 68) eta Jensen (Sarriegi, min. 68).
Golak: 1-0: A. Gómez, min. 8; 1-1: Amaiur, min. 26; 2-1: Edna, min. 58
Epailea: Calvo Valentin. Txartel horia erakutsi die etxeko Esther eta Gasteri. Kanpoko Etxezarretari txartel gorri zuzena erakutsi dio (min. 32).